Artikulu honetan globalizazioaren aurrerakadari begiratuko diogu, geure moduko gizakiaren aldetik. Izan ere, XX. mendean AEB hurbilagoa egin zitzaigun europarrei, besteak beste Bigarren Mundu Gerraren ondorioz.
Ameriketatik ekarri ziren tramankulu intelektualen artean, pentsamendu positiboarena izan zen bat; beste zer batzuk ere inportatu ziren: Fred Astaire, “chewing-gum”, Marilyn Monroe, Elvis Presley, “peanut butter”, Carlitos eta Snoopy… bakar batzuk aipatzearren.
Europa zahar honetan, bote prontoan esanda, bestelako modak genituen: absurdoaren antzerkia, existentzialismoa, pertsonalismoa, eta Espainia frankistan, neoklasizismoa. Gogoratu ditzagun gizarteko bestelako mitologia-itemak zein izan ziren: Tourra, Seat 600, bikinia, telebista, etab.
Horra arte sarrera: baina zer dela eta psikologia positiboak egin duen gorakada azken aldi honetan, Mendebaldeko herrialdeetan, behinik behin? Izan daiteke, akaso, psikologiaren gorakada zabalaren barneko fenomeno bat.
Arte tradizionalek (literatura, arte plastikoak…) betetzen zuten tokia murriztu egin da, dagoeneko, itxura batean. Arthur Schopenhauerrek gogokoa zuen artea iraganeko edergailua bihurtu ote da?; filosofoaren ustez, artea zen bizitza zentzuz eta taiuz eramaten laguntzen zigun baliabide nagusietako bat, bizimodu latzari aurre eginda.
Psikologiaren auzia dela eta, dramatiko jarrita, esango dugu gizarte berriak atomoak behar dituela, hau da, gizaki atomizatuak: hiritar noranahi, nonahi eramangarriak estandar orokor baten barruan, sustrairik gabeak, eredu globalizatzaile eta neoliberal baten eredura.
Agustín García Calvo filosofoak aspaldi iragarri zuen estatuak bere asmoak aurrera atera ahal izateko banako lokabeak behar dituela.
Delako psikologia positiboak mugatu ditzake gizartearen eta giza taldeen eraginkortasuna. Agian komeniko litzateke psikologia soziologiarekin orekatzea. Hau da, psikologiaren ahuleziak soziologiaren indar guneekin orekatu.
Ez dirudi ausartegia esatea psikologia positiboak mugatu egin duela literaturaren eremua ere, nolabait iragazita literaturak zuen eskumena sentimenduen adierazpenean eta diziplinartekotasunean.
Kinka larria: lan bila bazoaz, jarrera positiboa erakutsi ezazu. Hala ere, kontsumitzaile automata baino zer edo zer gehiago izan gura baduzu, kontuan izan denetariko arte-produktu autoktonoak ohiko autolaguntza amerikarreko produktuak baino hurbilagoak eta eraginkorragoak, zerrenda oparo eta ederrean; eralgi sos horiek modu burutsuan.
Merkataritza eta arteak ez dira beti ados etorri. Euskarak berak ere lekua topa beharko du merkatal hazkunde itzel honetan, kontsumo gizartean.
Azken batean, psikologia positiboa ez da literatura klasikoak bultzatzen zuena baino: bertuteak eta management pusketa gutxi-asko elkarrekin josiak. Psikologiako liburuetan irakurlea liluratu gura dute egunerokoan jende arruntari gertatutako gertakariak aipatuta beren proposizio psikologikoen adibidetzat, nahiz eta askotan fikzioa izatearen itxurakoak izan.
Ostera, har ezazu Epikteto (Disertazioak); har ezazu Seneka Luziliori gutunak eta EHUko Klasikoak bildumakoa (Bizitzaren laburtasunaz)1, etab.; Epikuro (Gutuna Menezeori), Zizeron (betebeharrei buruzkoa, etab.), Aristoteles (Etika), Axularren Gero, Kenpisen Imitazioa2, Haranederren Philotea3, Akinoko Tomasen antologia EHUko Klasikoak bildumakoa, Jean de La Fontaineren Alegiak4, esaera zaharrak, Martin Duhalderen meditazioak, Tartasen Ontsa hiltzeko bidia, Etxeberri Sarakoak gazteei eginiko gutuna, Henrike Knörren Euskal Gazteari opuskulua, Duvoisin, etab., etab. … literatura zabaleko baliabide horiek guztiak. PDF merkean izango dituzu, eta kutsadura aldetik inolako tinta eta zelulosa gasturik gabeak… Egin kasu, irakurle.
Psikologiak gizartea ahaztu egiten du: ez dago komunitate linguistiko gutxiturik. Humboldtek proposatu zuen bezala, herrien ikuskera berezia zaindu dezagun, oraintsu Noam Chomskyk proposatuaren arabera Bilbon egin den sariketa batean, apur bat Skinner psikologia konduktistaren kontra. Geuri, Txillardegiren Hizkuntza eta pentsaera saiakera etorri zaigu gogora, UEUk berriki berrargitaratua.