Mugitzen den harrian, goroldiorik ez —dio atsotitz zaharrak—, eta horixe bera da Urruña herriari gertatzen zaiona. Urruñarrek 2014ko ekainaren 7an eta 15ean kabalkada-zintzarrotsa jokatu zuten eta 2017ko agorrilaren 24an Urruña Gaua karrikaldi mitologikoa. Aurten, urriaren 12an, bigarrena jokatuko dute. Jadanik dena prest daukate.
Karrikaldia oso ohikoa izan da bai Iparraldean eta bai Nafarroa Garaian, eta gaur egun ainitzetan ikus daitezke horrelakoak. Kabalkadarekin antza handia du, bietan dantzariez eta kantariez gain, kabalak ohikoak baitira: behiak, idiak, zaldiak, ardiak…. Kabalkada, haatik, ondoren egiten den toberarekin lotua ohi da eta karrikaldietan, berriz, ez dira horrelako antzezpen luzerik izaten.
Karrikaldian parte hartzen dutenak, ikusgarriaren izenak erraiten digun bezala, karrikaz karrika eta plazaz plaza ibiltzen dira. Hasieran banderariak eta zaldizkoak joaten dira, eta horien gibeletik gainerako guztiak, dantzatuz eta kantatuz. Bukaera aldean behi edo idi orgak izaten dira. Urruña Gauean ere horrela izaten da, arizaleak karrikaz karrika mugitzen dira hainbat tokitan geldituz eta dantzak eta kantuak eskainiz. Ikusgarriaren bukaera herriko plazan egiten dute, bertan pizten duten su handiaren inguruan kantatuz eta dantzatuz. Ondoren, Akelarre Gaua plazatik zazpi-zortzi metrotara den Berttoli elkartean. Izanen da zer jan, zer edan eta zer kanta.
Urruñako karrikaldiak badu berezitasun bat herri ikuskizun honi nortasun handia ematen diona, den-dena, kantuak, dantzak, mozorroak, erraldoiak, pertsonaiak… euskal mitologiaren ingurukoak baitira beti. Hor ikus daitezke gure mitologian horren ezagunak diren pertsonaiak: laminak, jentilak, sorginak, Akerbeltz, Tartalo, Basajaun, Basandere, Behigorri, Sugaar, Hodei, Marroa, Inguma, Gaueko, Ehiztari Beltza, Martinttiki… eta beste hamaika izaki magiko eta miresgarri. Horiekin batera zirtzil tropa handi bat bazterrak inarrosten, eta behi-orga eder baten gainean, lili eta iratzeen artean, euskaldunen hiru jainkosa handiak: Mari (Amalur ere deitua), Ilargi eta Iduzki. Marik zeruak irekitzeko eta uharrak sorrarazteko erabiltzen duen igitaia eskuan darama.
Antolatzaileak Berttoli eta Iparra-Hegoa elkarteak dira eta 120 lagunez osatu ikusgarria antolatzeko hainbat talde edo batzorde eratu dituzte, bospasei hilabetetan elkarlanean ari izan direnak. Antolatze eta zabaltze lanetan aritzen den taldeaz gain, beste honako hauek ditugu: Jantzi eta pertsonaien taldea Patxi Adurriagaren esku, dantzariak Zelin Duperouren ardurapean eta kantariak Joxemari Ostolazaren zuzendaritzapean. Aipamen berezia merezi du afixak egiten dituen Lorentxa Agerre artista handiak.
Aurten dena prest zeukaten bigarren karrikaldia agorrilaren 24an egiteko, baina tamalez, Miarritzen egin duten G7 delako horren eraginez, urriaren 12ra gibelatu behar izan dute.
Beraz, irakurle, ez ezazu ahantzi euskal mitologiarekin Urruñan, urriaren 12an, larunbatarekin, eta arratseko 7etatik aitzin duzun hitzordu magikoa, ez baitut uste, horrelako akelarrera joateaz eta gozatzeaz damutuko zarenik!
You must be logged in to post a comment.