Frisian kontatu dute, Leeuwadernen, hizkuntza gutxituen gaineko nazioarteko kongresu batean. Landa eremuan bizi diren gazte irlandarrek hiriburuetara alde egiten dute. Horrela jokatzeko arrazoia bat eta bakarra da: ibilbide profesionala garatzeko aukerak Dublin moduko hiri handietan dituztela. Baina Irlandako gazte horiek badute hizkuntzari dagokion bereizgarri bat. Irlanderaz gehien egiten den guneetan bizi dira, gaelera gehien hitz egiten den eremu geografikoetan, Gaeltacht izenekoetan. Gehienek gaelera dute etxeko hizkuntza. Baina hiriburuan nekez egin daiteke gaeleraz, Bilbon euskaraz nekez mintza daitekeen bezalaxe. Gazte horiek Dublin bezalako hiriburuetako lan aukerei heldu ahal izateko etxekoa duten hizkuntza bazterrean utzi beharrean dira. Landa eremuan lan egiteko aukera izango balute, bertan goxo egingo lukete, bertan geratuko lirateke eta gaeleraz egiten jarraituko lukete egunerokoan. Irlandako Gobernuak gero eta diru gutxiago bideratzen du landa eremua biziberritzeko. Horren ondorioz, landa eremuko komunitateak gainbehera bizi du gazteek bertatik alde egiten dutelako eta, gazteekin batera, hiztun komunitateak bizirik jarraitzeko aukera desegiten delako azukrea kafesnetan bezalaxe.
Ipar Euskal Herriko gazteekin gertatzen ari dena ez dago Irlandako egoera horretatik oso urruti. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako gazte euskaldunak —etxetik euskaldun direnak eta asko baxoa arteko ikasketak euskaraz egindakoak ere badirenak— ikasketak bukatutakoan, bereziki unibertsitateko ikasketak amaitutakoan, maiz askotan,etxe ondoan ikasketa horiekin uztartzen den lanik aurkitu ezinik ibiltzen dira, Ipar Euskal Herriko egitura ekonomikoa oso mugatua delako.
Frantziako Euskal Herri kontinentalean, Espainiako Euskal Herri penintsularrean ez bezala, pisu handia du laborantzak. Horretan Irlandako Gaeltacht eremuetako egoerarekin badu antzik Ipar Euskal Herrikoak. Laborantzan diharduten langile aktiboen proportzioa % 6,7koa da Euskal Herri kontinentalean, 4.500 etxalde eta 9.000 laborarirekin. Behe Nafarroako eta Zuberoako herri txiki askotan erdiak baino gehiago dira laborantzan diharduten herritarrak. Euskal Herri penintsularrean, aldiz, % 1 baino gutxiago dira Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzan diharduten langile aktiboak eta % 3 inguru Nafarroan dihardutenak.
Frantziako Euskal Herri kontinentaleko gazteak frantsesez egindako unibertsitate ikasketak amaitzen dituztenean, lan aukeren bila, ez dira Espainiako Euskal Herri penintsularrera begira jartzen, Cervantesen hizkuntzan antolatua dagoen lan munduak uxatzen eta aienatzen dituelako. Gazte euskaldun horiek, jaiotetxetik urrun, lan aukeren bila, Frantziako hiri nagusietara ez ezik, nagusietan nagusi den hirira, Paris aldera ere joatera behartuak dira. Kimu berri horiek, hogeitaka urterekin, bizitza proiektua eraiki behar duten urte erabakigarri horietan, Euskal Herritik aldendu beharrean gertatzen dira. Eta hortik aurrerakoa asmatzea ez da zaila: lanean hasten diren hirian, bikotekide izango dutena ezagutuko dute eta lanaren eta maitasunaren arteko lotura horrek etxetik urruti dagoen hiri horretara lotuko ditu, eta sarritan, ondoren etorriko diren seme-alaben medioz, bizitza osorako. Horrela, bizitza proiektua Euskal Herrian eraiki ezin duten gazte euskaldun horiek galdu egiten ditugu euskararen herrigintzarako.
Garai batean etxean asebetetzen ziren gizakiaren beharrik funtsezkoenak. Etxe berean bizi eta egiten zen lan, etxea baitzen bizitoki eta lantoki. Garai bateko baserri-etxeetan asetzen zuen gizakiak, bizidun den aldetik, elikatzeko duen beharrik funtsezkoena. Sortzetiko behar hori asebetetzeko bidea da, atzokoa bezalaxe, gaur egungo beharra edo lana; eta, izanari estu-estu lotutako izena du gure euskaran: bizibidea. Garai batean lana bizitokiari edo etxeari lotuta zegoen; gaur, aldiz, ez. Gaur egun, bizitokia dago lanari lotuta: non bizibidea han, hiri hartan, toki hartan, izaten da bizitokia. Garai bateko baserri-etxeak euskararen gordailu eta pizgailu ziren, gaur egungo hiriak itzalgailu.
Euskaren hiztun komunitate sendoa eraikitzeko bide bakarra dago: bizitokia eta bizibidea etxean, Euskal Herrian izatea.Gure gazteak Euskal Herrian nahi baditugu, lan eta bizi bertan egin behar dute. Bide horretatik, Euskal Herri penintsularreko lan mundua euskaldunduko bagenu eta bertako enpresetako kudeaketa euskaraz egitera iritsiko bagina, gure Euskal Herri kontinentaleko gazteak ez lirateke Parisera begira jarriko. Aukera izango lukete Euskal Herri penintsularrean lan egiteko eta Euskal Herri kontinentalean bizitzeko.
Etxekotuta ditugun bi erdarek bi Euskal Herriak elkarrengandik aldetzen dituzte, askotan bizkarra emanda jarri arte. Elkarri begira jarri nahi baditugu, lotzen gaituen euskararen hari mehea derrigorrean indartu beharrean gara, hori nahitaezko dugu.
Arlo sozioekonomikoak euskararen biziberritzean duen garrantzia aztertu berri du Euskaltzaindiak Bilboko Merkataritza Ganberan egin duen 24. Jagon Jardunaldian. Bertan elkartutako eragile guztiek lan arloa euskalduntzearen giltzarritasuna hezkuntza arloa euskalduntzearekin parekatu dute. Hezkuntza eta lana elkarren osagarri dira. Euskaldunez osatutako gizartean euskaraz bizi nahi badugu, nahitaezkoa dugu laneko arlo guztietan euskara nagusitzea. Hori aho batezko aldarria izan da Euskaltzaindiaren Jagon Jardunaldian. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko instituzioetako hizkuntza politikaren abangoardiatik, euskararen aurrerabiderako egitasmo sendoak iragarri ditu lan arloan. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere arlo sozioekonomikoan eragitea jarri du lau urteko agintaldiaren jomuga nagusi. Euskadiko Udalen Elkarteak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek eta hiru hiriburuek, Eusko Jaurlaritzarekin eta UEMArekin batera, aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunerako elkarrekin paratu duten adierazpen instituzionalak horrela dio:
«Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte-bizitzaren gune-gunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motore nagusia baita. Arlo sozioekonomikoak eta euskararen erabilerak elkarri egin behar dioten ekarriaren garrantzia ez da gutariko inorentzat ezezaguna. Bai baitakigu ez dela hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik».
Elefantea ikusgarri bihurtu dugu. Oskorriren kantak dioen bezala: Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz, eta hortara goaz.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).