IRUÑEAKO ALDE ZAHARRAK URRIAREN 18 ETA 19AN URTEROKO AUZO-JARDUNALDIAK EGINGO DITU

  • 18an, ostirala,  arratsaldeko saio bat egingo da Frantzisko Deunaren Eskoletan eta 19an,  larunbata, goizean, Plazara! Komunitate-zentroan
  • Topaketak, bizilagun guztientzako irekita, baliogarriak dira auzoan aurrera eramaten ari den lana ezagutzeko eta lanaren ildoak zehazteko

 

Urriaren 18 eta 19an, Alde Zaharreko auzokideek parte hartu ahal izango dute AZ Ekimenak antolatzen duen auzo-jardunaldien edizio berrian, 2015atik egiten den urteroko topaketa eta aurreko urtean 150 pertsona bildu zituena. Jardunaldiek  helburu bikoitza dute: AZ Ekimenaren barnean dauden taldeak eta proiektuak auzoan burutzen ari diren lana bizilagunei ezagutzera eman eta hurrengo hilabeteetan lana bideratuko duten lehentasunak eta ekintza ildoak definitzea.

“Somos AZ Gara” goiburuarekin, jardunaldiak bi saiotan egitaratu dira, lehenengoa urriaren 18an, ostirala, arratsaldez -18:00tik 20:00 arte- Frantzisko Deunaren Eskoletako areto nagusian eta bigarrena 19an, larunbata, goizez -10:00etatik 13:00 arte- Plazara! komunitate-zentro soziokulturalean (Kale Nagusia 31). Bertaratu nahi duten pertsona guztien parte hartzea errazteko, bi saioetan ludoteka zerbitzua egonen da.

Ostiraleko saioa erabiliko da AZ Ekimena ezagutarazteko eta auzo iniziatiba honetan parte diren taldeak eta proiektuak garatzen ari diren lana aurkezteko eta, halaber, lan hau eskertu eta baloratzeko. Larunbatean, saioa antolatuko da zenbait lan eremu inguruan, partaidetza auzokide guztientzat irekita, auzoan eragina duten zenbait gai landuz. Hortaz, larunbatean talde txikitan eztabaidatuko dira gai batzuk, hala nola, Alde Zaharraren erabilerak, etxebizitza, komunitate-espazioak edo auzo-autogestioa, bai lanaren gidalerroak bai ekintza proposamen konkretuak eratzeko  helburuarekin.

Auzo jardunaldiak AZ Ekimenak antolatu ditu. Iniziatiba honek Alde Zaharreko hainbat proiektu, talde eta pertsona elkartzen ditu, auzo-esparruan elkarlanean lan egiten dutenak.