ESATEN DUGUNA ENTZUN BEHARREAN, HAURREK SENTITZEN DUGUNA ENTZUTEN DUTE

Haurrekin kontaktuan diren guraso edo hezitzaile asko beldur dira hauei zer eta nola adierazi sexuari dagokionean edo eta norbait inguruan hiltzen denean besteak beste. “Adituengana” jotzeko joera dute maiz, beraiek egoera hauek kudeatzeko gai ez direlakoan. Izugarria da zein galduta sentitzen diren asko, egoeren aurrean giltza egokia zein den esku artean edukita ere, ikusteko gai ez sentitzea. Psikologoa naiz, eta honelako kontsulta asko datoz. Informazioz blai gauden egungo errealitate honetan, ezjakintasuna areagotu da. Baina zer gertatzen zaigu?

Oso gustukoa dut gurasoek beren kezkak azaldu ondoren, beraiek ematen duten heziketari buruzko balore eta portaerak azaltzen dituztenean, maiz guraso eredugarriak direla ikustea. Bide egokitik dabiltzala urratsak emanez, eta beren haurren beharrak etengabe kontuan hartzen dituztela. Adimen emozionaleko kontzientzia duten generazio berriaren aurrean gaude. Txalotzekoa askotan zein ongi egiten dituzten gauzak. Baina barnean, beraien autoestimuak zuloak ditu, eta askoren jatorria, guraso perfektuak izatearen konpetentzia lehiakorrarengatik izaten da. Gaur egun gau eta egun lupaz begiratuak sentitzen dira, irakasleen antzera. Dena ongi egin beharra dago, akatsak ez dira onartzen. Beraz, beraien barne mundu emozionalaren askatasuna bermatu eta emozioak gida moduan erabili beharrean, kontroletik egitera bultzatuak sentitzen dira, naturaltasuna eta zentzua erabat galduz. Etsai handien beldurraren ostean, errua bihurtu da egun, eta guztiarengatik errudun sentiarazten gaituen gizarte honetan, haurrak hezitzea inoiz baino erronka handiagoa bilakatu dugu. Hau guztia aurrera badoa, sentitu eta egiten dugunaren distantzia handitzen joaten den heinean, izan nahi dugunaren eta garenaren distantzia areagotzen da. Hau al da haurrek behar duten eredua?

Hasi gaitezen lehia guzti hauek puskatzen. Haur bakoitza bakarra da. Bat morea, bestea gorria, eta bestea berdea da esentziaz, beraz, morearen beharretara egokitzea eskatuko digu bizitzak, ez gorriaren irizpideak kontuan hartuz edo berdearen abileziez konparatuz. Gu geuk, geure barne sentipenetatik hezitzen ditugu besteak, eta ispilu hortaz baliatuz gidatuko dira ondorengoak. Emozioen esker ematen da ikaste prozesua, horregatik bizitzaren lehenengo urteetan emozionatzeko gaitasuna askoz nabariagoa da. Haurrari egoera bakoitzean barnean pizten zaion emozioa da zuzenki gurasoei egoera horien aurrean azaltzen zaien berbera. Hau da, haurraren barne mundua helduen ispilua da.

Orduan, haur edo gazte baten zalantzen aurrean beldurra sentitzen badugu, zein mezu ematen diegu? Zalantzak azaltzea ona dela ala ez? Zenbaitetan ikastetxeetan emandako tailerretan irakasle ugarik mahairatu izan didaten kezka zera da: nola egin haur edo gazte honek bere barnean duen hori nirekin konpartitzeko, ez baitu bereaz hitz egiten? Eta honi jarraitzen dioen nire erantzuna honelakoa da: nola ikusten duzu zeure burua bere emozioak jasotzeko? Gai zara bere beldur eta tristurak epaitu gabe, bihotza zabal zabalik duzula entzuteko? Eta ondorengo galdera beraien aldetik: baina aipatzen didatenaren aurrean erantzunik ez badut? Horra hor gure BELDURRA. Heldua izateak jakintza osoa izan behar duenaren sinismen kaltegarria berriz ere agerian.

Hau irakurtzen ari bazara, animatzen zaitut idazten ari naizen hitz hauei arreta handiz begiratzeko. Ez dugu dena jakin beharrik. Ez gara jakitunak izan beharrik eta garena dagoeneko txalotzekoa da. Haur edo gazteen behar funtsezkoena entzuna eta ulertua sentitzea da. Beraiek badute beren barnean irtenbiderako giltza ugari. Ez da gure betebeharra giltza horiek esku artean edukitzea. A ze zama hori pentsatzen badugu. Adibidez, haur batek hildako amona non dagoen galdetzean, guk zuzeneko erantzunik ez dugunez, elkarren artean ideia bat sortzea da gakoa. Eta informazioren bat ezagutzen ez badugu, beti dugu aukera geure buruari tarte bat eskaintzeko honi buruz aztertze lan bat egiteko.

Esandako guztiaren atzetik auto-ezagutza da hutsunerik nabariena. Zenbat denbora eskaintzen diogu egunean geure burua ezagutzeari? Zenbat minutu geure beharrak asetzeari? Eta emozioak dituen helburuak osatzeari? Gorputzaren kanpo aldeari garrantzia ematen diogun moduan, zergatik ez gorputzaren barnean gertatzen ari den guztiari? Bizitza ikasketa bat da eta konpromezua, ikasketarako prest egotea da.

Ondorioz, izenburuak dioen bezala, jabetu gaitezen esaten eta egiten dugun oroz, nondik egiten dugun duelako erabateko garrantzia. Kontrol edo beldurretik, edo auto-ezagutza eta maitasunetik. Oso hunkigarria da hau ulertzera iristen direnen erreakzioa. Ardatza ez da gaizki doan horretan jarri behar, ongi doanean jartzea da gakoa. Konfiantza niregan eta bestearengan. Hortik egiten duguna beste erabatekoa izango da eta haurrak hori da izango duen eredurik osasuntsuena.

Animatu zaitez zeure barrenak ezagutzen, zeure buruarekin bizi behar duzunez, inbertsiorik onena zeure erantzunak aurkitzea da eta ez “adindu” batek bereak ematea.