MANEX ETA BEHIAK

Manex bizi zen baserriak, belar soroak hainbat lekutan zeuzkan: etxe ondoan, etxea baino gorago eta baita beherago ere. Hori dela eta, udan, belarra goiko euntzeetatik etxera eramaten zutenean, gurdia bete-beteta jartzen zuten, behiek, nola edo hala, erraz samar garraiatzen zutelako orga goitik behera, erdipurdiko balazten laguntzarekin, zama handia baldin bazeukan ere. Beheko belardietatik igotzerakoan, aldiz, gurdia gutxiago zamatzen zuten, behien lana, ahal zen neurrian behinik behin, pixka bat errazteko.

Baina bereziki bi belardi zituzten, bidean aparteko aldapa zeukatenak, trenbide ondoan. Beren baserritik beherantz jo eta aldameneko herrira iritsi baino lehenago zegoen burdinbide hura. Manexen garairako trena dagoeneko ez zebilen, baina aurreko hamarraldietan, bai, eta hantxe ibili ohi zen alde batetik bestera, jendea hiriburu batetik beste batera eramaten eta alderantziz.

Gauzak horrela, udako egun jakin batean, baserritar haiei trenbide ondoko belazeetako belarra etxeratzea egokitu zitzaien. Horretarako, ordurako belardian ama eta gainerako seme-alabak belarra prestatzen ari ziren, hau da, mailak egiten. Bitartean, etxe-aurreko larrainean, aita behiak uztarrian ari zen lotzen, Manexen konpainian, gero, gurdia hartuta, belarraren bila joateko. Mutikoak arreta handiz ikusten zuen aitak egiten zuen guztia, erne demonio; baita haren aginduak bete ere, beharrezkoa zenean.

Horrela, bada, lehendabizi uztarria behien burugainean jarri eta hedeak lotu zizkien aitak bi animaliei, Manexen laguntza pixka batekin. Uztarri gainean ardi-larrua paratu eta jarraian endaitza gurdi-hedean sartu zuten; kabila ezarri, estekatu eta aire!

Segituan mutikoa organ eseri eta arin-arin abiatu ziren etxeko gainerakoengana, aita behi parearen aurrean zihoala, belar ondua baserrira eramateko.

–Aida, behiak, aida! –esaten zien Manexek atzetik, eta–, toz, toz, ttattarrak, toz! –aitak aurretik.

Gauzak hala, bizi-bizi joan ziren laurak –aita, semea eta bi behiak– bidean aurrera, goitik behera, harri eta lur gainean. Gurdiaren gurpilak zurezkoak ziren osorik, ardatza kenduta, bukaeran burdinazko uztai bana zutenak. Horregatik, harri eta harkaitzen gainean karranka izugarria ateratzen zuten, batez ere, orga hutsik zihoanean. Gainera, gorago esan bezala, garai hartako gurdi haiek oraindik ez zuten balazta modernorik; ez zegoen asmatuta. Malda pikoetan jaisteko, gurdia oso zamatuta baldin bazegoen, egiten zutena zera zen, gurpiletako zulo batzuetatik kate bana pasatu eta aasean –gurdi-zubian– lotu, gurpilak geldiarazteko eta behien lana errazteko; hala, jakina, bi gurpilak arrastaka jaisten ziren.

Era hartan, bada, azkar samar iritsi ziren aldapa piko bateraino; kate-aldapa esaten zioten, zeren eta handik barna gurdia zamatuta jaisteko, gurpiletan kateak lotu behar izaten baitzituzten.

Kate-aldapa handi hura jaitsi bezain laster, hantxe topatu zuten aitak eta semeak garai bateko burdinbide zaharra, dagoeneko trenarekin erabiltzen ez zena. Trenbidea, han, lubaki luze eta eskerga batean zehar pasatzen zen, mendixken maldak saihesteko, hau da, han burdinbidea lañoagoa eta zelaiagoa izan zedin. Horren ondorioz, garai batean, trena hurbiltzen ari zenean, kanpotik ez zen ia-ia batere entzuten bere soinua, bi aldeetako ezponda erraldoi haiek hots gehiena jaten zutelako; lubakia hantxe bertan hasten zen.

Hara iritsi eta aitak zera esan zion Manexi:

Ba al dakik zer gertatu zitzaion behin batean, hementxe bertan, goiko baserriko Pellori?

Ez! Ideiarik ere ez! Zer gertatu zitzaion, ba? –semeak, jakin-minez.

–Ba, egun batean, gu bezalaxe honaino iritsi zuan behiekin, uztarrian lotuta, eta, trenbidea gurutzatu baino lehen, badaezpada ere, behiei “uo!” esatea bururatu zitzaioan, burdinbidea ikusi baino lehen. Behiak bat-batean gelditu zituan gurdi eta guzti, eta eskerrak horrela gertatu zela, zeren eta behiak geratu bezain laster, trena pasatu baitzen ziztu bizian. Pellok ez omen zian deus ere entzun trenaren zarata, baina beharrik burutazio ona garaiz izan zuela, bestela, hantxe joanen zituan guztiak, pertsona eta animaliak, trenaren aurrean, hankaz gora eta muturrez aurrera. Uf, ederretik libratu ziren! –bukatu zuen aitak.

–Benetan? Hori guztia hementxe gertatu zen? –galdetu zion Manexek harrituta aitari.

–Bai, bai, entzun duan bezala-bezalaxe. –Ziurtatu zion aitak.

Pasadizo hura kontatzen bukatu bezain agudo, aurrera jarraitu, belaira ailegatu eta familiako guztien artean, azkar samar zamatu zuten gurdia: batzuek sardeekin belarra orgara bota, aitak gainean ongi ezarri, beste batzuek belar hondarrak eskuareekin bildu eta Manexek behiei euliak uxatu. Denen artean gurdia ziztu batean bete zuten belarrez; gurdikada txikia, jakina, gero behiek egundoko aldapa igo behar zutelako. Azkenik, belarraren gainean, ezpatatik ezpatara gurdi-haga luzea jarri eta martxa.

Honenbestez, bada, aita, bi seme zaharrenak eta Manex baserri aldera abiatu ziren, belar hura ganbarara sartu eta berriz ere beste bidaia bat egiteko; beti bezala, mutiko gazteenaren eginkizuna behiei euli arruntak, ezparak, mandeuliak eta abar aienatzea zen. Gainerakoak euntzean gelditu ziren, hurrengo bidaiarako saralea atontzen. Bide batez, atseden egin eta edariren bat hartzeko ere ohitura izaten zuten tarte hartan.

Bien bitartean gurdia kate-aldapa pikoraino iritsi zen, trenbideko tarte osoa pasatu eta gero. Huraxe zen benetan une larria; hantxe frogatu beharko zuten denek beren trebetasuna: bi animaliek eta lau gizonezkoek.

Behiak maldaren hasieran jarri gora begira, aita haien aurrean gidatzeko, bi seme zaharrenak orgaren parean lauhankakoak akuilatzeko eta Manex, zer gerta ere, denen aurrean, arriskuak saihesteko.

–Toz, ttattarrak, toz! –esan zien aitak, akuiluarekin uztarri gainean jotzen zuen bitartean.

–Aida, behiak, aida! Segi aurrera! –bi semeek atzetik, behien ipurmasailak ziztatzen zituzten momentuan.

Behiek buruak jaitsi, muturrak aurreratu, gorputzak luzatu eta apatxak lurrean ongi sartu zituzten, indar handiago eta egokiago egiteko. Gurdia berehala hasi zen mugitzen eta aurrera joaten, aldapan gora. Gurpilek sekulako kirrinkak egiten zituzten harri eta harkaitzen gainean. Animaliek segituan ekin zioten izerdi patsa eta mingainak ateratzeari, ahalegin izugarriaren ondorioz, zeharo berotuta, “aida!”, “etorri!”, “segi!” eta “toz!” oihu ugari eta ozenen artean. Manex ere estu eta larri, berarentzat lehenengo aldia baitzen halako esperientzia bat bizi izaten ari zena; ikaratuta zegoen. Ez zekien nola bukatu behar zuen igoera larri hark, ongi ala gaizki; kezkatuta sentitzen zen.

Aldapa erdira iritsi zirenerako behiak erabat jota zeuden; neka-neka eginda. Horregatik aitak bi seme zaharrenei zera esan zien:

–Aizue!, egon zaitezte erne hagak gurpiletan sartzeko, behiak gelditzen direnean!

–Konforme! –esan zion zaharrenak.

–Ou, behiak, uo! –oihukatu zien orduan aitak animaliei, atseden har zezaten.

Bi semeek, lehenago han utzitako hagak, azkar demonio lurretik jaso eta berehala sartu zuten bana gurpil bakoitzean. Era hartan, gurdia balaztatuta gelditu eta ez zeukan arriskurik goitik behera, atzeraka joateko, eta, behiek, hain beharrezkoa zuten atsedena, hantxe hartu ahal izan zuten.

Minutu batzuen buruan, aitak ikusi zuenean uztarriko behiak pixka bat lehengoratu zirela, segidan eman zien jarraitzeko agindua. Semeek gurpiletako hagak atera, akuiluak hartu eta hitzetik hortzera berriz ere hasi ziren lauoinekoak akuilatzen eta eztenkatzen. Berriro ere kalbario hutsa izan zen behi gaixo haientzat, goraino iritsi arte, alegia, bero errea, izerdia, nekea, mihia kanpoan eta abar; penagarria! Infernu bat.

Behin goian, jada bidea horizontalean zegoenean, hantxe, bai, hantxe errazago hartu ahal izan zuten berriro ere atseden animaliek, minutu batzuez. Gero, handik aurrera, bideak ez zeukan aparteko zailtasunik, eta, hortaz, etxeraino aise ailegatu ziren denak.

Gorago esan bezala, denen artean belarra ganbarara sartu –Manexek euliak haizatu–, atseden pixka bat egin, ura edan eta berriz ere trenbideko belardi hartara, gurdikada gehiagoren bila. Esan beharra dago, beraien baserria malda baten aurka zegoela eraikita, eta, horren ondorioz, ganbarako atea kanpoko lurraren parean gelditzen zen; horrek asko errazten zuen lana, belarra orgatik ganbarara sartzeko momentuan.

Bi egunez ibili ziren era hartan, burdinbideko pentzeetako belar ondu guztia etxeratu arte. Pentsa dezagun, bada, zer-nolako tratua hartu zuten zoritxarreko bi behi haiek, egun pare hartan! Manex ere konturatuta eta arduraturik zegoen behi gaixo haien egoera latz harekin.

Zorionez, handik urte gutxira, Manexen aitak hitzarmen bat egin zuen ondoko baserritarrarekin, eta, harrezkero haren belaze batean zehar ibili ziren belarra eramaten etxera, behiekin; aldapa askoz ere etzanago eta samurragoa zen, eta, behiek ez zuten pasatu behar izan gehiago halako nekaldi eta supliziorik. Lasaitu ederra hartu zuten animalia haiek eta baita Manexek ere.