MILAZULOA

Izen botanikoa Hypericum perforatum da, Hypericaceae familiakoa. Herri-izen asko ditu. Euskaraz: milazuloa, San Juan belarra, ausiki belarra, Santio belarra, te beltza, epai belarra, etab. Gaztelaniaz: hipérico, corazoncillo, hipérico de Roncal, te, sanguinaria, corión, hipericón, hierba de San Juan, hierba de las heridas, etab. Milazuloa izena, hostoek dituzten guruin zeharrargiek ematen diote; ematen du zulatuak daudela (milazuloa). Ausiki belarra izena ere hortik datorkio: hostoen zulo itxurako horiek (guruinak) ausiki eginez sortuak izan balira bezala. Portugesez milfurada eta frantsesez millepertuis deitzen zaio. Hortik datorkio perforatum izen zientifikoa ere. Santio belarra izena, berriz, zenbait lekutan, Santiago egunez, baserrietako ateetan jartzen delako. Landareak deabruak uxatzen omen ditu: espantadiablos deitzen zaio gaztelaniaz. Landarearen loraldia San Juan inguruan une gorenean dago, hortik San Juan belarra izena. Epai belarra ere deitzen zaio: izan ere, epai (ebakiak) eta zauriak sendatzeko erabiltzen da. Larramendik bere hiztegian (Donostia, 1745) dio likurusna deitzen zaiola euskaraz: likur (lika, hau da, itsasten den likidoa) eta usna (usma, usnaka, eta hortik: miatu, erauzi); hau da, landare horrekin egiten den olio sendatzailea. Lacoizquetak bere hiztegian (Iruñea, 1888) dio, euskal lurraldean, landarearen olioa arnikaren suzedaneo gisa erabiltzen dela, ubeldurak eta kaskatekoak tratatzeko, eta gaineratzen du landarearen loreekin ratafia edo likore bat egiten dela.

Guruin zeharrargiak olio esentzialez betetako poltsak dira. Landare horren hostoak, berriz, esku artean igurtzen denean, orban moduko bat, laranja kolorekoa, uzten du. Landarearen izerdia da.

Landare belarkara, metro batekoa izan daiteke. Andui zurkara. Zurtoinek lauki-formako ebakidura dute, bi lerro meheak dituzte luzetara, eta adar asko. Aurkako hostoak, eseriak, oblongoak, guruin zeharrargiak dituzte, ugariak, eta bakar batzuk beltzak. Infloreszentziak muturreko zimak dira. Maiatzetik irailera arte loratzen dira. Bost sepalo puntadunak eta petalo hori biziak. Hiru estilo. Lorezilak, hiru faszikulutan multzokaturik, horiak. Fruitua kapsula gorrixka, oblongoa, hiru konpartimentu ditu eta hazi beltzak. Landare osoak gutxi-asko guruin zeharrargiak eta beltzak ditu.

Hipocrates-ek (K.a. 460-370) eta Dioscorides-ek (K.o. 40-90) jadanik landarea aipatu zuten. Sorburua Europan du. Soro-landarea, erruderala, gailur altuetan izan ezik, Europa guztian sortzen da, muinu eguzkitsuetan, sasi artean, belardi eta bide bazterretan, ezpondetan eta basoetako argiguneetan. Nafarroan, basoko belardietan, larretan, ezpondetan, leku nitrofiloetan, lurralde osoan hazten da. Zurtoinetako goiko aldean, loreak barne, loraldian biltzen dira, eta itzalean lehortu. Munduko leku askotan bertakotu da, hala nola Txinan, Australian, Afrikako iparraldean eta Amerikan.

Zauriak eta ultzerazioak sendatzen zituelako militarren belarra ere deitzen zitzaion. Errenazimentuaren hasieran, zeinuen teoria une gorenean zegoenean, zauriak sendatzeko oso erabilia izan zen. Izan ere, landarearen hostoen azala zulatua egon arren, ezin hobeki orbainduta zegoen.

Loreak eta ernamuinak dituzten adarrak (sumidade loredunak) erabiltzen dira. Europako Farmakopearen arabera sumidade loredun lehortua, osoa edo zatitua, erabiltzen da, eta droga lehorraren % 0,08, gutxienez, hiperizina izan behar da.

Osagai eraginkor asko ditu. Naftodiantronak (%0,05-0,3): hiperizina, pseudohiperizina, isohiperizina, etab. Forogluzinol-en deribatuak: hiperforina (%2-4,5), adhiperforina (%0,2-1,8). Flabonoideak (% 2-4): hiperosidoa, errutosidoa, etab. Bisflabonak. Xantonak. Azido kafeiko-ren deribatuak. Proantozianidinak. Olio esentziala. Tanino asko (%3-16). Fitosterolak. Kumarinak.

Landarearen estandarizazioa hiperizina eta pseudohiperizina konposatuen arabera egiten da. Hala ere, EMA-k (Europako Medikamentuen Agentzia) dio flabonoideen eta hiperforinaren kantitateak ere azaldu beharko lirateke.

Milazuloaren eragin orbaintzailea eta bakterioen aurkakoa aspaldidanik ezagunak dira. Gaur egun, ordea, landareak duen depresioaren aurkako eragina da gehien erabiltzen dena. ESCOP-ek (Fitoterapiaren Europako Kooperatiba Zientifikoa), EMA-k eta E Komisioak (Alemaniako sendabelarrek monografiak) landarearen eragin antidepresiboa baieztatu dute. Halaber, eragin antifungikoa, hantura-kontrakoa eta antibirala baditu.

Hainbat entseguk frogatu dute depresio arinak eta ertainak tratatzeko landareak duen ahalmena. Hala ere, oraindik ez da argitu zein substantziak duen eragin antidepresiboa (nonbait hiperizinak, hiperforinak eta flabonoideek dira, modu sinergikoan), ezta nola eragiten duten ere. Depresio larriaren tratamenduan, berriz, datuak kontraesankorrak dira.

Ikerketa askok frogatu dute milazuloaren albo-ondorioak oso gutxitan azaltzen direla. Haurdunaldian eta edoskitzaroan ez da hartu behar, datu nahikorik ez delako. Bestalde, milazuloa hartzen duten eta larruazala oso sentikorra duten gizabanakok eguzkitan denbora gehiegi egotea saihestu behar dute, baita erradiazio ultramoreak baztertu ere. Izan ere, erreakzio exantematikoak (eguzkiak eragindako erredurak bezalakoak) izateko arriskua badute.

Pello Iturria Sarasibar

BIBLIOGRAFIA

Akerreta S, Calvo MI, Cavero R. Sabiduría popular y plantas curativas. Madrid. Ediciones i, 2013.

García Bona LM. Navarra, Plantas medicinales. Caja de Ahorros de Navarra, 1981.

Hipérico. Plantas medicinales. www.fitoterapia.net