HEZKUNTZA SISTEMA EREDUGARRIAK

Lehen Hezkuntzako edo Haur Hezkuntzako gradua ikasten duen edonori esango zioten, edo ez, Finlandiako sistema dela eredugarriena. Graduko lau urteak herrialde honek dituen teknika berritzaile, metodologia, erasoekiko protokolo, espazioaren banaketa edota materialez mintzatzen emango ditu seguruenik, baina sakonean aztertu gabe, kritikarik gabe. Onena da eta kitto.

Herrialde kritiko eta aztertzaile bat nahi bai, baina askotan hori ere irakatsi behar izaten dela ahazten zaigu. Behaketa eta esperimentazio bidezko metodologiak oso egokiak dira ikaskuntza natural bat garatu eta ikaslearengan ikaskuntza hori aktiboa izan dadin, baina probatzen uztea bezain garrantzitsua da ondoren horren inguruan mitzatu, gaia jorratu eta ideiak garatzen irakastea.

Finlandian ari naiz euskal irakurle lana egiten, bertako unibertsitateetako batean. Beraz, Lehen Hezkuntzako zein Haur Hezkuntzako sistemaz gutxi dakit, edonola ere, unibertsitatean ez da horrelako sistema berritzailerik, Euskal Herrian bezalaxe funtzionatzen du alderdi gehienetan; Ikasleek irakasgaiak aukeratu, klaseetara aditu, irakurgaiak landu, etxerako lanak egin, ikasi eta azterketa ganditu beharra dituzte hortarako hasiera-hasieratik ezarri zaien datetan.

Hemen ere ikasleak urduri ibiltzen dira azterketaren aurretik, unatuta sentitzen dira lana pilatzen hasten zaienean edo etxerako lan gehiegi jasotzen dituztenean hurrengo egunean aurkezpen bat izanik.

Ez da, ordea, berdin gertatzen frustrazioari dagokionez. Orokortu ezin daitekeen emozioa da, ikasle bakoitzak, pertsona bakoitzak, egoera desberdinei oso era bestelakoan egiten baitie aurre, baina orain arte ezagutu dudanari erreparatuz, oso frustrazio maila baxua dago unibertsitateko ikasleen artean oro har.

Zer dela eta? Hamaika arrazoi dira horretarako, baina nire ustetan goraipagarriena txiki-txikitatik hezkuntza eskubide bat bezala onartzen dutela da eta ez sufritu beharreko eginbeharra.

Hezkuntzari ematen dioten garrantzia hori barneratuta izanik, errespetuz hartzen dituzte ikasteko ematen zaizkien laguntzak (bai ekonomikoak zein fisikoak) eta ikasleek eskubide bat dela dakiten era berean, bertan lan egiten duten profesional guztiek ere gizartean duten garrantzia ezagutu eta baloratzen dute lan ezin hobea egiten saiatuz, haien ikasleen ongizatea hauek motibatuta izateko, emaitza onak lortzeko, irakasle onak izateko bai eta haien lana mantentzeko premiazkoa dela baitakite.

Irakasleen eskakizunak ez dira inoiz gehiegizkoak izanen, ikasleen gaitasunean oinarritzen dira eta akidura edo frustrazioa eragingo ez duten lana eskatzen zaie. Batzuetan, oso gai askea izanen da hori ekiditeko tresna, besteetan aldiz gure ikuspuntutik “lan errazegi” bat. Edonola ere, ikasleak pozik eta sano mantentzea ezinbestekoa da, irakatsi beharreko edukiak benetan barneratzea nahi bada behintzat.

Esan bezala, honetara heltzea ez da erraza eta oso hasieratik hasi behar da hau guztia barneratu eta lantzen, bai gizarte mailan zein estatu mailan ere; meritokraziak funtzionatzen jarraitzen duen bitartean, fokoa gaitasunengan ipintzea zailegia baita, eta ez dago hezkuntza sistema perfekturik, baina bai oso ideia onak dituzten hainbat sistema eredugarri.