Zer gertatzen da udazkenero? Udazkenetako kolore festa ulertzeko udaberrira joan behar da. Hostoak udaberriro ateratzen dira, berde eta fresko urteari zuku gehien ateratzeko asmoarekin. Hostoek hainbat pigmentu dituzte eta argia xurgatzen dute, gero bertatik energia lortzeko. Udaberri eta udan, energia lortzeko garai aproposenean, hostoek, jo eta su lanean diardute urtean zeharreko energia beharrizanak asetu eta negurako erreserbak metatzeko.
Udazkenean argi orduak gutxitu egiten dira eta energia gehiago behar da hostoa bera mantentzeko hostoak fotosintesiarekin sortzen duen energia baino. Orduan berrerabiltzeko garaia iristen da. Hostoetako mantenugaiak asko izaki, poliki-poliki sustraietara garraiatzen dira. Mantenugaiez gain pigmentuak ere garraiatzen dira, hala nola, klorofila. Ondorioz hostoek berdetasuna galtzen dute, eta hori edo gorri kolorea hartzen dute, espeziearen arabera. Kolore hori hostoaren beste pigmentuen araberakoa da (karoteno, xantofila eta abar). Azkenean hauek ere xurgatzen dira eta hostoa erabat lehor geratzen da.
Hala ere, hosto guztiak ez dira urte beteren bueltan lehortzen. Pinuen orriek bizpairu urte irauten dute, eta gainera ez dituzte hosto guztiak batera botatzen; baina tira, hostoiraunkorrena beste baterako utzi beharko dugu. Goza dezagun, ahal dugun bitartean Euskal Herriko basoez.