Urte hartan, urriaren bukaera aldean, intxaurrak jada ontzen ari zirenean, igande goizerdi batean, Manexi eta herriko beste mutiko bati tokatzen zitzaien meza laguntzaile lanak egitea. Arrazoi harengatik, meza ordua baino minutu batzuk lehenago hantxe ziren Manex eta beste mutikoa, elizaren ondoan, edo hobeki esateko, apezaren etxe inguruan, zeren eta herri hartan, intxaurrik handienak eta goxoenak apezaren intxaurrondo batek ematen baitzituen. Hura dela eta, bi mutikoek gustuko zuten, meza baino zenbait minutu lehenago joatea, apezari intxaur batzuk lapurtzeko, hark jakin gabe, noski.
Gauzak hala, bada, Manex eta bere laguna gustura asko ari ziren intxaurrak hartzen: hemen bat, han hiru, hor bi… Baina, halako batean, apezak dei egin zien elizara joateko, meza prestatzen laguntzeko.
–Manex!, Alberto!, zatozte elizara azkar, ordua da eta!
–Bai, bai, bagoaz! –erantzun zioten mutikoek.
Albertok eta Manexek bazekiten elizara aida batean joan behar zutela, baina, jakina, orduan bertan ohartu ziren eskuak oso zikinak zeuzkatela, intxaurren azal berdearengatik. Halaber, jakitun ziren iturrira edo etxera eskuak garbitzera joateko, ez zutela inondik inora ere denborarik; zer egin? Nola konpondu arazo larri hura?
Estutasun handi hartan, bururatu zitzaien lehendabiziko ideia zera izan zen, bazter batera joan, bakartu, pitilinak atera eta pixa eskuetara egin. Isurkari bero harekin, eskuak elkarren aurka gogotik igurtzi eta igurtzi ondoren, intxaur azalek utzitako orban berdea, pixka bat ezkutatzea behinik behin lortu zuten; ez zen gutxi izan! Gero, ahal bezala, eskuak galtzetan pixka bat lehortu eta lasterka eliza aldera, apezak susmo txarrik har ez zezan.
Sakristian lasterka eta barre algaraka sartu ziren bi mutikoak. Apeza hantxe ari zen mezarako janzten eta bere gauzakiak prestatzen; mutikoen jokaera ez zitzaion deus ere gustatu eta honela mintzatu zitzaien:
–Iso! Errespetu pixka bat elizan, mesedez! –esan zien, haserre.
Manex eta Alberto segituan isildu eta serio jarri ziren.
–Tira, hartu kutxa horretako ostia horiek eta sartu kaliza horretan! –agindu zien apezak, txantxetarako gogorik gabe.
Bi meza mutilek elkarri begiratu eta barreka hasi ziren, gogoari eutsi ezinik, lehenagoko pasadizoa gogoratuta.
–Arraioa!, utzi txorakeriak eta mugitu e!, meza ordua berehalaxe izanen baita! –berriz ere bota zien ezten pozoitsua apezak, oso haserre.
Meza laguntzaileak bat-batean isildu eta berehalaxe bete zuten apezaren agindu zorrotza, berriketarik gabe. Meza hastear zegoenean, bi laguntzaileak apezarekin aldarera atera ziren, kaliza azken honek zeramala. Meza hasi, aurrera joan eta erdia baino gehiago igarota, Jauna emateko prest zegoenean, bi mutikoek berriz ere elkarri begiratu eta barrez ito beharrean hasi ziren, oroitu zirenean beraien eskuekin ukitu zituztela ostia sagaratu haiek.
–Isildu, alajainkoa, epelak hartu nahi ez badituzue! –esan zien ahopean inork ez entzuteko moduan, baina oso aurpegi adierazgarria jarrita–. Ongi portatu, arraiopola!
Mutilak ahal bezala, serio jarri eta zintzotu egin ziren ezinbestean, baina asko kostata. Azkenean, meza bukatu zenean –ez nahi bezain azkar–, aldareko hiru protagonistak sakristiara joan eta apezak bere haserrea eta ezinegona ezin disimulatuz, honela lehertu eta galdetu zien:
–Baina, baina, jakin al liteke zer ostia, barkatu!, zer arraio pasatzen zaizuen gaur, txoropito halakoak? Niri ez didazue adarra jo behar, e!
–Badaki berorrek, gure txorakeriak eta ergelkeriak dira! –erantzun zioten bi gaztetxoek, irribarrez oraingoan ere, egia ezkutatu nahian.
–Ez zekiat, ez zekiat nik, ba, hori egia osoa ote den! –apezak, inolako konbentzimendurik gabe.
Eta eskerrak erretore jaunak ez zuela jakin zer gertatu zen lehenago bere intxaurrekin, bestela, auskalo zer pasatuko zitzaien bi laguntzaile haiei!
(Zoazte Jainkoaren bakean! Eskerrak zuri Jauna!).