MANEX ETA GARRAFOIAK

Uztailaren bukaera aldean, belarrak sartuta ere, horrek ez zuen esan nahi baserrian lan guztiak bukatzen zirela, ez, alorretan, baratzean eta mendian ere beti izaten zen lan bat edo beste. Esate baterako, egun haietan jo eta su ari ziren gariarekin, banabarrekin eta babekin, besteak beste.

Egun batean, goiz osoan, etxeko denak baratzean eta alorretan aritu ziren zer edo zer egiten, batzuk, zeregin batzuetan eta beste batzuk, beste batzuetan. Ama eta alaba bakarra, baita bazkaria prestatzen ere, tarteka-marteka. Gauzak hala, jatordu nagusia iritsi zenean, denak sukaldean elkartu eta gustura bazkaldu zuten elkarren arrimuan, emakumezkoek atondutako bazkari gustagarria.

Udako egun eguzkitsu eta bero haietan, baserri hartan ohitura handia zuten, bazkalondoko kuluxka, etxe ondoko sagastiko zuhaitzen azpian egitekoa. Hori horrela, egun hartan, bazkaldu ondoren Manexek ere zamar handi eta zahar bat hartu eta hantxe joan zen, sagastiko maldatxo batean etzatera. Zamarra gainean jarri eta gozoro egin zuen bere atsedenaldia, aitak lanerako berriz ere, goizean bezalaxe, deialdia egin zuen arte. Orduan, alferkeria dezenterekin izan baldin bazen ere, mutikoa jaiki, zamarra etxean utzi eta gainerakoekin batera lanera joan zen, jakina, lana bere neurri eta tamainan egiten zuen, beti bezala, baina han ez zen inor libratzen lan egitetik: jorratzea zela, ebakitzea zela, biltzea zela, denek zer edo zer egin behar izaten zuten, auzolanean bezalaxe.

Horrenbestez, arratsalde hartako lanaldia bukatu zutenean, Manexi iruditu zitzaion afari-meriendarako oraindik denbora dezente falta zela, eta, hori dela eta, ganbarako eskaileretara joatea erabaki zuen, gose eta egarri sentitzen zelako. Izan ere, arratsalde hartan denek gogotik jardun zuten lanean, eta, Manexek, behinik behin, zulo galanta sumatzen zuen bere urdailean. Hori horrela, eta familiako gainerako guztiak, kanpoko sagarrondoen azpian, itzal goxoan, freskotasun ederra hartzen gelditu ziren bitartean, mutikoak sukaldera joan eta isil-isilik, inor ohartu gabe, labana zorrotz bat hartzeko aprobetxatu zuen. Jarraian, gorago esan bezala, handik ganbarako eskaileretara jo zuen, eskailburuan urdaiazpikoa eta ardoa edukitzen zituztelako ia-ia beti.

Hara iritsi eta kontu handiz, lehenik eta behin urdaiazpikoari ekin zion, alegia, eskailera buruko horman zintzilik zegoenari, labanarekin xerra txiki batzuk eginez, ardura oso handiz, badaezpada ere, jakina, behatzik ez ebakitzeko. Xerra batzuk egindakoan, eskaileretako maila batean eseri eta banaka-banaka hasi zen jaten, poliki-poliki, begiak itxita, zaporea hobeki dastatzeko.

–Uuuuuum! Zeinen goxoa! –pentsatu zuen bere baitan.

Baina xerra haiek jaten bukatutakoan, sabelean oraindik ere gose pixka bat sumatu zuenez gero, eskailburuan zutitu eta berriro ere ekin zion beste batzuk egiteari. Bigarrena mozten ari zenean, ordea, ahalegin bizi hartan, bat-batean labana pixka bat joan egin zitzaion bere lekutik. Beste eskuraino iritsi zitzaion irristatuta eta segituan nabaritu zuen larruazalean zerbait.

–Mila deabru! Madarikatua! –esan zuen bere baitarako Manexek estu eta larri.

Berehalaxe begiratu eta aztertu zuen eskua, baina, zorionez, ebaki txikitxo bat baino ez zen izan. Ezpainekin zauria pixka batean xurgatu eta odolak berehalaxe utzi zion jariatzeari; lasaitu ederra hartu zuen gizajoak!

Gauzak hala, baretu bezain laster, mutikoak xerra txikiak egiten jarraitu zuen inoiz baino arreta handiagorekin; hiru gehiago egin eta nahiko izanen zituela iritzita, labana utzi, eskaileretan eseri eta berriz ere jarraitu zuen gozo-gozo jaten, astiro-astiro, banaka, zaporearen azken molekularaino iristeko.

Gero, hainbeste urdaiazpiko jandakoan, egarri izugarri handia sumatu zuen mingain eta zintzurrean, horrexegatik buruan berehala piztu zitzaion bonbilla argi bat, hots, eskailera hartan beti hiru garrafoi ardo edukitzen zituzten gordeta, leku hozkirrixeagoa zelakoan. Haietatik edan ahalko zuela begitandu zitzaion. Batekin saiatu, baina erabat beteta zegoen eta ezin izan zuen altxatu. Bigarrenarekin probatu, eta berdin, pisu handia zeukan eta ezin izan zuen jaso. Ea zer gertatzen zen hirugarrenarekin. Hurbildu, hartu eta berehala ohartu zen oso pisu arina zeukala. Gehiena hutsik zegoen; hondar batzuk gelditzen ziren, besterik ez. Kortxoa atera, eskuekin helduta probatu, eta, bai, hura aida batean paparreraino igo zuen, harri jasotzailerik hoberenek bezala. Garrafoia hantxe zeukala, muturra aho aldera bideratu, gehixeago altxatu eta zanga-zanga aritu zen oso gustura edaten.

–Oooo! Ze ongi sartzen den! Zeinen gozoa, eta nola kentzen duen egarria gainera! –berriz ere esan zion bere buruari.

Hainbat segundo igaro eta gero, hurrup eta zurrut ugari irentsi ondoren, noizbait aski zuela iruditu eta edateari utzi zion. Garrafoia jaitsi, kortxoa sartzen saiatu eta bere lekuan utzi zuen txukun asko. Baina, hala ere, kortxoa sartzea ez zen batere erraza, indar handia egin behar baitzen, eta Manexek ez zeukan horrenbesterako kemenik, horrexegatik tapoia gaizki sartuta utzi zuen.

Geroago, hainbeste jan eta edan ondoren, logale eta abaildura ikaragarriak sumatu zituen hitzetik hortzera. Hantxe bertan, eskaileretako maila batean eseri, ezti-ezti uzkurtu eta luzaro baino lehen lozorroan gelditu zen, irribarretsu eta zoriontsu; aingerutxoa ematen zuen.

Bitartean, familiako gainerako guztiak afari-merienda prestatzen ari ziren jo eta ke, batzuk sukaldean eta besteak sagardian. Izan ere, baserri hartan, udako egun luze eta sargori haietan, ohitura luzea zeukaten kanpoan egiteko afari-merienda, hau da, sagarrondo batzuen azpian, itzalean, ilunabarreko hozkirrian; arrunt gustura. Denak lurrean eseri, zartagin handi bat erdi-erdian kokatu (ordurako zartaginaren lekuan belarra erreta zegoen, sukaldeko tresna hura hainbeste aldiz hantxe bero-bero jarri izanagatik) eta amak handik banatzen zituen jaki goxoak: arrautza frijituak, urdaia, urdaiazpikoa, txistorra, tomate frijitua eta abar, egokitzen zen arabera.

Baina ilunabar hartan, denak soropilaren gainean eserita eta jaten hasteko prest zeudenean, hara non ohartu ziren Manex falta zela.

–Manex falta da, ama! –seme batek.

–Manex falta dela? –amak harrituta.

–Bai! Hemen behintzat ez dago! –beste seme batek.

–Tira, ba, bilatu eta esan berehalaxe etortzeko, afari-merienda hartzen hasi behar dugu eta! –agindu zien amak.

Hala ere, mutikoa bilatu eta bilatu bai, baina agertu ez; arrastorik ere ez. Baratzean ez, ukuiluan ere ez, ezta baserri inguruan ere, bizitetxean ere aztarnarik ez. Azkenean, norbaiti ganbarara igotzea bururatu eta hantxe topatu zuen, eskaileran eserita, lo seko.

–Tira, Manex, mugitu! Denok hire zain gaudek eta! –oihukatu zion anaia batek presaka.

–Baina, baina!, ze gertatzen da hemen? –Manexek harrituta eta nahastuta, non zegoen ere ez zekiela; zeharo asaldatuta eta erdi lo.

–Afaltzera joan behar dugula, motel! Altxa eta goazemak! –anaiak.

–Baina nik ez diat batere goserik, e! Bete-beteta nagok!; enpo eginda! –mutikoak.

–Eta hori, nola, ba? –anaiak zur eta lur.

–Begira ezak horra! –eta mutikoak urdaiazpikoa seinalatu zion behatz erakuslearekin.

Manexek, eskaileran eserita, nagiak botatzen eta esnatu nahian jarraitzen zuen, besoak luzatuz eta zabalduz. Begiak ere orduantxe ari zen irekitzen edota irekitzeko desiratzen, behinik behin. Anaiak orduan Manexen begiei erreparatu eta gorri-gorriak ikusi zizkion; Olentzero begigorri zirudien. Berandu baino lehen ere ohartu zen hantxe zeudela hiru garrafoi haiek, eta, gainera, batek kortxoa gaizki sartuta zeukan. Anaiak ez zuen azalpen gehiagorik behar izan, ulertzeko Manex pixka bat berdoztuta zegoela, alegia, erdi txolinduta.

Gauzak hala, eta zer gerta ere, anaiak badaezpada ere, segituan erabaki zuen konplizitatearekin jokatzea Manexekiko, zigortu ez zezaten.

Horiek horrela, jesus batean zutik jartzen lagundu eta isil-isilik bere ohatzeraino eraman zuen, inork ikusi gabe.

–Tira, mugi! Hi azkar-azkar sar hadi ohean eta hor gelditu! Ni afaltzera noak –agindu zion anaiak.

–Eta nitaz zer esan behar diek familiakoei? –Manexek kezkatuta.

–Lasai!, utzi hori nire esku! –anaiak erantzun–. Zer edo zer bururatuko zaidak eta.

Manex ohatzean sartuta utzi eta gero, anaia sagastira itzuli zen, familiako gainerakoengana.

–Trankil, e!, Manex ohatzean topatu dut. Gorputzaldi txarra omen zeukan eta horregatik oheratu omen da, baina, orain, dagoeneko hobeki omen dago. Guk lasai afaltzeko, esan du –kontatu zien anaia gaizkide hark.

Ilunabar hartan, behintzat, Manex ongi libratu zen balizko zigor batetik, anaia baten laguntza ordainezinari esker.