Gertuko mendietan ibiltzea gogoko duzuenok; pagadietan, hariztietan, pinudietan eta erkameztietan pasieran ibiltzen zaretenok, behin baino gehiagotan, ustekabean, sastraka artean nabarmentzen den zuhaixka eder batekin topo egin duzue. Delako zuhaixka gutxi-asko handia da, hosto berdeak, gainaldea oso distiratsua, azpialdea matea; larrukarak, ilegabeak, zurrunak, ertz arantzatsuak; enborraren eta adaxken azala leuna eta grisaxka da, eta sasoi honetan, fruitu biribilak izaten dituzte, adasketan barreiaturik, mamitsuak, gorri biziak, diametroa zentimetro bat baino gutxiagokoa. Gorostia da, Ilex aquifolium, Aquifoliaceae familiakoa, beste landareekiko nahasezina. Jose Maria de Lacoizquetak (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provincial. Iruña. 1888) gorostiya deitzen dio; hau da, ostoa eta gogorra, landarearen hostoak gogorrak, larrukarak eta gogorrak direlako.
Zuhatiz dioikoa da, piramide-formakoa, glabroa, hosto iraunkorrak, bakunak, peziolodunak eta alternoak; adarren azala, gazte direnean, berdea da. Lore txikiak, apiriletik uztailera bitartean sortzen dira, diametroa 9 milimetrokoa gehienez ere, bakartiak edo zimetan multzokaturik, zuriak edo arrosak. Fruituek, berriz, denbora luzez iraun ahal izaten dute zuhaitzean; negu osoan sarritan.
Aspaldiko landarea da. Aristotelesek (K.a 384-K.a 322) jadanik aipatzen zuen. Haren kokalekuari dagokionez, gorostia Asian eta Europan izaten da. Goiera 10 metrokoa edo garaiagoa izan daiteke eta 2.000 metrotaraino bizi ahal izaten da. Horretarako, ingurune heze eta itzaltsuak eskatzen ditu, baita lur silizeoa ere.
Kontua da, duela hogeita hamar urte baino gehiago, lurralde honetan eta Europako beste zenbait lekutan, galtzeko bidean egon zela. Hori dela eta, hemen eta beste lekutan, gorostia babesteko kanpainak egin ziren. Zorionez, gaur egun, indartsu ikusten dugu Nafarroako edozein menditan. Nik neuk ez dut inoiz ikusi horrenbeste gorostirik mendian. Ohianpean gorostia begiratzea gozamena da, sasoi honetan bereziki. Osasuntsua eta sendoa dago, tonuak argiaren araberakoak. Miragarria.
Baina, ezaugarri horietaz gain, badu beste zenbait. Enborraren eta adarren azaletik, hidrokarburoak, gantz azidoak, pektina eta beste substantzia batzuk dituen lika bat lortzen da. Txoriak ehizatzeko erabiltzen zen. Lika hori lortzeko erabiltzen zen teknika XVIII. mendeko landareen liburuetan jadanik deskribitzen zen. Dokumentu horien arabera, adaxka batzuk lika horretaz ongi blaitzen ziren eta txoriak ibiltzen ziren lekuetan jartzen ziren. Txoriak adaxka horietan pausatzean, horien lumak likari itsasita geratzen ziren. Bestalde, negu latzean, birigarroek, orkatzek, zozoek eta beste aberek gorostia elikagai dute. Halaber, ebanistek haren zur gogorra estimu handitan dute.
Gorostiak propietate sendatzaileak ere baditu. Antzinatik ezagunak dira. Horretarako hostoak erabiltzen dira. Beste osagaien artean, hostoek konposatu mikatz bat (ilizina), koloratzaile horia (ilixantina), kafeina- eta teobromina-aztarnak, glukosido zianogeniko bat, errutosidoa, taninoak, azido zitrikoa, malikoa, ilexikoa eta ursolikoa, erretxina, saponosidoak eta beste substantziak dituzte.
Izan ere, herri-medikuntzan, hostoen infusioak erabiltzen dira erreuma gaitzak, hezueria, jangurarik eza, idorreria, sukarra, gripea eta bronkitis kronikoa tratatzeko. Kantitateari dagokionez, postre-koilarakada bat katiluko hartzen da; bi edo hiru katilukada eguneko, eta otorduen ondoren.
Hala ere, azpimarratzekoa da haurdunaldian, edoskitzaroan eta haurtzaroan ez dela hartu behar, gorostien baiak oso toxikoak direlako. Hain toxikoa da non haur baten intoxikazioak heriotza eragin ahal duen. Halaber, kontuan hartu behar da dosi txiki samarrak eragin handiko purgak direla eta kantitate handiagoek beherakoak, gonbitoak eta konbulsioak eragiten dituztela. Bestalde, landarearen azaletik ateratzen den gomari dagokionez, jakin behar da irensten bada digestio-traktuaren buxadura eragin dezakeela.
Labur esanda, sekretu piloa gordetzen duen landare baten aurrean gaude. Eguberrietan, gainera, elementu nagusienetako bat da. Gorostiaren hosto berdeak, larrukarak, distiratsuak eta haren fruitu txikiak, gorri biziak; urte sasoi honetan eder-ederra dago. Gabonetako edergailu zoragarria. Baina, haurrekin kontu handiz ibili behar dugu. Izan ere, fruitu erakargarri horiek gozokiak bailiran jan ahal dituzte, eta horren ondorioz, intoxikatu. Gainontzean, zalantzarik gabe: oparik onenak gorostiarendako.