Biderik luzeena hartuta, Ermua eta Eibar artean dagoen Miejsce Odrzańskie herrixka poloniarrean, azken hamarkadan, hamabitik hamabitan, jaiotakoak neskak izan dira. Mutilik ez. Kazetarien hitzetan: misterioa [1].
Zein da probabilitatea halakorik gertatzeko? Neska/mutila jaiotzeko probabilitatea 0.5 bada [2], errenkadan 12 neska (edo mutil) izateko… (0.5)12 = 0.00024-ko probabilitatea. Ene, ene, bai txikia, zer gertatzen da Miejsce-Odrzańskie-n? Ura ote? Airea ote? Genetika? Filatelia? Ataraxia? Hemodinamika? Solipsismoa?
Jarri gaitezen buruz behera: 1/0.00024~4096. Hortaz… aukera bat lau mila eta larogeita hamaseiren artean! Bo, alderantziz ikusita, Miejsce-Odrzańskie-n gertatzen dena ez dirudi horren aldrebesa… Euromilioa ere norbaiti tokatzen zaio lantzean behin eta aukerak P=1/139838160 dira… [3]
Honek ez du han gertatzen dena zoriaren kontua dela frogatzen, baina zertarako bilatu misterioak erantzun errazak dauden lekuan? Bazioen Sherlock Holmesek [4]: “When you have eliminated the impossible, whatever remains, however improbable, must be the truth”. Baina badirudi kazeten gehiago saltzeko, aldatu zutela esaldia estilo liburuan: “When you have eliminated the improbable, whatever remains, however impossible, must be the truth”. Horra misterio anitzen esplikapena.
[2] P=0.5 gauzak errazteko. Ikus halere: https://www.pewresearch.org/fact-tank/2013/09/24/the-odds-that-you-will-give-birth-to-a-boy-or-girl-depend-on-where-in-the-world-you-live/ . Nahiz eta probabilitatea apur bat aldatu, lortuko genukeen emaitza oso hurbil legoke
[3] Ikus: https://en.wikipedia.org/wiki/EuroMillions . Ziur nago zenbait ospitale handitako jaiotzak aztertuta, badaudela kasuak sexu bereko 12 ume jaio direla jarraian. Tamalez, ez dut daturik aurkitu…
[4] A. Conan-Doyle-ren “The Sign of the Four’’ eleberrian, 6. kapituloan.