MANEX ETA GAZTAK

Ardoarekin izandako ezbehar txiki hura igaro eta handik bi egunetara, beste gertaera askoz ere atseginago bat pasatu zitzaion gure mutikoari, alegia, arratsalde erdian-edo, baserri aurreko lizardian jostaketan ari zenean, hara non, bat-batean, herriko artzain bat agertu eta honelaxe mintzatu zitzaion:

–Eup, Manex! Ze moduz?

–Hepa, Sabino, ongi eta zu?

–Ongi, ongi esan beharko diagu. Begira, Manex, hementxe opari txiki bat dakarkiat, gaztatxo hau, gure ardiak zuen baserritik aurrera pasatzen utzi ez izanagatik. To!, har ezak lasai gazta txiki hau! –eta Sabinok oparia eman ondoren, honela jarraitu zuen–. Eta jakin ezak gauza bat, hau duk, berdin segitzen baldin baduk, negua baino lehen beste opari hobeago bat izanen duk. Hik badakik, hemen ikusten baduk gure artaldea, ez utzi pasatzen eta beti bidali herri aldera; konforme? Ongi ulertu al duk? –bukatu zuen artzainak bere azalpena.

–Bai, bai, Sabino, oso ongi ulertu ere!; kontuan hartuko dut! –erantzun zion baserritarrak–. A!, eta mila esker gaztarengatik, e! Estimatuta dago!

Gauzak horrela, Manex pozaren pozez segituan joan zen etxera, gertatutako guztia kontatzera eta, bide batez, gazta erakustera. Gurasoek, hura entzundakoan, harritu eta honako hauxe galdetu zioten:

–Baina hik noiz bidali dituk, ba, Sabinoren ardiak herri alderantz? Ba al hekien horixe nahi zuela? Inoiz eskatu al dik holakorik?

–Ba, nik dakidanez, behintzat, ez dut inoiz horrelakorik egin, eta gogoratu ere ez dut gogoratzen behin ere niri eskatu izana –erantzun zien semeak.

Gurasoek orduan ulertu zuten Sabino artzain buruargiaren trikimailua, alegia, opari haren trukean nahi zuena zen, Manexek haren artaldea ez uztea igarotzen handik aurrera, horrela berarentzat erosoagoa eta errazagoa izanen baitzen, baina, egia esateko, isilpeko tratu hura bi aldeentzat onuragarria izanen zen, mutikoa asko ohartzen ez bazen ere, eta, gauzak hala, Manex horrela jokatzera animatu zuten aita-amek.

–Oso ongi, ba, Manex!, hik egin ezak Sabinok eskatu dian bezalaxe eta geroago ikusiko diagu ze gertatzen den; ulertu al duk? –aholkatu eta galdetu zion aitak.

–Bai, bai, oso ongi ulertu dizut, aita; saiatuko naiz horrela egiten –semearen erantzuna.

Handik aurrera, bada, baserriko mutiko gazteenak halaxe jokatu zuen, hau da, etxe inguruan, herriko artzain haren ardiak ikusi bezain azkar, herri alderantz itzularazten zituen, Sabinok berak eskatu bezala. Eta, bueno, martxa hartan, bada, pixkaka-pixkaka, egunak, asteak eta hilabeteak aurrera joan ziren iragaten, eta, konturatzerako, baserri hartako sukaldeko egutegian azaro hilabetea agertu zen. Larunbat arratsalde batean, Manex etxe inguruan jostaketan ari zenean, bat-batean, berriz ere herriko Sabino artzain argia plantatu zitzaion aurrez aurre, esku batean zorro bat zeramala.

–Kaixo, mutikoa!, zertan habil?

–Hementxe, jostetan; denbora ematen –Manexek, naturaltasunez.

–Ederki, ederki! –artzainak, lasai–. Bueno, ba, Manex, gogoratzen al duk udan nola esan nian, lan ona egiten baldin bahuen artaldearekin, opari hobeago bat jasoko huela? –artzainak, irribarrez.

–Bai, bai, gogoan daukat, Sabino –gaztetxoak, adi-adi.

–Konforme, ba. Begira, hilabete hauetan, nire ustez, oso lan ona egin duk ardiei eusten, urrutirago ez joateko, eta, horregatik, hementxe dakarkiat hik merezitako erregalua; hitzeko gizona nauk, ikusten? –esan zion artzainak, zorroa eman bitartean.

–Eskerrik asko berriz ere, Sabino! Hau poza! Mila esker! Estimatuta dago! –Manexek erantzun, aurpegi alaiz.

–Ez horregatik, motel! Dena herorrek irabazi duk eta! –Sabinok, esker onez.

–Ai!, hau ilusioa! Ikusiko al dut ze dagoen barruan? Urduri nago…! –mutikoak, irrika bizian.

–Bai, noski, bai! Ikus ezak lasai, Manex!

Mutilak begiratu bezain laster, itxura bikaineko gazta pare handi bat ikuskatu zuen. Pozak zoratu beharrean jarri zen Manex.

–Eskerrik asko, Sabino! Mila-mila esker! Ez dakit zer gehiago esan! –izan ere, mutikoak ez zekien zer gehiago bota, bere esker ona azaltzeko.

–Lasai, Manex, ez didak eskerrik eman behar, hori guztia hirea duk, herorren lanaren bitartez irabazia. Goraintziak eman gurasoei eta ikusi arte! –agurtu zuen Sabinok mutil zoriontsua.

Manexek segundorik ere galdu gabe, etxe barrurantz jo zuen ziztu bizian, gurasoei erakustera irabazitako oparia dotorea.

–Ama, aita!, begira ezazue zer eman didan berriz ere Sabino artzainak! –semeak, zorionez betea.

Hantxe bertan zoriondu zuten Manex gurasoek eta anai-arrebek. Denak pozik gelditu ziren; mutikoa harro-harro, burua tente zeukala. Bolada batean denek gazta goxoa jan zuten baserri hartan, Manexi esker.