OLENTZERO, NEGUKO SOLSTIZIOAREN IGARLEA

Oso garai zaharretatik euskaldunok sua gurtu dugu eta sua erabili izan dugu solstizio eta ekinozioen inguruko jai erritualetan. Jondoni Joane edo San Joanen udako solstizioan sua da jaun eta jabe, garbitzaile eta berritzaile ber denboran. Inotean (edo inauterian) ere, sua indar handiz dagerkigu. Berak finkatzen du udaberriko ekinozioaren amaiera eta halaber, ziklo berri baten abiapuntu bilakatzen zaigu.

Neguko solstizioan ere sua protagonista dugu, eta gure arbasoek abenduaren 24ko gauean enbor handi berezi bat erretzen zuten etxeko tximinian. Subilaro, Olentzero edo Eguberri enborra deitu izan zaio eta orain dela oso gutxi arte oso zabalduta izan den usaia edo ohitura dugu.

Oraindik ere, zenbait etxetan egin egiten dute. Errito hau eguzkiaren jaiotza ospatzeko egiten zuten, edo beste modu batez esanda, eguzki jaioberriaren ohorez.

1.- Neguburua euskal jentilen iruditerian.-

Aro zahar ilunetan euskal jentilek jai erritual handiak burutzen zituzten eguzkia gurtzeko. Nekazaritza edo laborantzatik bizi zirenez gero, urtearen zikloa, lau urtaroak, egunaren eta gauaren txandatzea, ilargiaren aldiak, naturaren gurpila… aztertzen zituzten, eta eguzkiaren beharraz konturaturik, urtaroen arteko banatzaile diren solstizio eta ekinozioetan jai handiak antolatzen zituzten.

Urtearen bukaera aldera eguzki zaharra, Ekihotz deitu izan dena, pittaka-pittaka ahultzen eta indargabetzen da, eta azkenean, hil egiten da. Neguko solstizioaren inguruko egunetan eguzki berria jaiotzen da, udaberri aldean berotzen hasiko dena eta uzta berriak ekarriko dituena. Hauxe zen gure arbasoek ospatzen zutena, eguzki berri baten jaiotza, ziklo berri baten hastapena. Eta horretarako su berritzaile eta garbitzailea pizten zuten etxe guzti-guztietan.

Garai hartako euskal jainko-jainkosak biziki loturik ziren naturarekin, eta euskal jentilek dibinitate haiek (In -edo Inko-, Egu, Eki. Ilargi…) aipatu festetan gurtzen zituzten. Badirudi Eguberri hitza bera zahar-zaharra dela, Egu dibinitatearen kultuarekin erlazionaturik dena. Eguberri hitzaren esanahia ulertzeko ziklo berria aldarrikatzen duen sinesmenetara joan beharko genuke. Giristinoek data horietan, nahitaz, Natibitate eguna ezarri zutenean bi kosmogonien arteko sinkretismoa bilatzen zuten, hori dela eta, Eguberri izen zaharra baliatu zuten euren sinbologia berrirako.

2.- Kristauen etorrera eta sinkretismoaren aroa.-

Ekialdetik erlijio sendo indartsua etorri zen eta pittaka-pittaka Europa osoan hedatu eta inposatu zen, baita gure Euskal Herrian ere.

Erlijio berri honek kosmogonia berria ekarri zuen, animismo-naturalismotik urrun zena. Jesus salbatzailea zen kosmogonia berri honen ardatza, euskal jentilek Kixmi (tximino edo tximu omen) deitu izan zutena.

Erlijio berriak errito zahar ainitz bere baitan eraldatu eta onartu bazituen ere, beste ainitz galarazi eta bazterrarazi egin zituen. Esan beharra dago, euskal jentil askorentzat erlijio berria sinesmen zaharren jarraipena izan zela, beraiek horrela sentitu zuten, bederen. Adibidez, Mari gure jainkosa handia Maria bilakatu zen.

Giristinoek jakin zuten euren sinesmenak aurreko sinesmen jentilekin nahasten, eta euren errito eta jaiak naturaren inguruko errito eta jai zaharrekin parekatzen. Horrela, solstizio eta ekinozioen inguruetan euren jai nagusiak ezarri zituzten: Jesusen Natibitatea (edo Eguberria, jentilen izen zaharra beraientzat hartuz) neguko solstizio irian, Garizuma eta Aste Saindua (inotearen ondoren) eta Jondoni Joane edo san Joan udako solstizioaren irian.

Eguberri giristinoetan ez da eguzki jaio berria gurtuko, Jesus jaioberria baizik, eta aitzineko sinesmen zaharretan Eki edo Eguzki baldin bazen ardatza, zeruan jaio, hazi, hil eta arrapizten zelarik, giristinoen zikloan gauza bera izanen da, baina Jesus izanen da jaio, hazi, hil eta arrapiztuko dena.

3.- Joxemiel Barandiaranen kontakizuna.-

Ziklo animista-naturalista zaharraren eta ziklo giristinoaren artean kokatu behar dugu Olentzero izeneko pertsonaia. Batzuen ustez, ziklo zaharra irudikatzen du, hau da, ekihotzaren heriotza eta eki edo eguzki berriaren jaiotza. Giristinoen ustez, berriz, Olentzero azken jentila da, sinesmen zaharren amaiera eta Jesukristoren sinesmen berriak iragartzera datorrena. Hortaz, hauxe dugu, garai haietan gertatu zen sinkretismoaren adibiderik onena. Ziklo bat bestearen gainean, kosmogonia bat bestea estaliz.

Joxemiel Barandiaran Ataungo antropologo zaharrak Olentzeroren mitoa ahozko oroitzapenetatik jaso eta bizirik iraunarazi du gure egunetaraino. Horra hor:

Badirudi euskal jentilek ez zutela begi onez ikusten giristinotasunaren etorrera eta zabalkundea, euren herriaren eta sinesmenen amaiera ekar zezakeelakoan. Hori dela eta, anitzetan, gure haran eta ibarretan gero eta ugariagoak ziren baselizak erasotzen zituzten mendietatik harritzarrak jaurtiz.

Behin, jentilak Aralarreko Argaintxabaleta izeneko lepoan bilduta zeudela, beraiengana hurbiltzen zen izar edo hodei distiratsu bat ikusi omen zuten. Jentil zaharrenak, hura ikusiz, honela esan omen zuen: “Kixmi jaio da. Gure arrazaren amaiera iritsi da. Bota nazazue amildegi horretara, jadanik, ez baitut zer egiterik mundu honetan” Gogoaren kontra bazen ere, jentilek horrela egin zuten, jentil zaharra zulo handi batera amilduz. Gero izuturik, lasterka egiteari ekin zioten. Horietako batzuk erori egin ziren mendi magaletik behera zihoazela, lubizi bat sortuz. Euren gorpuak Arrastarango Jentilarri trikuharriaren azpian omen daude ehortzirik.

Jentil horietako bat, Olentzero izena zuena, ez omen zen lubizi hartan hil, eta berak zabaldu omen zuen Kixmiren jaiotzaren berria Euskal Herri osoan zehar, herriz herri eta etxez etxe. Istorio horretan dugu Olentzeroren mitoaren adierazpena.

4.- Olentzeroren beste izenak eta etimologiak.-

Olentzerok baditu beste izen ugari Euskal herriko luze-zabalean erabili eta erabiltzen direnak: Olentzaro, Onentzaro, Onontzaro, Orentzaro, Onentzero, Onantzaro, Onontzaro, Onontzoro, Orantzaro, Aranzaro, Gomentzago, Subilaro, Silaro, Xiularo, Suklaro, Kalerre, Putierre… Eta izen batekin zein besterekin, beti loturik agertzen da mundu zaharrarekin, sinesmen zaharrekin, 24ko gauean etxeetako tximinietan erretzen zuten enbor handiarekin, eta gau horretan etxe guztietan pizten zuten su sakratuarekin.

Aipa ditzadan, orain bere izenari buruz, hor-hemenka, sortu eta zabaldu diren etimologiak.

a.- XVII. mendean, Lope Martinez de Isasti kronikagile lezoarrak

Olentzero hitzaren jatorria Onen(tz)aro zela idatzi zuen. XX. mendean

R.Mª Azkue euskaltzainburuak etimologia bera defendatu zuen.

b.- Julio Caro Baroja etnografoak Olentzero hitz hasierako O hotsa Erdi

Arotik zetorren tradizio giristino batekin lotu zuen. Frantzia aldean,

Gabonetan kantatzen omen zuten aipatzen zituzten izenen aurrean O!

esklamazioa jarriz, eta Olentzero hitza Julio Caro Barojaren ustez,

hortik etor zitekeen.

c.- Seber Altube eta Manuel Lekuonaren iritziz, Olentzero izenaren olen

hasiera frantseseko noel hitzaren metatesi edo letra ordenaren aldaketa

batetik dator.

d.- Jose Maria Satrustegik Olentzero oles edo agur egiteko garaia dela

zioen. Oles hitza eske-kantuetan, Santa Agedaren kopletan adibidez,

agertzen da.

Orixek “Euskaldunak” olerki-liburu epikoa idatzi zuenean, Olentzero pertsonaia eta bere inguruko kontuak ederki jorratu zituen. Olentzero hitzaren jatorriari buruz dauden irizpideak ezagutzen zituelarik horrela azaldu zuen bere olerkietako batean: Begigorri badator aiton Olentzero / urteak egun ainbat begi ta bat geigo / Gurdia alako sabel, aurpegi dena ago / nondik nora sortu zan, jakin gabe nago.

5.- Olentzero kontsumismoaren hatzaparretan.-

Gaur, zalantzarik gabe, Olentzero da Euskal Herri osoan euskal eguberrietako pertsonaia nagusia, hiru errege magoekin eta Papa Noel edo Bizarxurirekin gogor lehiatu behar badu ere. Bere kantuak nonahi entzuten dira eta ikazkin mozkortiaren irudia aldatzen ari da, gaurko estereotipo modernoetara hurbilduz. Nonahi ikus dezakegu baita Euskal Herriko hipermerkatu handienetan ere. Garai bateko mezu jentil hura, eguzkiarekin, su sakratuarekin eta naturarekin loturiko mezu hura, jadanik desagertu da.

Orain zikloaren ardatza ez da ez Eki eta ez Jesukristo, kontsumismoa baizik, eta zoritxarrez, Olentzero gaurko euskal gizartearen ikonoa izaki, kontsumismoaren sareetan erortzen hasia da.

Ene irudikoz, iritsi zaigu garai bateko mezu eta izpiritu sakratu haiek berreskuratzeko garaia. Gero eta hurbilago dugun Euskal Herri berri eta askean, izadiarekin eta iraganarekin lotzen gintuzten irudi eta sinboloak berreskuratu beharra dauzkagu, azken finean, gaur egun ere, euskaldunok gure burua Ama-Lurraren seme-alabatzat hartzen baitugu. Olentzero izan dadila Ama-Lurraren kolkora itzultzeko amesten dugun bide berriaren ikur eta itxaropena.

Neguko solstizioa edo neguburua hurbil daukagu. Eguzki zaharra akiturik eta indargabeturik dago, laster, 25ean, eguzki berria sortuko da, Eguberri izeneko jai solstizialaren tenorea izanen da. Bezperan, hau da, 24ko gauean, Olentzero Euskal Herriko herri guztietan barrena ibiliko da eguzki berriaren jaiotza iragarriz. Sutondoetan olentzero-enborra piztuko dugu eta subilaroa hasiko da. Hauxe da festa honen oinarrian dagoena. Gaur egun, sinesmen horretatik deus gutti gelditzen zaigu, tamalez. Kontsumismoa eta materialismoa dira nagusi. Piztu ditzagun gure bihotzak eta berreskura ditzagun naturalismoan eta animismoan oinarrituriko arbaso zaharren sinesmenak eta filosofia aberatsa!