“Kaleak gureak dira” eta “San Fermin Txiki koloretsua” kartelak hautatu dituzten Aldapako San Fermin iragartzeko
• Herri bozkaketaren bitartez, auzokideek erabaki dituzte irabazleak
• 15 urtetik gorakoen mailan 12 kartel lehiatu dira, eta beste 12 izan dira adin hortatik beherakoen mailan.
Irailaren 27tik 29ra ospatuko dira aurtengo San Fermin Txikiko festak, eta horiek iragartzeko, bi kartel izan dira lehiaketan aukeratuak: “Kaleak gurea da” izenekoa 15 urtetik gorakoentzako mailan izan da hautatua, eta “San Fermin Txiki koloretsua” izenburua daramana, 15 urtetik beherakoenean. Lehenbizikoa Alde Zaharreko hainbat bizilagunen arteko sorkuntza kolektiboa da, eta bigarrena Ekhiotz Arbek egina da.
Oinarriak betetzen zituzten 24 kartel aurkeztu dira lehiaketara, 12 maila bakoitzean. Horiek denak San Domingoko Azokan ikusgai egon ziren astebetez, jendeak bere gogokoena bozkatu zezan. Azkenerako, 239 boto jaso ziren, 134 nagusien mailan, eta 105 gaztetxoenean.
“Kaleak gureak dira” kartela, 15 urtetik gorakoen mailan sariduna, Nabarreria kalean ukabila altxatuta eta suziriak jaurtitzeko tresna eskutan duten bi neskatilen irudia dakar. Mikel Romeoren argazki bat du oinarri, eta auzoko hainbat bizilagunek hartu dute parte sorkuntzan, Paula Albeniz autoreetako batek azaldu duenez: “Jende askoren ideia izan zen, bai argazkiaren unean parte hartu genuen hainbatena, eta baita kartela nola izan zitekeen pentsatzen egon ginen beste askorena”. Izar eta Aroa bikiak erakusten ditu kartelak protagonista gisara, eta ez da kasualitatea: “Intentzio osoz erabaki genuen bi neska izatea kartelean agertzen zirenak, eta gainera bi txiki, ahalduntzearen ideia transmititzeko, eta kaleak gurea direla aldarrikatzeko”.
15 urtetik beherakoen mailan, Ekhiotz Arberen “San Fermin Txiki koloretsua” kartela izan da saritua. 13 urte ditu Ekhiotzek, eta laugarren aldiz hartu du parte lehiaketan. Bere proposamenean, “San Fermin Txikik kolore asko” dituela nabarmendu nahi izan du, tipografriak eta letren itxura duten marrazkiak uztartuz: “Erraldoiek ‘A’ forma dute, Nabarreriako iturriak ‘I’ forma, txupinazoak ‘S’-arena… Aitortu duenez, kotxean amarekin eta izebarekin berriketan ari zen bitartean izan zuen ideia, eta kartelak aurkezteko epemugaren aurreko gauan egin zuen kartela. “Amak esan zidan San Fermin Txikitik gustatzen zaizkidan gauzak jartzeko, eta letrak ere bai”. Eta hala hasi zen martxan: “Lehenbizik marrazkiak egin nituen, gero letrak, gero margotu nuen, eta azkenik, koloreetako puntuak jarri nituen”. Orain, 100 euroko bonoa jasoko du sari gisara, jaietako egitarauan iragartzen diren saltokietako batean erabiltzekoa.
Azken prestaketak
15 egun eskas falta dira San Fermin Txikiko festak hasteko, eta Alde Zaharreko Jai Batzordeak ez du oraindik festak normaltasunez ospatzeko beharrezkoak diren baimenen baieztapen formalik jaso udalaren partetik. Edonola, orain arte udal arduradunekin izandako elkarrizketetan jasotakoaren arabera, litekeena da festek aurreko urteetako baimen berdinak izatea. Modu horretan, Auzogunea beste behin ere San Domingoko baratzeen eremuan kokatzea aurreikusten da. Modu horretan, Alde Zaharrean bizilagunak bizi diren kaleak arintzea bilatuko da, auzokideentzako ahalik eta traba gutxien eraginez jende asko pilatzen den asteburu horretan.
San Fermin Txikiko festak Alde Zaharreko auzokideek antolatzen dituzte, modu parte hartzailean, horretarako asanblea irekiak eginez, asteartero 19:30etan Auzoenean.