MANEX ETA HONDARTZA

Manexen baserrian, urte hartan, sanferminak baino lehentxeago bukatu zituzten lehendabiziko belarren lanak, hau da, hazitako lehen belarrak ebakita, onduta eta etxeratuta zeuden, ganbaran; batzuk, ordea, etxe ondoan, belar-metatan jarriak zeuzkaten. Geroago bigarrenak iritsiko ziren, batez ere euria egiten bazuen.

Horiek horrela, baserriko gurasoek, nola edo hala, lanak aurreratu izana ospatzeko, egun batean hondartzara joatea erabaki zuten. Hala ere, familian zortzi lagun ziren eta denak joatea zaila eta garestia izanen zelakoan, bi seme gazteenekin joatea deliberatu zuten. Beste lau seme-alabak etxean geldituko ziren, nahi zutena egiten eta azienda pixka bat gobernatzen. Hasieran ez ziren batere ados egon erabaki harekin, beraiek ere joan nahi zutelako, eta protestak ez ziren inola ere gutxi eta txikiak izan, baina gurasoek hainbat eta hainbat azalpen eta arrazoi eman ondoren, badirudi azkenean ongi samar onartu zutela gurasoen ebazpena. Horretan ere amak laguntza handia eman zien, aldez aurretik bazkaria prest utziko zielako, eta, era hartan, ez zuten ibili beharko jatordu hura behintzat atontzen.

Horrenbestez eguna iritsi zenean, amak, goiz jaiki, eta denen bazkariak prestatu zituen, alegia, baserrian geldituko ziren lau haientzakoak eta baita hondartzara joan behar zuten beste laurentzakoak ere. Gauzak hala, hondartzarako hartu beharreko arropa guztiak, bazkaria eta dirua aldean jasota, ondoko herrira jaitsi ziren laurak –gurasoak eta bi seme gazteenak– oinez, bide aldapatsu eta kaxkar hartan barna, hantxe, herri hartan, taxi bat alokatzeko.

Taxilaria gurasoen ezaguna zen. Aldez aurretik hitzartuta zeukaten egun hartako plan guztia, eta, ondorioz, dena oso azkar eta ongi joan zen; aurreikusita zegoen bezala.

Zer, mutikoak, hondartzara joateko irrikan, ala? –galdetu zien taxilariak mutiltxoei, behin auto barruan egon eta gero.

–Bai, jakina! Oso gustura, gainera! Guk oraindik ez dugu inoiz itsasoa ikusi eta gogo handia daukagu –erantzun zion Manexen anaiak irribarre zabala erakutsiz.

Kontuan hartu behar da, beraien baserrian oraindik telebistarik gabe jarraitzen zutela, eta, zerbait ikustekotan, agian, argazki edo libururen batean ikusiko zuten itsasoa, gehiagorik ez. Hortaz, inondik inora ere ez zeukaten oso argi nolakoa zen itsaso izeneko gauza handi hura.

Hala, bada, hizketa hura bukatu bezain azkar abiatu ziren bostak itsaso aldera, ziztu bizian, denbora gehiagorik alferrik eman gabe. Bidean, denek hitz eta pitz jarraitu zuten gidariarekin, beraien pozaren erakusgarri, seguru asko, harik eta Manexek, halako batean, rau!, harriduraren harriduraz honako hauxe oihukatu zuen arte:

–Hara! Begira, begira ezazue zeinen ibai handia dagoen hor! –mutikoak, sor eta lor.

Izan ere, une hartan Tolosan barrena pasatzen ari ziren eta han ikusitako erraldoi hura, Oria ibaia zen, hain zuzen ere. Manex eta beste anaia, baserri inguruko errekak eta errekastoak zeuden ohituta ikustera, eta, arrazoi horrexegatik Oria ibaiak sorrarazi zien halako txundidura.

–Ba, ikusiko duk gero zeinen ibai handia agertu behar zaigun hondartza ondoan, Manex! –bota zion taxilariak adarra jo nahian.

Horiek horrela, Oria ibaia atzean utzi eta beste solasaldi batzuk egin ondoren, azkenean, mutikoek hain desiratua zuten hondartza parera iritsi ziren.

–Ooooo!, a zer-nolako hondar pila dagoen! –Manexek, erdi estasiatuta.

–Hara!, eta zenbat ur itsasoan! Zeinen zabala den! –era berean anaiak.

Haiek hala, bi mutikoen lehen harridura egoera hartatik errealitatera etorri eta gero, autoa aparkatu, beribiletik atera, hondartzarako gauzak eta janaria hartu, eta itsaso aldera abiatu ziren denak, taxilaria izan ezik. Hitzartuta zeukaten bezalaxe, gidaria bere gisara ibiliko zen itzultzeko ordua iritsi arte; arratsera arte, alegia. Hortaz, elkar agurtu eta bakoitzak bere martxa hartu zuen.

Behin Kontxa hondartzan eroso kokatu bezain laster, arropa gehienak erantzi eta mutikoak ziztu bizian hasi ziren hondarrarekin jostaketan: orain zuloak egin, orain zuloak estali; orain lasterka hasi, orain gelditu; batek bestea harrapatu eta bultzada batez lurrera bota, gero alderantziz; geroxeago olatuen aldera joan eta oinak haietan sartu eta abar. Gerriraino, soil-soilik gurasoen arretapean sartu ziren; gehiago ez ziren murgildu ez zekitelako igeri egiten, baina erdi flotatze haren sentsazioak gogotik gustatu zitzaizkien, eta, beraz, era hartan jarraitu zuten bazkaltzeko ordua iritsi zen arte.

Eguraldia eguzkitsu eta bero zegoen. Hainbeste mugimendu egindakoan, Manex eta anaia zeharo gosetuta zeuden. Hortaz, gurasoen ondoan, lurrean eseri eta amak baserrian prestatutako bazkaritik oso gustura jan zuten laurek; horrela merkeago gurasoentzat. Garai hartan, gauza guztietan saiatu behar izaten zuten dirua aurrezten, beraiek ez baitziren aberatsak.

Bazkalondoan, mutikoak hondarraren gainean etzan ziren, geldialdian egon eta atseden hartzeko; gurasoek, ordea, eserita jarraitu zuten, digestioa egiteko.

Ezinbesteko atsedena egin bezain agudo, baina, mutikoak berriro goizean bezalaxe aritu ziren, txindurrien modu bertsuan, aurrera, atzera, ezker-eskuin, gora, behera, uretara sartu, handik atera, busti, lehortu, lasterka hara, korrika hona, eta bat eta beste.

Azkenean, noizbait hiperaktibitate frenetiko harekin pixka bat nekatu eta aspertu zirenean, gurasoen ondora hurbildu, baretu, eta gelditu egin ziren. Handik gutxira, eguzkia jadanik Igeldo aldean behe samarrean ikusten zenean, mutikoek gorputzeko hondarra astindu, arropak jantzi eta martxa egiteko prest zeuden. Orduan aitak, denen ustekaberako zera galdetu zuen:

–Aizue, mutikoak, nahi al duzue izozki bana?

–Izozki bana? Bai, noski! –Manexek, pozak txoratzen.

Baaaai, bai, bai, jakina! –anaiak irribarrez, lerdea zeriola.

–Tira, ba, goazen! –ebatzi zuen aitak.

Bueno, bada, gurasoak eta bi seme gazteenak, aida batean iritsi ziren italiarren dendara. Han, norberak bere gustuko izozkia aukeratu, jaso, eta, aitak ordaindu ondoren, Bulebar izeneko hiribidera joan ziren laurak tipi-tapa, hango banku batean eserita, lasai-lasai miazkatuz, jatera eta gozatzera.

Hura bukatutakoan, ama segituan ohartu zen, taxilariarekin jarritako hitzordua berehalaxe zutela, han, hurbil-hurbilean, Donostiako Udaletxe aurrean. Luzamendutan ibili gabe, istant batean iritsi ziren laurak jarritako topalekura. Taxilaria ere handik oso gutxira agertu zen; hitzeko pertsona zela argi eta garbi erakutsi zuen.

–Eup!, hementxe naukazue, ba! –agurtu zituen baserritarrak.

–Hepa Martin, hemen al hago dagoeneko? –itzuli zion aitak.

–Bai, jauna! Eta osorik, gainera! –Martinek, umore onean.

–Bueno, eta zer moduz ibili haiz, ba, hiriburu handi honetan? Ongi bazkaldu al duk? –galdetu zion aitak, hizpidea emateagatik.

–Bai, primeran! Hortxe bertan, Parte Zaharrean; oso gustura.

Elkarrizketa bukatu, eta, behin gauza eta pertsona guztiak auto barrura sartuta, segidan abiatu ziren bostak baserri aldera; orain alderantzizko bidaia, hondartza, itsasoa eta hiriburua agurtu eta gora aldera. Itzulerako bidaia lasaiagoa eta patxadatsuagoa izan zen, goizekoarekin alderatuta. Denak sentitzen ziren nekatuta, baina, batez ere bi mutikoak esan liteke abail-abail eginda zeudela. Helduek, tarteka-marteka izan zuten elkarrizketa bat edo beste, baina txikienak alde-aldean isilik joan ziren bide gehienean.

Beraien baserri ondoko herrira iritsitakoan, autotik atera, gauza guztiak hartu, aitak taxilariari ordaindu eta elkar agurtu zuten.

–Bueno, Martin, ongi segi eta egon bizkor! –amak, denen izenean.

–Bai, eskerrik asko eta gauza bera zuentzat! –gidariak, eskuarekin keinu bat eginez.

Berriz ere etxeko aldapa gorari ekin behar lau bordariek, bide ziztrin eta kaxkar hartan barna. Eskerrak behintzat ilargi ederra zegoela hobeki ikusi eta errazago ibili ahal izateko! Baina etxe ondoan zihoazela, ordea, Manexek hauxe bota zion ziplo amari:

–Arraioa, ama, ez dakit zer dudan, baina gorputz osoan hasi naiz sumatzen egundoko erresumina! –mutikoak, kexati.

–Jo, ba, nik ere erremin ikaragarria nabaritzen dut soinean, besoetan eta hanketan! Arraiopola! –anaiak, deseroso.

–Trankil, trankil!, etxera ailegatu eta berehalaxe ikusiko diagu zer duzuen hor! –saiatu zen ama semeak lasaitzen, nahiz eta berak bazeukan bere susmoa.

Jesus batean baserrira iritsi, barrura sartu eta arropa altxatzeko eskatu zien amak mutikoei.

–Ooooo! Jesus ene bada! –deiadar egin zuen amak, ikaratuta–, gorri-gorri zaudete eta! Ea zer egiten dugun orain! –zoritxarrez, amaren errezeloa egia zen, karramarro egosiak bezain gorri baitzeuden–. Bai, zerbait jarri beharko dizuet hor. Zatozte nirekin!

Izan ere, bi mutiko haiek, egun hartan, ordu asko eta asko eman zituzten hondartzan arropa gutxi jantzita, eta orain haren ondorioak nabarmenak ziren. Garai hartan, eguzkiarekin ez zen ibiltzen gaur bezala. Bere erradiazioetatik babesteko, arropa dezente janzten zuten eta kito! Gainera, eguzkiak belztutako pertsonak ere gaizki samar ikusiak omen zeuden, baserritarrak, artzainak, arrantzaleak eta abar zirelakoan, hau da, jende txiroa, diru gutxikoak. Horrexegatik, sasoi hartan, baserrietan, normalena izaten zen inolako eguzkitako kremarik ez egotea. Hortaz, bada, amak, sukaldean irudimena martxan jarri eta ahal izan zuen moduan, saiatu behar izan zuen ukenduren bat egiten: olioa, ozpina, irina eta beste osagairen bat gehiago hartuta, berehalaxe egin zuen ore koipetsu bat, semerik gazteenei soinetan jartzeko; etxeko sendagaia, alegia.

Manexi eta anaiari bi gau eta bi egun latz samarrak pasatzea egokitu zitzaien aldi hartan; nekez ahaztuko zuten bizitza osoan, hondartzako lehendabiziko egun hura. Gozatu, bai, gogotik gozatu zuten itsasertzean hasiera batean, baina, gero, hurrengo bi egunetan gutxienez, galanki ordaindu behar izan zituzten haren ondoreak. Gauez, batez ere, ohatzean, jasangaitzak ziren erreduren suminak; maindireak ukitze hutsak enbarazu handia egiten baitzien, eta loa galarazi. Egunez ezberdina zen, azken batean, egunean zehar hamaika gauzarekin entretenitu eta aritu ahal ziren, baina, gauez, ez.

Azkenean, kalbario-egun batzuk igarotakoan, larruazalaren eragozpenak pixkanaka-pixkanaka joan zitzaizkien desagertzen, baina baita huraxe bera ere galtzen, alegia, azkenerako ia larruazal guztia ere bota eta galdu egin baitzuten; azpian berria atera zitzaien, sugeei bezala.

Uda hartan, Manexek eta anaiak ongi samar ikasi zituzten eguzkiaren onurak eta arriskuak; zerbait bada behintzat.