FRANKLIN

Aintzira bat. Haizea. Olio pittin bat. Hiru gauza hauekin, gai izango al zinateke molekulen tamaina zenbatesten? Gertu ibili zen Benjamin Franklin, baina ez zuen tamaina hori zein izan zitekeen kalkulatu. Franklinek, 1770. urte inguruan, Londonen dagoen Clapham Common aintziran sekulako esperimentu polit eta erraza burutu zuen. Marinelei entzuna, eta baita Plinio Zaharraren Naturalis Historia irakurri zuelako, harrotuta dagoen itsasora olioa jaurtitzean olatuak baretu egiten omen zirela zekien. Arrantzaleek ere, ur baretuak ikusten dituztenean ur azpian arrain koipetsuak egon daitezkela ere omen dakite. Zenbait lekutan ere, urpekariek, itsasoa nahiko harrotuta badago, uhinxkak geratzeko era itsas hondoa hobeto ikusi ahal izateko olioa jaurtitzen dute uretara. Benjamin Franklinek efektu hori egia zenentz ikusi nahi zuen. Lehen saiakeran, berak esplikatzen duen moduan, kale egin zuen haizea bereganantz zetorrelako eta aintzira ertzetik botatzen zuen olioa ertzera bueltatzen baitzen. Beste aldera joan, saiakuntza errepikatu, eta handik bai, Ben Franklinek uhinak baretu zituen. Baina, behatzaile fina zenez, beste zerbait ere antzeman zuen: olio koilarakada txiki bat isuri zuen uretara (~2 cm3) eta urak ia akre erdiko azalera batean (akre bat ~4000 m2) baretu ziren. Halere, ez zuen olio geruzaren lodiera kalkulatu, bestela ziur lortuko zuen zenbaki txikiaz harrituko zela: Lodiera = (olio-bolumena)/(ur baretuaren azalera) ~ 1 nm=0.000000001 m.

Lord Rayleigh-ek, mende bat beranduago (1890. urtean), Franklin-i jarraituz saiakera berdina egin zuen, baina oraingoan laborategi batean, eskala txikiagoan, eta era kontrolatuagoan. Harek bai kalkulatu zuela gainazaleko olio-geruzaren lodiera: ~1.6 nm, Franklinek lortuko zukeenaren oso antzerakoa. Rayleighen neurketa hori molekulen tamaina zenbatestu zuen lehena izan zen. Harrigarria esperimentu sinple horrekin zenbat ikasi daitekeen!