BOIKOTA

80ko hamarkadaren amaiera zen. Munduko zinema-aretoetan Scorseseren Kristoren azken tentazioa estreinatzen ari ziren, eta sekulako iskanbilak zeuden. Behin baino gehiagotan sartu behar izan zuen poliziak tartean, hainbesterainokoa zen pelikularen aurkakoei eragiten zien sumina… Campus Crusade for Christ taldeko buru zen Bill Brightek indemnizazio bat eskaini zion pelikula banatzeaz arduratzen zen Universal Picturesi baldin eta pelikularen kopia guztiak ematen bazizkioten. Banatzaileek, noski, ezezkoa eman zioten, pentsamendu askatasuna ez zegoela salgai argudiatuz.

AEBetako hegoaldeko estatu kontserbadoreenetan pelikularen proiekzioak bertan behera utzi zituzten, atentatuen beldur. Nolanahi ere, istiluak pelikula estreinatu baino lehen hasi ziren. Scorseseren filma Nikos Kazantzakisen izenburu bereko eleberrian oinarritua zegoen, eta, bere garaian, nobela Index-ean sartu zuten (hitz egin nuen afera horretaz 2017ko apirilaren 1eko artikulu batean). Jesukristo mugak dituen gizaki bat bezala agertzen da bai liburuan bai filmean, zalantzaz betea, haragizko desioen mende. Amets batean Magdalenarekin bere bizitza nolakoa izango zen irudikatzen du, seme-alaba eta guzti. Harreman hori izan zen polemika guztia piztu zuena. Veneziako Zinemaldian estreinatu zenean, histeria kolektiboko eszenak ikusi ahal izan ziren. Joan Paulo II.ak berak biraozkotzat jo zuen pelikula, eta Franco Zefirelli zinema zuzendari katolikoak filma benetan izugarria eta erabat burugabea zela esan zuen.

Dena den, ez nator pelikula hark bere garaian eragin zuen polemikaz hitz egiteko asmoz. Izan ere, sarritan ikusi ditugu antzeko gertaerak, ez bakarrik zineman, baita musikan eta beste arlo batzuetan ere: zale sutsuen boikot ahaleginak, gainerako ikusleek lana ikus edo entzun ez dezaten. Gutxiagotan irakur ez dezaten. Behin eta berriz errepikatzen den jarrera horren azken adibidea Amenabarren Mientras dure la guerra pelikularekin ikusi dugu. Valentzian eskuin muturrekoa den España 2000 taldeak pelikularen emanaldi bat boikotatu zuen Lys zinema-aretoetan. Bertara sartu eta pankarta batzuk zabaldu zituzten. Imajina dezakezue zer zioten pankartek. Bide batez, ekintza gehiago iragarri dituzte. Ez da kasualitatea petralkeria hori guztia Francoren desobiratze prozesuarekin bat etortzea. Ez dakidana da zein den boikot egileen benetako nahia. Izan ere, gauza frogatua da: zenbat eta boikot ahalegin gehiago egin pelikula bati, orduan eta arreta eta propaganda handiagoa lortzen du. Are gehiago, suminduek badakite beren jarrerarekin ikusle gehiago erakarriko dituztela. Zilegi da, beraz, galdetzea: zer da suminduek benetan nahi dutena? Pelikula kaltetzea ala beren burua nabarmentzea? Nago bigarrena dela. Suminduta egoteaz gain, pentsatu nahi dut adimen apur bat ere badutela.

Niri, pertsonalki, pelikula duina, txukuna eta orekatua iruditu zait Amenabarrena. Bihotza eta burua uztartzen dituena, elkarrizketaren aldekoa. Jakina, historiari dagokionez zenbait lizentzia hartu ditu zinemagileak, baina irudipena dut fikzioaren mesedetan hartutako erabakiak izan direla. Unamuno bera ez zen gehiegi fidatzen zinemarekin, artikulu sutsuak idatzi zituen haren aurka, eta harro zegoen bere lanak zinemara egokitzeko zailak zirelako. Bitxiki, Amenabarren pelikula girotua dagoen garaian, Nikos Kazantzakis Homeroren Odisearen jarraipen bat prestatzen ari zen. Uztailean gertatu zen Espainian estatu-kolpea, eta abuztuan Ioannis Metaxásek erregimen faxista ezarri zuen Grezian. Kazantzakis kazetari gisa bidali zuten Espainiara. Lehenago ere egona zen Espainian, eta El Grecoren lanak ikusteko aprobetxatu nahi zuen bisitaldi berria. Unamunoren mireslea zen, eta haren zenbait poema itzuliak zituen. Gauzak horrela, Unamuno elkarrizketatzea erabaki zuen, baita baimena eskatu ere. Unamunok nahi zuenean etortzeko esan zion, “ez naiz etxetik ateratzen”. Elkarrizketan zera aitortu zion: “Ez naiz faxista, ezta boltxebikea ere. Bakarrik nago”. Boikotegileek, ordea, artaldearen epela nahiago.