SAN FERMIN TXIKI JAIETARAKO KARTELA ERABAKITZEKO LEHIAKETA DEITU DUTE

  • Kartelak aurkezteko azken eguna abuztuaren 23a izango da
  • 15 urtetik gorako kategoriaren saria 350 euro metalikoan eta 50 euroko balea izango da. 15 urtetik beherako kategorian, 100€ko balea.

 

Iruñeko Alde Zaharreko jai batzordeak irailaren 27tik 29ra ospatuko diren San Fermin Txikiko jaiak iragartzeko kartel lehiaketa abian jarri du. Lehiaketak bi kategoria izango ditu: 15 urtetik gorakoentzat eta 15 urtetik beherakoentzat. Bietako edozeinean lanak aurkezteko epea abuztuaren 23a arte irekia egongo da.

 

Kartelak A3 tamainakoak izan beharko dira eta honako testua aurkeztu beharko dute: “Aldapako San Fermin – San Fermin de Aldapa / Iraila 27, 28, 29 Septiembre 2019 / Antolatzailea: Alde Zaharreko Jai Batzordea – Organiza: Comisión de Fiestas del Casco Viejo”. Lanak Auzoenean (Aldapa kalea 3-5 behea) 10:00etatik 13:00etara aurkeztu beharko dira paperezko zein digital formatuan eta plika sistemaz identifikaturik. Parte hartzaile bakoitzak nahi adina lan aurkezteko aukera izango du.

 

Bi kategorietako irabazleak bozkaketa herrikoi bidez erabakiko dira lehiaketaren oinarriak betetzen dituzten kartel guztien artean. 15 urtetik gorako parte hartzaileen kategoriarako saria 350€ metalikoan eta Santo Domingoko merkatuan erabiltzeko 50€ko balea izango da. 15 urtetik beherako kategorian, ordea, saria 100€ko balea izango da San Fermin Txiki jaietako egitarauan iragartzen den edozein komertzio(e)tan erabiltzeko.