#2019KONAGUSIAK: ‘EL HOYO’ ETA ‘LA TRINCHERA INFINITA’ FILMEN ARRAKASTA

By Erredakzioa

Sitges Film Festivaleko 52. edizioan film onenaren saria irabazi eta Torontoko zinemaldiko Midnight Madness saileko publikoaren saria lortu du Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo filmak, hala, 2019ko euskal film arrakastatsuena izan da 67. Donostia Zinemaldian sariak pilatu dituen Moriartiko lagunek zuzendutako La trinchera infinita lanarekin batera. Biek ala biek, Goya sarietarako hautagaitza ugari lortu dituzte.

Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Jaialdiko sari nagusia jaso du Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo proiektuak, film onenari aitortza egiten diona, hain zuzen. Horrez gain, efektu berezi onenen saria eta publikoaren saria ere jaso ditu; eta zuzendari berri onenaren Citizen Kane saria eman diote Gaztelu-Urrutiari.

Sitgesekoa ez da El hoyo-k jaso duen lehen saria baina. Izan ere, Torontoko zinemaldiko Midnight Madness saileko Publikoaren saria lortu zuen irailean. Hilabete amaieran, gainera, film horren proiekzioarekin inauguratu zuten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Astea.

Gizarte kritika baliatuz, ikuslea inguru distopiko batean barnebildu du Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo proiektuak. Basque Films ekoiztetxearen hitzetan, kartzela berezi baten inguruan datzan film honek “elkartasunaren dimentsioak eta limiteak aurrez aurre jarriko dizkio ikusleari”. Basque Films eta Zentropak taldeak ekoiztuta, TVE, ETB, ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaren bidez egikaritu dute, eta Ivan Masague, Antonia San Juan, Zorion Egileor, Emilio Buale eta Alexandra Masangkay aktoreak dira protagonistak.

Bilbotarraren lana pelikula efektu berezi, zuzendari berri eta gidoi original onenaren sariak eskuratzeko lehiatuko da 2020ko Goya sarietan, urtarrilaren 25ean.

 https://youtu.be/5-Pftw4fd8k

Bestalde, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendarien La trinchera infinita filma Donostia Zinemaldiko garaile handiena izan da. Ez du Urrezko Maskorra eskuratu, baina zakukada sari jaso ditu.

Sari banaketa ofiziala heldu aurretik, Euskal Gidoigileen Elkarteak Euskal Gidoi Onenaren sariarekin saritu zuen Jose Mari Goenagak eta Luiso Berdejok idatzitako istorioa; eta Zinema Kazetari Espainiarren Elkarteak emandako Feroz saria ere jaso zuten hiru zuzendariek. Horrez gain, Fipresci saria ere bereganatu zuten.

Horiekin konformatu ezinik, palmares ofizialeko ekitaldian hirutan igo ziren moriartitarrak taula gainera. Euskal Zinemaren Irizar saria, zuzendari onenaren Zilarresko Maskorra eta gidoi onenaren epaimahaiaren saria izan ziren iraileko ekitaldian jaso zituztenak.

Espainiako Gerra Zibilaren ostean, errepresalien beldur, 30 urte baino gehiago etxean ezkutatuta egin zituen Higinioren istorioa kontatzen du La trinchera infinita filmak. Hala, garai berbera mintzagai duen Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra izango du lehiakide Goya Sarietan. Amenabarren filma ageri da ekoizpen guztien buru, izan ere, hamazazpi hautagaitza ditu; Aitor Aguirre, Jon Garaño eta Jose Mari Goneagak zuzendutako lanak, hamabost.

Hala, iazko ekitaldiko marka gainditzea izango dute Moriartiko lagunek erronka, izan ere, Handia filmak hamabi hautagaitza lortu eta hamar Goya sari eskuratu zituen. Aurten, hiru izendapen gehiago esleitu dizkiete, eta ikusteko dago urtarrilaren 25ean zenbat garaikurrekin bueltatuko diren Euskal Herrira.

https://youtu.be/IiyLIQ13A8E

https://www.zinea.eus/2020/01/02/2019