Otsaileko egun batean, bazkalondoan, Manex larrainetik ukuilura joan zen aitarekin, lantxoren bat egin behar zuten aitzakiarekin, kanpoan joan-etorri bat egin ondoren. Baina kanpoaldetik sartu bezain laster biak konturatu ziren hantxe katu ar arrotz bat zebilela; handia eta lodia. Ustekabean harrapatu zuten eta ihes egin behar hartan, katuak ukuiluko barrualdera jo zuen. Momentu huraxe aprobetxatu zuen aitak ukuiluko atea erabat ixteko.
–Manex! Itxi segituan katazuloa!
Manexek agindua aida batean bete zuen eta era hartan katu handi hura ukuiluan itxita gelditu zen, aterabiderik gabe. Ziurrena da katarra baserriko katemeen usainera joanen zela, ohara izanen zirelako-edo. Kontua da, hantxe gelditu zela giltzaperatua, eta egoera hartan, berehala abiatu zen ziztu bizian handik ihes egiteko, baina aterabiderik ezin aurkitu, eta katu gizen hura amorratuta eta izuturik jarri zen, ero moduan, miauka eta purrustaka, pertsonei mehatxuak eginez. Hanka egin nahi hartan, lasterka hasi zen ukuiluko alde batetik bestera, leihoen argitasunak erakarrita, baina, jakina, leihoek kristala zeukaten eta katu ar hura ezin zen igaro haietan zehar. Hura horrela, eta etsipen hartan, ukuiluko mutur batetik besteraino jarraitu zuen zalapartaka eta purrustadaka, handik alde egin nahian, baina lortu zuen gauza bakarra zera izan zen, hantxe zeuden animalia guztiak beldurtu eta asaldatzea: behiak, txekorrak, bigantxak, txerriak, oilarra, oiloak, etxeko katuak eta abar. Marruka, zaunka, karakaka, kurrinkaz eta miauka hasi ziren gehienak, hango mugida eta laztura sumatuta.
Manexen aitak berehala akuilu luze eta sendo bat hartu eta beste bat semeari eman zion:
–Manex!, hik segi ezak hortik, eta, nik hemendik!
Saiatu bai, saiatu ziren, baina lehendabiziko ekinaldi hartan, katuak bien artean egin zien ihes. Indartsua eta azkarra zen. Berriz ere ahalegindu behar. Gauzak hala, bien artean berriro ere saiatu ziren katua txoko baten aldera eramaten. Azkenean, uraska eta txerritegiaren artean sartzea lortu zuten.
–Orain, aita, orain! Emaiozu orain! –oihu egin zion Manexek, urduri.
Haiek hala, eta luzaro baino lehen, ukuiluko txoko hartan inguratu, eta bertan makilakada indartsu batzuk buruan eman eta gero, segituan akabatu zuen aitak zoritxarreko katu ar handi hura. Txit garesti atera zitzaion katuari donjuanena egin nahi izatea.
Gorabehera zalapartatsu haiek guztiak bukatu eta gero, aitak berehala ekin zion katu handia larrutzeari, etxeko untxi arrunt bat balitz bezala, batere eskrupulurik gabe; normaltasun guztiarekin. Garai hartan, edozein abagune egokia zen aprobetxatzeko eta sabela pixka bat betetzeko.
Era hartan, bada, eta inolako espanturik gabe, behin katua larrutu, barrukiak eta behar ez ziren puska guztiak kendu eta gero, katua etxeko leiho batean zintzilikatu zuen, gaua hantxe pasa zezan, aireztatzen.
Biharamun goizerdian, inolako erreparorik gabe, aitak katukia hartu, sukaldera eraman eta sukaldaririk hoberena balitz bezala, hantxe hasi zen animalia apailatzen, patata eta beste barazki batzuekin. Bazkalorduan, mahaian zerbitzatu, eta, emaitza? Bikaina! Goxo-goxoa! Mizkinak ez ziren guztiek behinik behin, arrunt gustura jan eta oso ongi aseta gelditu ziren. Aldi hartan, gainera, ama, behingoagatik, deus ere nekatu gabe. Jakina da, dagoenenean bonbon eta ez dagoenean egon! Haiek, noski, beste garai batzuk ziren, oraingoekin alderatuta. Katu galaiari kukuak makur jo zion.