ELEKTRIZITATEA EZ DA EXISTITZEN

Bada denbora kontu elektrikoak bogan daudela. Autoak, droneak, etxeetako energia… Bide ona dirudi. Ongi eginez gero ona da noski! Etxean eguzki plakak dituenak pausu garrantzitsuak ematen ditu jasangarritasuaren bidean, baita geotermia, eolika edo beste hainbat energia iturri erabiltzen dituena ere.

Gaurko hontan, hala ere, ez nator hauei buruz hitz egitera. Gizarteko beste elementu batzuez baizik. Iruditzen zait gaur egun ekologiarengatik-edo enpresa handiak dena elektrifikatuko dutela esaten dutela. Kontua da iruditzen zaidala enpresa handiek ez ote duten erabiltzen dugun energia oro abstraktu bilakatu nahi, beste kontu batzurekin gertatu den bezala, klima aldaketarekin adibidez. Karbono dioxidoa oso kontu abstraktua da, ez da ukitzen, ez da ikusten eta eragin handiagoa du Europatik kanpo. Horrek ez du larritasunik eragiten, habitat suntsiketak eragin dezakeen moduan; baina habitat suntsiketarik handienak gure eremuetatik urrun gertatzen dira.

Abstraktu izate horretan, laster-edo lortuko dugu dena elektrikoa izatea, eta zer? Elektrikoa izateak jende askorentzat esan nahiko du energia entxufetik datorrela, esnea tetrabriketik bezala. Eta abstraktu bilakatze horretan berdin izango dio energia nondik lortu, ezta? Petroliotik, gasetik edo frackinetik, izan ere, entxufea izango da jatorria, gutxi izango dira kableari jarraitu eta energiaren jatorriari buruz arduratuko direnak. Nahiago nuke idatzitako guztiak etorkizunean gizaki ezkor eta triste baten hitzen gisa hartuko balira…