Hasi naiz dena jasotzen, maleta trastez betetzen, galduta nago orain eta ez dakit etxera bueltatzen. Summer, uoo, itzuli neri. Uda amaitzear da, eta ni nostalgiko. Kitarra laztantzen dut, ea barruan kanturik baduen, hor nonbait ezkutuan.
Halako batean, zeure irudia etorri zait gogora. Zenbat bider esango ote nizun “izan gaitezen bihurri, izan gaitezen pirata, partxe bat begian jarriz egunsentiari kanta”. Biok daramagu bihotzean mundu berri baten mapa. Biontzat ilusio bat da errealitatea. Eta biok galdetzen diogu geure buruari: gudu zelai bihurtzen denean norbera, irabaztea zer da, zer galera? Baina duda horien guztien gainetik, ahots bat entzuten dut barrenetik, ozen: utziko bagenio bat izateari, ez geundeke sekula batera kantari. Eta ados nago, hala da, ez zealako jada artalde hontako zifra bat. Horregatik amesten dut lagunarteko uneak luzarazteaz. Maite dugunekin maitasuna egiteaz. Amets horietan, ze polittek garen dantzan biluzik. Irudikatzen ditut suaren inguruan gorputz bi bat eginda, bata bestearena. Bion behatzak bihurritu, ea norbaitek ahaztua duen akorde minorren bat. Ametsa bukatu eta esnatzear nagoela ohartzen naiz gorabeherez, bakoitzaren zein bion alderdi ilun zein argiez. Baina a ze talentua dugun bihotzen artean parkour egitean, erortzen baikara, baina beti zutik erori. Laburbilduz, beraz, (eta hala bada esaidazu) zuk ere badakizu elkarrekin ze ondo pasatzen genuen. Eta dugun.
Utzidazu kontatzen ze ederra izango den itzulera, elkarren besoen zabalera, zure fede guztiei eustea, zure min malkoak baretzea. Mila hesi eta mila gezi gaindituta, berezi denak merezi duelako. Denbora da poligrafo bakarra, eta beraz, ikusi arte.