EUSKAL HERRIKO ETA MUNDUKO MUSIKA-TRESNEN MUSEOA DONIBANE LOHIZUNEN

Euskal Herri osoan badira txoko interesgarriak baina arras ezezagunak direnak. Horietako bat dugu Donibane Lohizunen, Dukontenea jauregian, Begiraleak elkartearen lokaletan dagoen musika-tresnen museo ttipia bezain aberatsa. Jadanik badira hamabost bat urte zabalik dela eta aipatu elkartekoek salbu, inor guttik ezagutzen du. Pello Coudroy dantzari, sukalde-maisu eta kultur eragilea dugu museo honen sortzaile eta kudeatzailea. Ikus dezagun:

1.- Pello Coudroyren nondik norakoak.-

Pello Coudroy Darruzpe 1939an sortu zen Baionan, baina ttiki-ttikitandik Donibane Lohizunen bizi izan da, gaur, Azkainen, aita-amen etxean bizi bada ere. Gazte-gaztetik Begiraleak elkartekoa izan da, dantzari on eta fina. 1971n, Filipe Oihanburuk zuzenduriko Ethorki taldearekin batera Afrikan eta Ameriketan barna ibili zen dantzari. Hura sekulako esperientzia izan zen Pello gaztearentzat, ongi baliatu zuena herriak eta kulturak ezagutzeko eta baita mintzairak ikasteko ere. Osora urtebete egin zuen Ameriketan.

Ameriketatik itzultzean, aitaren inmobiliarian hasi zen lanean, baina berehala pasatu zen Air France bidaia-agentziara, gero Baionako Voyages agentziara, eta azkenik Donibane Lohizuneko Luz Vacances izenekora. Bere lana bidaiariak toki batetik bestera eramatea izan zen, eta bidaia horietan era guztietako azalpenak ematea. Horretan eman zuen bizitza osoa, erretretan sartu zen arte. Horrela mundu osoa ezagutzeko aukera ezin hobea ukan du. Planeta osoko bazterrak korritu ditu: Amerikak, Afrika, Europa, Japonia, Txina, Nepal, India, Australia, Tunisia, Kenia, New York, Mexiko…., eta bidaia horietan guztietan musika-tresnak ezagutu eta erosi izan ditu, baita musikarekin zer ikusirik duten liburu eta material idatzi etnografiko garrantzitsuak ere. Horiek denak dira aipatu museoan ikusgai direnak.

2.- Musika-tresnen museo ttipia.-

Lehen erran bezala, museo ttipi eta interesgarri hau Begiraleak elkarteak Dukontenea jauregian duen lokaletan dago, zehazkiago, dorreko goiko aretoan, eta jadanik, badira hamabost bat urte zabalik dena.

Museoak hogeita bost bat metro karratu ditu eta biribil itxurakoa da. Paretetan ezarrita eta multzotan antolatuta hemezortzi xoko daude eta xoko horietan musika-tresnak erakusgai. Guzti-guztietan badira tresnei dagozkien azalpenak euskaraz eta frantsesez.

Lehen xokoa Euskal Herriko musika-tresnena da eta hortxe ikus daitezke guretzat horren ezagunak diren txistua, xirula, alboka, dultzaina, adarra, danborina, ttunttuna, kastainetak eta horrelakoak. Bigarren xokoan Txinatik ekarritako musika-tresnak daude, hirugarrenean Marokokoak, laugarrenean Tunisiakoak, bosgarrenean Kretakoak, seigarrenean Keniakoak, zazpigarrenean Zinbawekoak, zortzigarrenean Kamerungoak, bederatzigarrenean Ugandakoak, hamargarrenean Madagaskarkoak, hamaikagarrenean Zeilangoak, hamabigarrenean Hegoafrikakoak,

hamahirugarrenean Ekuadorrekoak, hamalaugarrenean Mexikokoak, hamabosgarrenean Argentinakoak, hamaseigarrenean Perukoak, hamazazpigarrenean Guatemalakoak eta hemezortzigarrenean Brasilgoak. Horietako ainitz arrunt exotikoak, bitxiak eta ezezagunak zaizkigu.

Horretaz gain, bada liburutegi bat ate ondoko xokoan, non musikarekin eta musika-tresnekin loturiko hiru mila liburu inguru ikus eta irakur daitezkeen.

Orain arte jende gutti da museo horren berri duena, eta pena da, arras aberatsa eta interesgarria baita. Biziki egokia da eskola eta ikastoletako haurrak edota euskaltegietan euskara ikasten edo trebatzen ari diren ikasleak eramateko. Kittorik, urririk da, eta ondo-ondoan dauka Dukonteneko parke miresgarria, museoko bisita egin ondoren, bertara joateko eta naturaz gozatzeko. Pello beti da prest azalpenak emateko, bai euskaraz eta bai frantsesez. Nahi izanez gero telefono hauetara dei dezakezu: Pello Coudroy: 0771234134 / Begiraleak: 0559511390. Ongitxo merezi du!