Nire gelako liburu guztiek leku berean jarraitzen dute, armairuan txukun kokatuta, alfabetikoki ordenatuta, baino jada ez dut txukuntasun horretan behar dudan lasaitasuna aurkitzen. Anaiak berdin jarraitzen du, bere jokoetan murgilduta, arratsaldero lagun berdinei bisita eginez, baina poliki-poliki ileetatik tira egiten zidan mutikoa izateari utzi dio. Gurasoek liskarka jarraitzen dute gauez eta muxuka goizez, baina ez dute ulertu nahi gu hazten goazela eta jada ez dutela guztiz ezagutzen bere gelan ezkutatzen den neska.
Lagunekin atera naiz arratsaldean, betiko tabernara, betiko mahaian eserita. Eta betiko kontuak. Herri txiki honetan ez du ezerk aurrera egiten, batzuetan, beraiek ere ez. Barre algarak faltsuak dirudite ia ezagun baten istorioak kontatzen dituzten bitartean, beraien istorioek funtsik ez balute bezala. Egunero trenean bi ordu, etxetik atera eta etxera sartu. Trenak helmuga bera beti, bizitza trenaren erritmora doa herri txiki honetan. Kanpotik ekarri beharko ote ditut kontuak?
Amonarekin buelta bat ematera atera naiz: hanketako mina jartzen zaio maiz, baina poliki-poliki hobetzen doa eta ez da egunik pasatzen ohiko ibilalditxoa ematen ez duenik. Gaur bi ezagun bakarrik aurkitu ditugu: hirugarrena non galdu ote da? Orain dela hilabete oraindik ondo zebilen, baina… Adin horrekin… Herri txiki honetan ez da ezer aldatzen, baina geroz eta ezagun gutxiago aurkitzen dituzu txikitan aiton-amonekin jolasten zenuen bidean. Irribarre atseginak galtzen doaz ni ere aurkitzen ez naizen herri txikian.
Hiri handi batetik herri txikira eta herri txikitik hiri handira. Bidean bakarrik aurkitzen naizela iruditzen zait, autobuseko isiltasunean, musika lagun bakarra dudala… Orduan aurkitzen gara nire gogoetak eta ni. Hiri handian galduta, kotxeen soinuak eta jendearen joan etorriak ez dit uzten nor naizen ere entzuten. Herri txikian iraganeko ni-a bakarrik oroitzen duen jendeak nor naizen ahaztarazten dit.
Bidean galduko naiz berriro, ea luzeegi pasatzen diren orduek benetan nor naizen oroitarazten didaten.