Duela hogeita hamazazpi urte, hau da, 1982. urtean, Zuberoako Pagola herriak Junes Casenave-Harigilek idatziriko Pette Basabürü izeneko pastorala jokatu zuen. Hura izan zen apez santagraztarrak plazaratzen zuen bigarren pastorala, lehena 1978an Garindainen eta Auritzen jokatu baitzioten, Ibañeta entzutetsua. Garai hartan Etxahun-Iruriren pastoralak ziren nagusi, hau da, pastoral berriaren garaiak. Garai bateko pertsonaia erlijiosoak bazterturik, Etxahun-Iruri Euskal Herriko süjetak plazaratzen hasi zen: Etxahun-Barkoxe, Matalas, Bereterretxe, Antso Azkarra, Iruriko Kontea, Txikito Kanboko… eta aldaketa hori zuberotar belaunaldi berrien gustukoa izan zen. Junes Casenave izan zen Etxahun-Iruri ondoren azaldu zen lehen pastoral-egilea, eta berantago azaldu ziren Allande Agergarai, Jean-Mixel Bedaxagar, Jean-Louis Davant, Pier-Paul Berzaitz…, den-denak Etxahun-Irurik zabaldutako pastoral berriaren ildotik etorri zirenak.
Hogeita hamasei urte hauetan pastoral berriak arrakasta itzela izan du Zuberoan eta Euskal Herri osoan, eta azken urteetan bost pastoral jokatu dituzte Lapurdin eta Nafarroa Garaian: Gerezien denbora 2014an Baionan, Joxemiel Bidador 2015ean Iruñean, Katalina Erauso 2016an Baionan, Karmen Etxalarkoa 2017an Etxalarren eta Andere Serora 2018an Hiriburun. Zuberoatik kanpo, beste euskal lurraldeetan pastorala egitea gertakari berria da eta eztabaida handiak piztu dituena eta nik neuk ere oso garbi ikusten ez dudana.
Pagola herrian bazen asmoa beste pastorala egiteko, eta horregatik 2014an Oxkaxe Zola kultur taldea antolatu zuten giroa piztu nahian. Orduz geroztik, eta herritarren arteko harremana indartu nahian, kantaldiak, mus txapelketak eta beste herriek jokatu pastoralen emanaldiak herrian egin dituzte. 2017an maskarada egin zuten eta azkenik, aurten, Domingo Garat pastorala, Frantxoa Caset pagolarrak idatzirikoa. Lehen emanaldia uztailaren 28an egin zuten, harmailak jendez gainezka egon ziren eta antxerak Ezpeize-Ündüreinek eta haren hiru herri auzok irabazi zituzten 2.100 euro eskainita. Bigarren emanaldia agorrilaren 4an egin zuten eta ni emanaldi horretara hurbildu nintzen. Maulek antxerak irabazi zituen 750 euro ordainduta.
1.- Domingo Garat eta Iraultzaren haize txarrak. –
Frantxoa Casetek hautatu süjeta lapurtarra zen, XVIII. mendeko semea, eta Frantziako Iraultzak Iparraldera ekarritako galera, hilketak eta triskantzak ezagutu zituena. Iraultzaileek estatu modernoa egin nahi izan zuten, zentralizatua eta uniformea, zaku berean frantsesak, euskaldunak eta gainerako herriak sartuz, eta inolako errespeturik gabe, egitura politiko zaharrak deuseztatu eta berriak zituzten inposatu. 1789ko agorrilaren 4an, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako biltzar eta parlamentuak bertan behera utzi zituzten eta 1790ean sortu zuten Behe Pirinioetako departamenduan hiru euskal lurraldeak Biarnorekin batera sartu zituzten. Domingo eta Joseph anaia abokatu gazteak Versaillesen izan ziren, Lapurdiko hirugarren estatua ordezkatuz. Uztariztarrak, beste euskal ordezkariekin batera, hiru lurraldeen egitura politikoak defenditu zituzten, baina alferrik, frantsesak euskaldunen borondatearen gainetik pasatu baitziren, eta egitura berriak bortxaz zituzten ezarri.
Domingo Garat Joseph Garat
1793an Espainiarekin gerla egin zuten eta horrek kalte handiak ekarri zizkion Euskal Herriari, Iparraldean zein Hegoaldean. Frantsesen artean Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen arteko kolaborazioaren zurrumurruak zabaldu ziren eta euskaldunak zigortu nahian, Lapurdin, muga aldeko herritarren deportazioa agindu zuten. 1794an, Sara, Itsasu, Azkaine, Ezpeleta, Zuraide, Biriatu, Luhuso, Larresoro, Kanbo, Makea, Lekorne eta Ainhoako herritarrak atxilotu eta Landetara eraman zituzten oinez eta bortxaz. 4000 pertsona inguru deportatu zituzten eta horietako 1000 inguru hil ziren deportazio horren ondorioz. Etxeak hustu, arpilatu eta erre egin zituzten eta ondasunak eta ganaduak ebatsi. Egoera horren lekuko izan ziren Garat anaiak, eta horren kontra kartsuki altxatu eta ahalegindu baziren ere, frantsesek isilarazi zituzten.
Hauxe da pastoral honetako gaia, Iparraldeko euskaldunek ezagutu duten tragediarik handiena, eta pagolarrek oroitzapenetatik atera eta gure gogora berriz ekarri dutena. Azken finean, gure historia ez da oraindino bukatu, eta haizeak askatasun aro berria ufatuko digulakoan nago. Horixe da pagolarrek pastoral osoan zehar, behin eta berriz, iradoki digutena.
2.- Oroitzapen beltzak eta itxaropen berriak.-
Frantxoa Caseten pastoralak hogeita lau jelkaldi, hamabost kantore eta hiruzpalau güdüka ditu. Errejenta Jean-Fabien Lexardoi mitikoa izan da, Jakes eta Pette Jaragoihen aita-semeak dantza-irakasle eta Sophie Larrandabürü kantoreen moldatzaile eta irakaslea.
Lehen perediküan Jean-Claude Bartabüruk eta André Casetek trajeriaren aurkezpena egin ziguten. Ikus dezagun: 1.- bertseta: Jentetze agurgarria, arrastiri hon oroer / manex ta xüberotarrer, gazte eta zaharrer // 9. bertseta: Egün gaitzak sortü ziren, Lapurdiko jenteentako / Landesetarat haizatürik, milako bat da zentüko.
Lehen jelkaldietan Domingo Garaten bizitza, familia kontuak eta Bordelen egin zituen ikasketak azaldu zizkiguten, baita bere ezteiak ere. Zazpigarren jelkaldian Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ordezkariak Parisen egiten ari ziren asanbladetara joan zireneko kontuak ikus-entzun ahal izan genituen. 56. bertsetan Olhontze baxenafar ordezkariaren mezua: Oihüstatzen deizüt klarki, girela gü nafartarrak / hari osoko lotüa, dela Baxe Nafarroa. 57. bertsetan Caupenne ordezkari lapurtarrak honela azaldu zigun: Lapurdik aspaldidanik badü bere izatea / ez da zuri behatüko, zaiolarik ükatüa. Eta 59. bertsetan Darraiñ ordezkari zuberotarraren ahotik honela entzun genuen: Xüberoko probintzia, oso düzü berezia / Pariseko berrietaz, güti da axolatüa. Zetorren ekaitzaren seinale.
Sarreran aipatu bezala, 1789ko agorrilaren 4an, frantsesek Lapurdiko Biltzarra, Nafarroa Behereko Parlamentua eta Zuberoako foruak bertan behera utzi zituzten dekretuz. Eta horretaz, laugarren kantorean, honakoa entzun genuen. Agorrilaren laueko gaüa izena du. 1.- Agorrilaren laueko gaüa / Eüskal Herriaren trajedia / ordüan dütü gure herriak / galdü hor sekülakoz züzenak. // 2.- Frantziako iraultza ertzoak / nahiz aldatü lege güziak / ürtüki dütü Eüskal Biltzarrak / ükatüz oso haien üsantxak. // 3.- Adio gure askatarzüna / hori frantses ordezkarien lana / mente ta mentez irabazia / aldi bakotx zankopilatüa. // 4.- Ez gira hortan eküratüko / borroka dügü arrahartüko / geroarentzat egin bidea / gure haurrentzat Eüskal Herria.
13. jelkaldian hiru euskal lurraldeak biarnesekin batera departamentu batean sartu zituztenekoa aipatu ziguten. 102. bertseta: Frantziari üdüri zaio gü ere barne girela / bena gü gira eüskaldün, azkarki entzün dezala / ürtez ürte, mentez mente, oihüstatüko dügüla. Pittaka-pittaka pastoralaren giroa berotzen joan zen eta 16. jelkaldian eta Domingo Garaten ahotik honela entzun genuen: 120. bertseta: Frantses izan beno lehen, sortzez nündüan eüskaldün / ez egürük eneganik, izan nadin züen lagün. Jelkaldiaren bukaeran frantses soldaduek Domingo Garat presondegira eraman zuten.
17. jelkaldian artzainak oholtzara igo ziren eta ohiko kantua eskaini ziguten. Kantuaren errepikan honela zioten: Egün batez jinen da heben ere bakea / eüskaldünen artean, algarretaratzea / Ordüan müga hori oso idekia / gure aurrentzat date, bat Eüskal Herria. Eta hamargarren kantuaren lehen koblan honako mezua entzun genuen: Hola da ürrüntzen eüskaldüen ametsa / Frantzia eta Espainia urdin gerla gorrian / ados jarten dira gure sartzeko zaküan / noiz dateke arren, libre gure Herria? Eta hirugarren koblan esperantzari leihoa zabaldu zioten: Bihar bat eginez Iparra eta Hegoa / haütatüz nagusi bat, bien bürüzagia / algarri estekiz, denek gure ahala / horiek erakustez, zazpiak bat girela.
20 jelkaldian lapurtarrak Landetara deportatu zituztenekoa gogor eta gordin kontatu ziguten eta jelkaldiaren bukeran kantatu zuten hamargarren abestian honako kobla triste eta gogoangarriak entzun ahal izan genituen harmailak betetzen genituenok: 1.- Eüskaldüna zoritxarrez herritik kanpo igorria / lau milaz goiti herritar: haur, zahar, gizon, emazte / saratar, itsasuar, herriko alaba, seme / zer gaizkiz züen ogendant? Eüskaldüna izatea // 2.- Landesetako bidea, hoinez lohian itoak / flaküak ziren erotzen, egürükitzez herioa / besteak aitzina ebilten, süstengiz bata bestea / mila herritarrek züten han galdü beren bizia. // 3.- Popülü herri gabea, palestindarrak üdüri / bi aldetarik lehertüa, orotarik aizatüa / kürdoen gisa girade, beti besteek manatüa / üsü besten gomendüan, ezeztatüz gure lürra. Ba al da deskripzio hoberik orduko gertakizun latzak kontatzeko?
23. jelkaldian iraultzaileek Donibane Lohizunen egin zuten juntaren berri ekarri ziguten gogora. Traidore haiek agindu zuten deportazioa eta baita beste hilketa anitz er. Jelkaldi honetan Domingo Garatek eta bere lagunek haien buru zen Mundutegi eta lau gizontto gehiago preso hartu eta fusilatu zituztenekoa aipatu ziguten. Antzezpen gogorra izan zen. Jelkaldi horren amaieran Sarako iheslarien kantüa izenekoa abestu zuten eta laugarren koblan honela ziguten barreiatu. 4.- Guri ez otoi galdegin non diren anaiak / mügaz bestaldealat joanik aurrideak / egün batez beigirade algarretaratüak / eginen beitügü bat, zazpi probintziak.
Azken jelkaldian, hau da, hogeita laugarrenean, Domingo Garaten heriotzaren tenorea iritsi zen eta 174. bertsetan honela agurtu zen: Orain züen gain üzten düt ene Lapurdi maitea / bereziki Üztaritze, goratüz Eüskal Herria. Eta horren segidan egin zuten azken perediküan agurtzeaz gain, aberriaren askatasun eta batasunerako azken deia egin zuten: 180. bertseta: Herri huntan ez ote da jelkiko aitzindari bat / harek düalarik axola gure züzenen zaintzea. // 181.bertseta: Ipar eta Hego aldeek düe ber bürü haustea / indarkeriaz beitira etxekirik zapatüak. Eta azkenik agurtzeko, 183. bertseta: Pastorala bizi bedi Xübero osoan gainti / hori beno ederragorik ez beita ihon ageri.
3.- Laburbilduz eta aldarrikatuz.-
Hasteko erran behar dut pastoral zale handia naizela, eta pastorala maite dudala. Beraz, nekez erran dezaket zernahi pastoralaren kontra. Urtero joaten naiz pastoraletara eta urtero gozatzen dut halako ikusgarri ederraz. Pastoral idazleak miresten ditut, baita errejentak, arizaleak, jostunak, dantzariak, kantariak eta pastorala urtero eskaintzen diguten herritar xumeak ere. Halako ikusgarririk ez dago beste inon, Frantxoa Casetek aurtengo pastoralaren azken bertsetan gogora ekarri digun bezala. Ene aburuz, pastorala da euskaldunon antzerki nazionala.
Pastoral guztietan badira berrikuntzak, mezu hunkigarriak, gaurko errealitateari keinu egiten dioten pasarteak… eta aurtengoan ere bai. Batzuek pastoral abertzalea izan dela aipatu dute eta ez zaie, nire ustez, arrazoirik falta izan, abertzaletasuna baita herri batek bere burua maitatzea eta defenditzea, eta horixe izan da pastoral osoan XVIII. mendetik hasita frantsesek egin dizkiguten erasoen aitzinean, aldarrikatu izan dena: bil gaitezen zazpi probintziak, hauta ditzagun gure buruzagiak, bizi gaitezen lasai ederrean arrotzen menpetik libre! Eta nik, abertzale naizen aldetik, bat egiten dut gogoz eta bihotzez mezu horrekin. Geroak ikus beza Euskal Herri askatu eta batua! Biba Zuberoa eta biba pastorala!
You must be logged in to post a comment.