ZER GERTATZEN DA PATZIKU PERURENAREKIN?

Euskal literaturako hautsak harrotu ditu Santi Leone eta Lucia Baskaran idazleek duela gutxi izan duten ika-mikak Hasier Etxeberria zenak duela zenbait urte Danele Sarriugarte idazleari egin elkarrizketa dela-eta. Eztabaidak atzetik ekarri soka luzearen erakusgarri, hainbat iritzi-emailek sare sozialak utzi dituzte bata bestearen atzetik, halako moldez non, Patxi Huarte Zaldieroak estu eta larri gaztigatu digunez, «Euskal TxioHerria arriskuan» omen dago.

Halabeharraren ezustekoak, polemika biziaren pilota mediatikoa malda behera abiatu zenean aurkeztu zuen Patziku Perurena idazleak Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925) liburua. Baina Leoneren eta Baskaranen idazkiek ez bezala, apenas izan duten oihartzunik Perurenaren liburuak eta hitzek euskal berripaper, aldizkari eta sare sozial asaldatuetan. Zergatik? Ez al du ibilbide luze eta oparoa egin Perurenak euskal letren bide-urraketan? Ez al dira Perurenaren luma zorrotza eta haren estilo bizi bihurria argudio nahikoa argitaratu berri dioten liburu mamitsu eta % 99 ikerketa finean oinarritua kultura orrietako albiste izateko? Eskua bihotzean jarrita, irakurle, uste duzu gauza bera gertatuko litzaiekeela beste euskal idazle batzuei?

Norbaitek argudia lezake Perurenaren liburuak Leitzako baserri kontuak dituela aipagai, eta horregatik ez duela izan liburuak batere oihartzunik euskal hedabideetan. Argudio horri jarraituz, espero izatekoa zen Leitzako Udalak hainbat urtetako ikerlanak ongi merezitako aurkezpen duina antolatuko zuela herrian, are gehiago idazlea Leitzako mikrohistorian adituenetakoa izanik, eta gainera Euskarabideak saritua. Baina horiei bost axola. Perurenaren hitzak belarri askorentzat zintzoegiak edo zorrotzegiak direlako akaso?

Gero gure mihi xuri hipokritak dantzatuko ditugu esanez euskal kulturak aniztasuna erakutsi behar duela, aurkako ideia eta iritzien joan-etorri askea bideratu eta bermatu. Leku ederrean! Hemen ikerlan finenak ere isilarazi egiten baitituzte, eta oraingoan nork eta adierazpen askatasunean txapeldun omen direnek.

Artikuluaren egilea: Eneko Aizpurua (idazlea)

Sinatzailea: Antton Luku (antzerkigile eta idazlea)