MANEX ETA ZEKORRA

Azaroaren hasieran, Manexen baserrian zekor handi eta gizen bat zeukaten hiltegira eramateko. Abere lasai eta otzana zen, eta, hiltegia ondoko herrian zegoenez gero, aitak erabaki zuen berak eramanen zuela, oinez, bi kilometro pasatxoko ibilbidea; hori bai, ez oso erosoa.

Eguna iritsi zenean, Manexek aitari eskatu zion berarekin joateko, eta hark onartu. Horrenbestez, bada, aitak ukuiluan zekorrari, muturreko eraztunean soka on bat lotu eta poliki-poliki ondoko herrirantz abiatu zen, goitik behera, semerik gazteenaren laguntzarekin, aberea hiltegira eramateko.

Ukuilutik atera eta goitik behera abiatu ziren hirurak hiltegi aldera, aitak esku batean zekorraren soka eta bestean akuilu sendo bat zeramatzala, badaezpada ere. Manex atzean zihoan, behar zenean, idiskoa pixka bat akuilatzeko.

Gauzak hala, bada, batzuetan maldan beheran, beste batzuetan zelaian, momentu batzuetan sokatik tiratuta eta beste batzuetan, akuiluarekin pixka bat ziztatuta, batere arazorik gabe iritsi ziren hirurak hiltegira, ordubete baino gutxiagoan. Animalia gizajoak ez zekien nora zihoan, noski, eta bide osoan noble eta otzan ibili zen, bere jabeaz erabat fidatuta; a zer-nolako ironia!

Hiltegiko atea zabalduta, pixka bat bultzatu eta gero, zezenkoak ez zuen aurkakotasun handirik egin eta berehalaxe zegoen barruan, erdian.

Harakinak zapi ilun batekin begiak estali eta segituan aizkora handi bat hartu zuen; zezen gaztea ez zen ezertaz jabetu eta bere nagusiak hitz goxoak esanda eta bizkar zabalean laztan gozoak eginez, bare eta lasai iraun zuen. Halako batean, ordea, German harakinak, aizkora-buruarekin kolpe indartsu bat eman zion kopetan eta animalia bulartsua ziplo erori zen porlanezko lurreraino; gaixoa! Hotsak zirraragarriak eta ikaragarriak izan ziren, lehena, kopetakoa, lehor eta motza, eta, bigarrena, handiagoa, aberea zerraldo erorita, zorua jotzean gorputzeko hezurrekin; latza benetan!

Segituan, Germanek ergia odolusteari ekin zionean, odola borborka agertu zen; errekatxo baten moduan joan zen isurbidean behera. Jarraian, aizkora handi harekin kolpeka, lepoa, hankak eta buztana moztu zizkion, kiski-kaska; Manex, harriturik eta hunkituta, begirik kendu gabe, oso kontraesanezko sentsazioak sumatu zituen bere barrenean.

Geroxeago, gorpua goitik behera ireki, barruki guztiak atera eta ongi garbitu zituenean, animalia zintzilik jarri zuen goiko barra batean, txirrika baten laguntza estimagarriarekin. Horrela, harakinak zezen gaztea pisatu ahal izan zuen eta horren arabera bere nagusiari ordaindu, tratua hala egina baitzuten. Manexen aitak dirua eskuan jaso, Germanek eta berak bostekoa elkarri eman, eta irribarretsu elkar agurtu ondoren, aita eta Manex hiltegitik ateratzen hasi ziren.

Ateratzerakoan, ordea, mutikoak ikusi zuen animaliak bi bola koxkor zituela zintzilik sabel aldean, baina, hartaz ohartu eta isildu egin zen; ez zuen deus ere esan. Behin kanpoan zirenean, baina, aita eta biak baserri aldera abiatu bezain laster, semeak honako galdera hauxe egin zuen, beldur pixka batekin:

–Aizu, aita!, zer ziren zekorrak sabelean zintzilik zituen bolatxo haiek?

–Bolatxo haiek, Manex?, ba, bere barrabilak zituan. Zer, ba? –aitak, harriturik, galdera xelebre hura entzunda.

–Deus ez, baina ez nekien zer ziren eta jakin-mina sortu zait, besterik ez! –semeak, pixka bat lotsatuta eta ikaraturik; hozki antzeko zerbait ere sentitu zuen barren-barrenean.

Aita arrunt gustura itzuli zen etxera, txahal arraren diru baliotsua kobratuta, baina, semea, ordea, oso kezkati eta arduratuta gelditu zen ikusitakoak ikusita, alde batetik, harakinak animalia nola hil, odolustu eta puskatu zuen behatuta, eta, bestetik, hura guztia dela eta, barrunbean sumatu zituen hunkidurak, lazturak eta zirrara biziak sumatuta. Nahasita gelditu zen; zalantzan hasi zen jartzen, zilegi ote zen halako abere bikainak, era hartan akabatzea, pertsonek haragia jan ahal izateko. Hura nahitaezkoa ote zen? Ezin al zen bizi animaliei hainbeste kalte egin gabe? Manexi kontraesanezko ideiez bete zitzaion burua; ez zekien ongi zer erabaki. Momentuz, halaxe jarraitu beharko zuen, zalantza-egoera hartan.