MANEXEN ANAIA BAT

Manexen baserrian, ekainaren bukaera aldean oraindik belar onduaren bilketarekin jarraitzen zuten urte hartan. Gehiena baturik zeukaten ordurako, baina, zer edo zer, hala ere, falta zuten etxeratzeko.

Gauzak hala zeudela, arratsalde jakin batean jo eta su aritu ziren lanean familiako guztiak, goiko aldean zeukaten euntze batean. Ohiko moduan, bakoitza bere zereginetan aritu zen, hau da, hasiera batean denek belarra iraultzen jardun bazuten ere, geroago, belarra ongi ihartutakoan, batzuk mailak egiten hasi ziren, beste batzuk belarra gurdira botatzen, aita saralea organ ongi ezartzen, Manex behien euliak-eta uxatzen, ama askaria eta edariak eramaten eta abar.

Kontua zera da, lehenengo gurdia zamatutakoan, eta, aita, beti bezalaxe, bi semerik zaharrenekin eta Manexekin baserrirantz abiatu baino lehenago, belarra eramateko, erabaki zutela orduantxe bertan askaldu behar zutela han. Hori horrela, askaltzen bukatu bezain laster, Manexen anaia bat, jostalari eta oso txantxa zalea zena, berehalaxe hasi zen bihurrikeria batzuk egiten. Horretarako sarde bat hartu eta aldamenean zegoen inurritegi baten gainean jarri zen. Berriketan hasi, eta, denak berari begira zeudela ohartu zenean, zera esateari ekin zion ozenki:

Sugea, sugea! Lagundu!

Beste guztiak, egia-egiatan ari zelakoan, kezkatu eta asaldatu egin ziren. Segituan hasi ziren jaikitzen eta berarengana joaten, laguntza emateko, baina iritsi baino lehen, anaia txantxa zale hark hara zer egin zuen, sardea altxatu eta bat-batean goitik behera kolpe batez jaitsi, sugeari sarde-hortzen bat sartzeko imintzioa eginez. Baina ustezko sugea jo beharrean, bere oinetako batean sartu zuen sardea, eskuineko zatan, alegia. Zeharkatu eta dena egin zuen sardearen hortz batek, zataren goma, baina, zorionez, behatz potolo eta luzearen artean sartu eta ez zion batere zauririk eragin.

Bera, bai, berehalaxe konturatu zen zer gertatu zitzaion, baina gainerako guztiak ez, ordea, eta hantxe joan zitzaizkion lasterka, estu eta larri, lagundu eta artatu nahian. Gainera, anaia bihurritxo hura honelaxe hasi zen oihuka, etxekoei ziria sartu nahian:

Ai, ai, ai, ai! Hau mina! Lagundu! –plantak eginez eta oinaze ikaragarria balu bezalako itxurakeriak erakutsiz.

Hura entzunda, familiako guztiek are eta azkarrago jarraitu zuten oraindik lasterka mutilarengana, laguntza eman nahian.

Baina iritsi bezain agudo, guztiak ohartu ziren dena antzerki hutsa izan zela, gezurra, alegia.

–Kar-kar-kar! Inozenteak! Dena sinistu duzue, demonio txoroak! –hasi zitzaien anaia hura etxekoei barre algaraka, kar-kar eta kar-kar oilo baten antzera.

Sendikoei bat-batean aurpegien itxura aldatu zitzaien; lehengo seriotasun eta larritasuna orain haserre bizia bihurtu zitzaizkien.

–Ergela, ez bestea! Baina hi ganbaratik ongi al hago? Hoa antzarak ferratzera, motel! –hasi zitzaizkion segituan etxekoak, kolera handian, ikusita zer ziri sartu zien.

Dena den, handik gutxira, anaia hura hara non hasi zen hitzetik hortzera jauzika eta lasterka, bakerik gabe. Zer gertatuko eta, bitartean, bera ohartu orduko, inurritegiko txindurri gorri gaizto mordo handi bat hanketatik gora joan zitzaion, galtzen gainetik eta barrutik; batzuk lepo eta bururaino ere aida batean iritsi zitzaizkion. Hozkada bat edo beste ere, berandu baino lehen hasi zen sumatzen gorputzaren leku batean baino gehiagotan.

–Aluak! Madarikatuak! –oihukatu eta lasterrean hasi zen, animaliatxo amorragarri haiek pixka bat menderatu bitartean.

Azkenean familiakoek hantxe bukatu zuten denek, adarjotzaileari adarra jotzen.

Kar-kar-kar! Oilobustia halakoa! –bota zion batek.

Koldar alaena! Ijiji, ai ene! –beste batek.

Beldurtia, ez bestea! –esan zion azkenak, algaraz eta karkailaz.

Hara!, berriz ere odolkiak ordainetan!