MARGA INDURAIN, EMAKUME ABENTURAZALEA

Marga Indurain XX. mendeko emakume abenturazale handia izan zen. Bere bizitzan abentura ikaragarriak eta arrisku handiak bizi izan zituen. Marga Baionako Victor Hugo kalean jaio zen, 1893an. Bere gurasoak Baionako euskal burgesiako kideak ziren, oso aberatsak ez baziren ere. Txikitan Hondarribiako konbentuan egin zituen ikasketak. Bertan Marga izena erabiltzen hasi zen.

Gurasoek Marga txikiarentzat heziketa tradizionala aukeratu zuten arren, Marga errebeldea eta bihurri izarekoa zen, hainbesteraino, ezen gurasoek, behin, Baionako katedralera exorzitatzera eraman baitzuten. Baina, Margak bestelako ametsak zituen, orduak ematen zituen euskal kortsarioei buruzko istorioak irakurtzen, abenturak eta bidaia exotikoak gogoko zituen. Marga bera kortsario sentitzen zen.

17 urte zituenean, Marga bere lehengusu Pierre Indurainekin ezkondu zen. Handik aurrera “Indurain” abizena hartu eta erabili zuen, hil arte erabili ere. Pierre senarra 1914an Frantziako armadan sartu eta Munduko Lehenengo Gerran parte hartu zuen. Senarra, berehala, Ekialde Hurbilera destinatu zuten, horrela, Margak, bere senarraren kargu militarrari esker, Cairo, Beirut eta Damaskora bidaiatu ahal izan zuen.

Gerra amaitutakoan Indurain senar-emazteek Sirian geratzea erabaki zuten eta Palmira hirian Zenobia zeritzon hotela zabaldu zuten. 1927tik 1936ra hotelaren jabeak izan ziren. Hotel horretatik garai hartako pertsonaiarik ezagunenak (aktoreak, politikariak…) pasatu ziren, baita espioiak ere. Luxu ikaragarri eta konspirazio artean bizi izan ziren. Orduan ere Margak “Induraingo kondesa” titulu faltsua erabiltzen hasi zen. Berriz, batzuentzat “Palmirako erregina” zen, eta beste batzuentzat, batez ere Frantziako prentsarako, gutxienez hamabost gizon hil omen zituen “Basamortuko sugegorria” zen. Tarte horretan Palestinako britaniarren zerbitzu sekretuko buru zen Sinclair koronelaren amorantea izan zen, Frantziako zerbitzu sekretuen etsaigoa ekarriko ziona.

Hala ere, Margaren abenturak ez ziren horretan amaitu. Senarra hil ondoren, Arabiarantz abiatu zen. Bertan Soleiman izeneko beduino batekin ezkondu eta Meka hirira ezkutuan eta gizon arropaz jantzita sartzen ahalegindu zen. Bera izan zen lehenengo emakume ez-musulmana Mekara sartzen. Baina, bertan atxilotu eta Yidad-eko presondegi beldurgarrian gatibu izan zuten, baita harem batean ere. Handik, hala ere, ihes egitea lortu zuen.

Ondorengo urteetan britaniarrentzat espioitza lanak egin zituen. Eta Munduko Bigarren Gerran semeek Frantziako erresistentzian buru belarri ziharduten bitartean, Margak naziekin tratuak izan omen zituen opioarekin trafikatzeko helburuz. 1947an, itsasontziz Kongora urre kontrabandoa egitera zihoanean, Tangerreko uretan itota hil zen. Bada Margaren heriotzaren atzean Frantziako zerbitzu sekretuen ekintza ikusten duenik.

Sekula bere euskaldun jatorria ahaztu ez zuen emakume hark bere memoriak Le mari-passeport (1947) liburuan idatzita hil aurretik utzi ahal izan zituen.