Bidasoa ibaiaren ertzetan, Lapurdi eta Gipuzkoa bereizten diren bazterretan eta Nafarroa Garaitik ez sobera urrun den bailaran, denetariko gertakizunak, denetariko istorio eta pasadizoak izan dira, ibaiaren alde batean zein bestean. Pausu lekua izan da beti, onerako eta txarrerako, merkataritzarako eta gerlarako. Euskal Herrian muga gaizto hori ezarri ziguten frantses eta espainiarrek ere, ainitzetan baliatu zuten alde batetik bestera indarrez igarotzeko eta sekulako triskantzak eta erailketak egiteko.
Hortxe dago Intzura irla, gaur faisaiena ere deitua, non frantsesek eta espainiarrek, bertan bilduta eta euskaldunon kalterako, haien arteko estatu muga madarikatua hitzartu eta ezarri zuten. Behobia edo Pausu izenez ezagututako lekuaz hizketan ari natzaizue, jakina!
Behobia izenaren erranahiaz badira hainbat teoria. Batzuen ustez, behor ibia omen da, hau da, behorren pausu bidea; besteen ustez, berriz, beheko ibia litzateke toponimo horren jatorria, eta goiko ibia, aldiz, Hondarribia, hau da, hondarrezko ibia edo pasabidea.
Bidasoa ibaiaren gaineko zubia
Behobia Bidasoa ibaiaren bi aldetan zabaltzen zen, eta bi ertzetan edota inguruetan eraiki zituzten lehen etxe, txabola eta baserriak. Zurezko zubi zaharra egin zutelarik, hainbat etxe pilatu ziren bi aldeetako zubi buruetan edo bazterretan. Denbora iragan ahala, ibi hitzaren erranahia eguneroko euskaratik desagertu zelarik, herritarrek Pausu toponimo berriagoaz ordezkatu zuten. Gaur egun bi-biak erabiltzen badira ere, Lapurdin Pausu da euskaraz erabiltzen dena eta Behobia Gipuzkoan.
Lapurdiko aldean, Urruñako auzo den Pausu delakoan, bada ostatu zahar eta ospetsu bat, gaurko zubi berritik gertu eta pilota-plazaren ondo-ondoan dena. Xaia du izena eta euskal kulturaren arloan aski ezaguna dugu abantzu asteburu guztietan egiten dituzten kontzertu, bertso saio, kantu afari, pilota partidak, mus lehiaketak, liburu eta disko aurkezpenak eta gainerako jarduera aberats eta oparoengatik. Beñat Elizondo dugu bertako arduraduna, esku-soinuari atxikirik beti den urruñar alai eta prestua. Gizon honen gibelean bada talde eragile bat, Bakalau elkartea, beti antolakuntza kontuetan laguntzeko prest dena.
Xaia, lehen erran dudan bezala, zahar-zaharra dugu eta baliteke Pausuko bi edo hiru etxe zaharrenetakoa izatea. Jakin badakigu 1872. urtean Legarralde jaunarena zela eta hor berean kontserba biltoki bat zabaldu zuela. Ondotik, Lapeyre suhiak segida hartu zion. Geroxeago, zaldi-posta gisa erabilia izan zen eta bertan mezulariak eta zaldiak aterpetzen zituzten.
XX. mendearen lehen hamarkadetan Maddi eta Pantxoa Hiribarren anai-arrebak hortxe ari izan ziren lanean, antxoa eta sardina biltzen, saltzen eta partitzen. Kontserba kaxa handiak nonahi pilatzen ziren Xaiako horma guztiak estaliz. Hortik datorkio, zalantzarik gabe, Xaiari bere izena, biltokia alegia. Pantxoak lehen Gerla Handian zango bat galdu zuen eta ordutik maingu ibili zen.
Geroxeago, 1920an, Hiribarren anai-arrebek Xaiako izkina batean ostatu ttiki bat zabaldu zuten. Bertan sei barrika handi zeuzkaten eta Aljeriatik ekarri arnoa saltzen zuten. Horretarako kamioneta batzuk zerabilzkiten. Horrela kontserba biltoki eta saltoki izatetik ardangela edo arno-soto izatera pasatu zen.
1968an Pablo Ugalde gazte oiartzuarra Xaian hasi zen lanean, lehen urtetan mutil, eta 1980an Pantxoa erretretan sartu zelarik, ostatua erosi eta orduz geroztik nagusi ari izan zen. Urte horretatik aitzina Pablo Ugalde eta Kontxita Oiartzabal senar-emazteek ostatua kudeatu zuten, eta luzaz gainera.
Garai hartan Xaia zurezko zubi zaharraren aitzinean zen, hortik pasatzen zen bidean. Behobiako bi aldeetako gizonak izaten ziren bezero ohikoenak, baita ondo-ondoan zegoen jendarmeriako goardiak ere. Ugaldetarrek denetarik ikusi zuten ostatuan, bertan biltzen baitziren kontrabandistak eta goardiak, eta bertan, ainitzetan mus partida baten inguruan, tratuak egiten baitzituzten. Tokan ere aritzen ziren maiz eta fitxak oraindik Xaian atxikitzen dituzte. Beranduago hasi ziren lehen turistak agertzen eta baita Hegoaldeko iheslari eta errefuxiatuak ere. Ugaldetarrek denetarik ikusteko aukera izan zuten, penak eta pozak, gertaera arruntak eta baita tragediak ere.
Auzoan baziren ostatu gehiago, gaur Muga ostatua den tokian Bar de la Frontière izenekoa zegoen, Lulu Erzibengoak eta Battitt senarrak zuzentzen zutena.
Xaiaren ondo-ondoan bada erreka bat, gaur zimenduz estalita dena. Margeriako erreka izena du eta Latsaga baserriko lurretan den iturrian du sorburu. Handik eta Iturbideko karrikatik barna Pausura jaisten da. Itsasgora handiak zirenean, errekak gainezka egiten zuen eta uholdeak izaten ziren. Xaiako barrikak ere hor ibiltzen ziren uretan flotatzen. 2002ko abuztuaren 25ean, eurite handiak izan ziren, ondorioz errekak gainezka egin zuen eta urak ostatura sartu ziren metro bateko goiera hartuz. Beharrik Bidasoa ibaia itsasbeheran zegoen. Gaur egun ere, tarteka ura Xaia barrura sartzen da.
Tximinia
Pausuko lurretan baziren baserriak, baratzeak, lintzurak, ihitokiak eta baita garbileku eder bat ere. Gabarrak ibaian ibiltzen ziren hondarra ateratzen. Pausu aldean Haltzuet biriatuarraren gabarra ibiltzen zen hasieran, eta ondotik biriatuarra ere bazen Pierrot Zubialderena. Hondarribia aldean ibiltzen zen gabarra handiagoa zen, barku itxura zuen eta Amuteko Sagartzazu familiak kudeatzen zuen.
Pablo, Kontxita eta haien familia Biriatun bizi ziren eta ostatua lantokitzat zuten. Beheko aldea ostatua zen eta goiko estaia ganbara edo biltoki gisa zerabilten. Goiko estaiara igotzeko ez zegoen eskailerarik eta horretarako esku zurubi bat zeukaten. Goiko estaiara gauzak igotzeko edo bertatik jaisteko txirrikak zerabilzkiten, gaur mostradore ondoko bazter batean oraindik ikus daitezkeenak.
Ostatuko habeak haritzezkoak ziren eta erdi aldean, bost edo sei mahairen artean, brasero bat zeukaten. Hortxe edota berantago egin zuten tximiniaren inguruan esertzen ziren bezeroak goxotasun bila. Beheko sua edo tximinia aski ederra da eta harrizko Zazpiak bat handi batez apainduta dago. Lapurdira pasatzen zen aldiro, hortxe egoten zen Mikel Laboa txopera edo txikito bat edaten; horrela du gogoan Pablo Ugalde nagusi zaharrak, bederen. Donibane Lohizunekoa zen Bittor Pepeder boxeolaria ere tarteka Xaiara sartzen zen, emaztea Pausukoa baitzuen.
Garai zaharretan zaldi-posta izandako Margeria baserrian Ganix Larretx izeneko bordaria bizi zen, idi-gurdiarekin astean behin etxetako zikinak biltzen etxez etxe ibiltzen zena. Batzuetan idi-gurdia bakarrik itzultzen zen baserrira, Ganix Xaian eztarria bustitzen ari zen bitartean.
Beñat Elizondo, Xaiako arduraduna, esku-soinua jotzen.
2000. urtean Pablo Ugalde erretretan sartu zen eta ostatua utzi zuen. Urte haietan, Iparraldean, abertzaleek hainbat herritan ostatuak berengain hartu zituzten euskal giroa eta kultura indartu nahian. Adibidez, Hazparneko Xuriatea, Mauleko Zinka, Donapaleuko Elorri, Donibane Lohizuneko Txantxangorri… eta abar. Herriko taberna gisa erabiltzen ziren. Xaia berriz zabaltzeko 120 lagunek dirua jarri zuten. Beranduago, Bakalau elkarteak hartu zuen Xaia ostatuaren antolakuntza eta ordutik hor da euskal kulturaren erreferentzia gisa. Betiro bada zerbait ostatuan, kantua, dantza, musa, bertsoa… Horrela izan da Bakalau elkarteak bereganatu zuenez geroztik eta horrela jarraitzen du egun.
2020an, hau da, heldu den urtean, Xaia ostatuak ehun urte beteko ditu, eta horren karira, jadanik Bakalau elkartea urte osoko kultur jardunaldi berezia prestatzen ari da. Beraz, Bidasoaren bi aldeetako euskaldunok aukera ezin hobea ukanen dugu Xaiako goxotasunean euskal giroaz blaitzeko eta gozatzeko.
Eta zu, irakurle, ez bazara nehoiz Xaian izan eta bere giroaz gozatu, orain ukanen duzu parada bertara sartzeko, txopera bat edateko eta Beñat Elizondoren esku-soinuak animaturiko euskal abesti eder bat kantatzeko. Zatoz! Ez zara damutuko!
You must be logged in to post a comment.