ROSSELL HOPE ROBBINS ETA LAPURDIKO SORGINAK

Sorginkeriaz hitz egiten dugunean, badira hainbat ikerle eta idazle nahitaez aipatu behar direnak. Euskal Herriko sorginez ari garela Julio Caro Baroja dugu ezinbesteko erreferentzia, baina Europako sorginkeriaz ari bagara, Rossell Hope Robbins dugu iturri saihestezina.

Rossel Hope Robbins 1912an sortu zen Ingalaterrako Wallasey hirian eta 1992an zendu zen. 1937an Cambridg-eko Unibertsitatean doktoretza atzeman zuen. Gazte-gaztetik nabarmendu zen mendebaldeko Europa osoan zehar, XV. mendetik XVIII.era izan ziren sorgin epaiketez egindako ikerlan bikainengatik. Denbora pasatu ahala, sorginkeriaz edota demonologiaz izan dugun aditurik handienetako bat izatera iritsi zen.

Ingalaterra, Kanada eta Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan aritu zen irakasle, eta horretaz gain, hizlari aparta eta artikulu eta liburu andana baten egile dugu.

1959an bere lanik garrantzitsuena argitaratu zuen: The encyclopedia of witchcraft and demonology izenekoa, Europako hainbat hizkuntzatara itzulia izan dena. Euskaraz, tamalez, ezin dugu irakurri. Plazaratuz geroztik, liburu hau dugu gai eztabaidatsu hau aztertzeko ezinbesteko irakurketa.

Liburuaren sarreran garbi uzten du zein den bere ikergaia, hau da, Europako mendebaldean, XV. mendetik XVIII.era ezagutu zen sorginkeria edo demonologia. Liburuan dioenez, sorginkeria hori ez da antropologia, folklore, mitologia edo legendaren adarra, kristau erlijioaren heresia baizik.

Sorginkeria honek ez du inolako erlaziorik magiarekin, aztikeriarekin edo satanismoarekin. Sorginkeria teologiarekin lotua zen. Sorginkeria kristau sinesmenaren ukazioa zen, deabruaren gurtzea, edo horrela definitzen zuten, bederen, garai hartako europar elizgizonek zein hainbat agintari interesatuk. Kristau erlijioaren aberrazioenetako bat izan zen, paranoia kolektibotik gertu izatera iritsi zen aberrazioa, hiru mendez Europa osoa beldurpean eduki zuena.

Sorginkeriaren aurkako balizko borrokaren izenean gizateriak ezagutu dituen hilketa, tortura eta lapurreria handienetakoak egin zituzten.

Edozein aitzaki ona zen pertsona bati sorgina zela leporatzeko. Inpunitatea erabatekoa zen eta tortura lazgarrien bidez edonoren aitorpena lortzen zuten. Bide ona zen arerioak gainetik kentzeko, euren ondasunez jabetzeko eta diru erraza egiteko. Inkisizio Santua izan zen horretan buru-belarri, krimenez krimen eta torturaz tortura ibili zen erakunde erlijiosoa. Zurrumurru bat aski zen pertsona bati sorginkeriatan zebilela leporatzeko. Berehala atxilo hartzen zuten, gero tortura ikaragarrien bidezko galdeketa egiten zioten, eta amaitzeko askotan heriotza krudela ematen zioten. Hori dena Jesukristoren izenean.

Rossell Hope Robbinsen liburu mardulean hori dena ongi aztertzen da, era guztietako zehazkizun historikoak eta testigantzak emanez, gorputzeko ile guztiak lazteko moduko datuak eta lekukotasunak gogora ekarriz. Bere ikerketetan Europa osoko kasuak agertzen dira, Alemaniakoak, Frantziakoak, Ingalaterrakoak, Espainiakoak… eta atal batean Lapurdiko sorginak aipatzen ditu. Bere laburtasunean arras interesgarria iruditu zaidanez, hona hemen egin dudan itzulpena:

Euskal sorginak. Pierre De Lancre-k 1612. urtean idatzi zuen Tableau… izeneko liburua eta haren xede nagusia zen sorginkeriaren errealitateaz sinesten ez zutenei probak eta gogoetak eskaintzea iritziz alda zezaten. Horrekin batera, sorginen aurkako neurri gogorragoak eskatzen zituen. Horretarako 1609an, Lapurdin, Frantziako erregearen ikerle eta epaile gisa egindako balentria eta triskantzen berri eman zuen zabalkiro;

liburuan zehar, Frantzian, XVII. mende osoan izan zen sorgin ehizaz mintzo zaigularik.

Frantzian eta Alemanian izan ziren jazarpenak egin ahal izateko, eskualdeetako epaileen gainetik zeuden epaile guztiahaldunak igorri zituzten. Frantziako Henrike IVak (Nafarroako IIIa zena) De Lancre hautatu zuen eta Lapurdira zuen bidali. Honen metodoa etika guztien kontrakoa zen eta torturen bidez atzematen zituen aitzinetik bilatzen zuen akusazioa berresteko probak. De Lancreren ustez, misiolariek Japoniatik eta Ekialdeko Indietatik bidalitako deabruek Lapurdi zeukaten bizitokitzat. Esaten zuenez, arno-erosle ingelesek deabru aldra handiak ikusiak omen zituzten hegaka, Lapurdiko zeruetan barna.

Sorgin ehiza 1576. urtean hasia zen eskualdean eta jadanik berrogei pertsona sutan kiskalita hil zituzten, baina De Lancreren etorrerak sorgin ehiza areagotu zuen. Garai hartan hogeita hamar mila biztanle inguru bizi omen ziren Lapurdin eta deabruek gehien-gehienak sorgin bilakaturik zituzten, bertako apaizak barne. Herrietako plazetan akelarreak egiten omen zituzten, Hendaiako hondartzan hamabi mila sorgin inguru biltzen omen ziren eta tarteka Ternuaraino hegaka joaten omen ziren. Hainbat akelarretan ehun mila pertsona bildu omen ziren, horietako bi mila inguru haurrak zirelarik. Bilkura hauek oso ongi antolatuta omen zeuden eta joaten ez zirenek hamar suseko isuna ordaindu behar omen zuten.

Torturapean aitorpen aunitz lortu zuten eta aitorpen horiek askotan De Lancrek aurretik iradokitakoak ziren. Itaunketak euskaraz egiten zituzten eta gero, hala moduz, frantsesera itzultzen zituzten. Maria Hiriart-ek kontatu zuen 1609ko irailaren 27ko gauean ukendu batez igurtzi zuela gorputza eta gero hegaka ibili zela. Ukendua eskatu ziotenean, deabruak atxikia zuela erantzun zuen. Saubadine Zubietak eta Maddi alabak (hamasei urtekoa) kontatu zutenez, deabruak iratzartzen omen zituen goizez akelarrera joan zitezen. Maria Marigrane eta hiru lagun Biarritzera joan ziren asto bihurturiko deabruaren gainean. Ziburuko erretore zen Piarres Bokal apezak meza beltz bat egin zuela aitortu zuen. De Lancre epailearen trebetasuna handia zen torturapeko galdeketetan, eskualdeko neskatilek deabruarekin izandako sexu harremanen zehazkizunak aitor ziezazkioten.

Henry C. Leak dioenez, garbi dago torturapean egindako aitorpen horiek epaileen desirak betetzeko modukoak zirela. De Lancrek, berriz, ez zuen inolako zalantzarik testigantza horien egiazkotasunaz. Gainera, torturak eta hilketak arbuiatzen zituen lagun oro, susmagarritzat hartzen zuen.

De Lancreren hilketa handiek Lapurdi osoa sumindu zuten, Herritarrak aurka zituen eta hori ere deabruaren lana zela argudiatzen zuen. Agintariak ere, ikaratzen hasita zeuden De Lancreren krimenekin. Ternuan ziren arrantzaleek, beren senideekin egiten ari zirena jakin zutelarik, Lapurdira alderanzko itzulbideari ekin zioten. Bat-batean, sei mila arrantzale inguru lehorreratu ziren Lapurdiko portuetan eta justizia eskatzen hasi ziren han eta hemen, haien samina ezin atxikiz. De Lancreren biktimen artean, hiru apaiz zeuden, sutan bizirik erre zituenak. Baionako apezpiku Bertrand Etxauzek bost apaiz libratu zituen presondegitik eta sorgin ehizaren kontrako mugimendu herritarrarekin bat egin zuen.

De Lancrek ongitxo zekien zer nolako gorrotoa pizten zuen lapurtarren artean. Behin amestu omen zuenez, 1609ko irailaren 24ko gauean meza beltz bat egin omen zuten bere logelan. Holakoak zabaldu zituen lapurtarrak deabruaren errealitateaz ohar zitezen, baina alferrik, herritarrak gero eta haserretuago baitzeuden.

Bere azken eguna arte, De Lancrek deabruaren errealitateaz sinetsi zuen. Damu zen Frantziako pertsona argienak eta baita epaile onenak ere, sorginen kontuak zirela eta, azaltzen zituzten zalantzengatik.

Ez da luzea, Rossell Hope Robbins-ek bere liburuan Lapurdiko sorginez egiten duen aipamena, baina bai interesgarria eta ongi azaldua.

Zer gehiago esan De Lancre malapartatuaz? Lapurdiko herriak odoleztaturik utzi zituen. Zenbat pertsona hil zituen? Datu handirik ez dagoen arren, ikerlari gehienek berrehun bat hil zituela onartzen dute, eta badira bi mila inguru erail zituela esaten dutenak. Torturatuak, berriz, askoz gehiago izan ziren. Modu batean edo bestean, euskaldunok ezin dugu, inolaz ere ahantzi De Lancrek Lapurdin egin zuen sarraskia.