Gaskoiniako Landak lehen aldiz aztertu zituena Hèliç Arnaudin izan zen. Bertako baten ikuspuntutik ikusita. Izan ere, garai hartan, gaur egun ezagutzen dugun oihan erraldoi hori, haritzez eta pinuez osatutako oihan txikiak eta, batez ere, otalur mugagabea zen, non ardi ugari ibiltzen baitziren, beren artzain makuludunek zaindutakoak.
Hèliç hizkuntzalaria, folklorista, historialaria, etnologoa, argazkilaria eta idazlea izan zen aldi berean. Erabateko gizarte eta ekonomia aldaketak ezagutzen ari zen lurralde horren ohitura herrikoiak bildu zituen. Abestiak, ipuinak, atsotitzak, denak gaskoieraz, garai haietan eguneroko hizkuntza baitzen eta jende gehienak ez baitzekien frantsesez hitz egiten. Oso argazkilari ona izan zen eta paisaiak, etxaldeak edo baserriak, artegiak eta baita hango biztanleak ere irudikatu zituen bere argazkietan. Bere bizitza osoa eskaini zion lan horri, bere herriaren oroitzapena salbatzeko. Beraz bere etxea, gaur egun, Le Bohèirako herriko etxearen jabetza da eta argazkiak erakusteko tokia bihurtua da.
Bere familia, ondasundun txikiak zirenak, Le Bohèira herrian kokatu ziren, Monge auzoan hain zuzen ere. Han bertan jaio zen Hèliç, 1844. urtean, eta toki berean hil zen, 77 urte zituelarik. Mendi-Marzanako institutu batean jaso zuen bere hezkuntzak oso kultura ona eman zion Hèlic-i. Bere batxilergoarekin patrikan, Le Bohèirara itzuli zen baina, hain txiki herri horretan, ez zegoen lanik, horrelako kultur-maila zuen gizon batentzat. Bordalde batzuetatik ateratako diruaz bizi zen, baina ez zuen lanbide tinkorik izan. Orduan, 30 urterekin, bere grinaz bizitzea erabaki zuen. Aldaketek desagertarazten zuten Landeetako artzain-kulturaren azken aztarnen lekukoa izango zen. Bere herriko garaikideek, oso gizon bitxitzat jotzen ohi zuten Arnaudin. Lo Pèc (eroa, zoroa) goitizena irabazi zuen horregatik.
Bere eskualdeaz maiteminduta, joera zientifikoa eta arrazional baten bidez aztertu zuen. Otalur-Handiaren zehar ibili zen, txirringaz eta oinez, bertakoak galdekatzeko, itaunketak laguntzaz. Argazki bildumak eta ikerketa fitxak antolatu zituen, arras zientifikoki.
Argazkiez, lehen aldiz modu horren bitartez alegia, Otalur-Handiaren deskribapen zoragarria erakusten digu. Emaitza paregabea da, eta berak eginiko 2700 beira-plakak Bordeleko Akitaniako museoak atxikitzen ditu. Argazkilari bikaina eta baita artista sentibera izan zen Hèliç Arnaudin.
Bizirik zenean, hiru liburu bakarrik plazaratu zituen :
-
Contes Populaires (Ipuin Herrikoiak) (1887)
-
Chants Populaires (Abesti Herrikoiak) (1912)
-
Choses de l’Ancienne Grande-Lande (Antzinako Otalur-Handiaren gauzak)
Baina hiru liburu horiek, oso gauza gutxi erakusten zuten, Hèlic-ek eskuz idatzitako eta argitaratu gabeko milaka eta milaka orrien artean. 1921eko urtarilaren 30ean, bere heriotza baino hilabete batzuk lehenago, hurrengo hitz hauek idatzi zituen:
«Nire bizialdi gaixo, ameslari eta basati osoan, baina gure iraganaz kezkatuta, ez nuen arrakasta askorik izan. Ez nuen besterik jaso axolagabekeria eta isekak baizik, alde guztietatik.»
60. hamarkadan, zale amorratuek eta oinordekoek, Arnaudin-ek utzi zituen bere beste lanak aurkeztu eta kaleratu zituzten, besteak beste ipuinak, gaskoi hiztegia, abestiak eta atsotitzak. 1979. urtean, Arnaudin-en oinordekoek, Gaskoiniako Landeetako Parke Naturalari eman zizkioten idazleak idatzitako dokumentu guztiak. Gaur egun, bilduma osoa argitaratua izan da, 9 liburukitan. Gaskoiniako Landeetako Parke Naturalaren Batzordeak bultzaturik.
«1921eko abenduaren 6an, bere Le Bohèirako Mongeko etxean, gizon zeharo etsita hil zen. Hèliç Arnaudin-ek irmoki uste baitzuen bere bizi osoko lana porrot hutsa izan zela. Baina badakigu, gaur egun, lortu egin zuela. Bere ohorea itzuli zion belztutako lurralde horri, bere oroitzapena lapurtu nahi ziotenari. Askoz ere gehiago salbatu zuen, irabazi egin zuen heriotzaren aurkako partidurik garrantzitsuena. Lortu du Hèliç Arnaudin-ek baina ezin izango diogu esan.»
You must be logged in to post a comment.