MANEX ETA OILARRA

Uztailaren erdialdean, hondartzako gorabehera desatsegin hura pasatu eta gainditu ondoren, Manex arratsalde batean, karabina aldean hartuta, hantxe zihoan galtza eta mahuka motxak jantzita gora aldera, Pelloren baserriko eremu hartara, zer ikus eta zer suma. Larrainera iritsi baino lehen, zozo beltz bat ikusi zuen baserri atzeko aldera joaten, iheska. Larrain parera ailegatu eta han Pello topatu zuen, zer edo zer egiten.

–Kontxo, Manex, arratsalde on! Ze habil hemen orduotan? –galdetu zion baserritarrak modu atseginean.

Ni? Hementxe, ehizan. Edo saiatzen behintzat –mutikoaren erantzuna.

Bai?, ba, arestian zozo bat ikusi diat pasatzen horra, etxeko atzealdera –kontatu zion gizonak.

Bai, nik ere ikusi dut, eta, horixe galdetu nahi nizun, hain zuzen ere, Pello, ea utziko zenidan barrura sartzen, harrapatzen saiatzeko –eskatu zion ehiztari gaztetxoak.

Bai, motel, bai, sar hadi lasai eta ea harrapatzen duan! –esan zion auzoko gizonak, sega ingudean pikatzen zuen bitartean.

Pellorekin harreman ona zeukaten Manexen familiakoek eta horrexegatik, inolako eragozpenik jarri gabe, utzi zion sartzen beren soro aldera.

Manexek gustura asko aprobetxatu zuen aukera hura eta berehalaxe zeharkatu zuen han zegoen langa, barrurantz joateko. Baserri haren atzeko aldean hormatxoriak, oiloak eta abar zebiltzan, baina mutikoa zozoaren atzetik zihoan eta gainerakoei ez zien kasu handirik egin. Bila eta bila ibili ondoren, azkenean zozoa hantxe ikusi zuen, hesi bateko adar batzuen artean. Presaka, zozoak hanka egin ziezaion baino lehen, karabina hartu, apuntatu eta tiro egin zion urduri samar; ez zuen jo. Baina, bat-batean, inola ere espero ez zuena gertatu zen, hara: tiroaren zaratarekin nonbait oilarra (Manexek ikusi ez zuena) izutu, eta, oiloak babesteagatik edo auskalo zergatik, baina kontua da mutikoaren gainera egin zuela jauzi, beso batera. Besoan mokokada indartsu bat eman zion, eta, bide batez, azkazal eta ezproiarekin urratu ugari egin.

Ustekabeko gertaera haren aurrean, Manexek erreakzionatu zuen pauso bat atzera eginez. Han, atzean, belar luze eta zakar batzuk baino ez ziren ikusten, baina haien atzean, ordea, zulo handi bat zegoen, mutikoak ez zekiena, konketa erraldoi baten tankerakoa, eta, noski, gaztetxoa hantxe joan zen hankaz gora karabina eta guzti. Lurrera iristean kolpe bat bizkarrean hartu zuen, beste bat buruan, eta, azkenik, bularrean beste bat, karabinak emanda, gainera erori eta gero.

Panorama hura ikusita, baserritar gazteak handik ahalik eta azkarrena alde egitea erabaki zuen. Horretarako aida batean jaiki, kanoi motzeko fusil arina jaso eta ziztu batean atera zen konketa itxurako zulo madarikatu hartatik, baina, konturatzerako, hankak, lepoa eta besoak ziztadaz eta erresuminez beterik zituen, izan ere, zulo malapartatu hura laharrez asunez josita zegoen.

Arranopola! Hau ere niri suertatu behar! Asunak, laharrak eta ostiak ere! –bota zituen amorru bizian bere baitan.

Oilarra bere haremarekin hantxe utzi eta segituan egin zuen hanka handik, aldarte ozpinduan. Langaraino iritsi, gurutzatu eta hantxe egin zuen topo berriz ere Pellorekin, larrainean.

Kontxo, Manex! Hemen al haiz berriro ere?

–Bai. Halaxe da. –Mutikoak modu lehorrean.

Eta, ongi joan al zaik, ba, ehiza? –gizonak.

–Bai, bikain! –gaztetxoak, serio.

–A!, Bai? Eta zenbat bota dituk, ba? –auzokoak.

–Bota, bota?, bat bakarra, nire burua, alegia, baina harrapatu?, harrapatu sei gutxienez! –Manexek, nazkatuta.

–Harrapatu, sei gutxienez? Ez duk egia izanen! Eta oraindik ez al hago pozik? –galdetu zion Pellok–. Ea!, erakutsi, ba, ze harrapatu duan! –eskatu zion baserritarrak nahiko harrituta.

–Bai, bai, begira ongi, Pello! –mutikoak koleraturik, eta esku batekin erakutsiz–. Buruan kolpe bat, bizkarrean beste bat, paparrean hirugarrena, beso honetan mokokada bat eta hamaika harramazka, eta, bukatzeko, hanketan, lepoan eta besoetan laharren eta asunen igurtziak eta ferekak! Ze, Pello, ze iruditzen zaizu? Nahikoa? –eta Manexek jarraian egin zuen alde handik, purrustaka eta biraoka.

Pellok orduan ulertu zuen gutxi gorabehera Manexi gertatu zitzaiona eta honelaxe agurtu zuen zorigaiztoko mutikoa:

–Ai, Manex, Manex!, ehizan egin nahi eta punteriarik ez!