ZINTZUR KONTRA

Zintzur kontra.

Itxaropen bat irentsi dut, zintzur kontra joan zait

Handiegia izateagatik agian,

Begi gose izateagatik gertatu zait agian

Niretzat handiegi diren ametsak egiten ditudalako beti.

Gero eztula.

Ito beharreko eztul malkotsua, nola ez bada…

Murtxikatu beharko nuen irentsi baino lehen, masail batetik bestera ibili, eta itxaropena txikitu.

Itxaropen eder bat irentsi dut baina, oso-osorik.

Urdailean kokatu zait

Ederregi izanagatik agian,

Niretzat ederregi dena amesten baitut beti.

Gero bihotzerrea,

Gora eta behera dabilkidan listu garratza, nola ez bada…

Zatitu beharko nuen ahoratu baino lehen, edertasuna pirka-pirka aiseago digeritzen da eta.

Itxaropen eroa irentsi dut baina, hurrupa batez, klik!

Hortxe dago orain, hestegorritik urdailera bidean

Pailazo trufari, saltari.

Zotina ematen dit, hipaka ezartzen nau,

Sopina goiti, sopina beheiti, irrigarri..

Ahuspez jarriagatik, hatsa atxikiagatik ez da jabaldu,

Eromena gehiegi gustatzen zaidalako zait gertatu.

Giltzaperatu beharko nuen, ahoa itxi beharko nuen, zoramenari bidea moztu.

Irentsi dut baina itxaropena,

Itoka.

Itsuki.

Desesperatuki.