ELURTEA ETA AMA

Ustekabeko bi heriotza haien gorabeherak igaro ondoren, Eguberriak baino lehentxeago, elur haizea sartu zuen Manex bizi zen baserrian eta bere inguru osoan. Halako egun jakin batean, ordea, elurra hasi zuen, eta hasi bazuen, hasi zuen! Zenbait egunetan bota eta bota aritu zen, ia-ia batere atertu gabe, eta, noizbait atertzen bazuen ere, berriz ere ekiten zion egiteari, amorrazioz. Era hartan, asteetan eta asteetan izan ziren; elurra egin eta izoztu, behin eta berriz, praktikoki, deus ere lurmendu gabe. Negu latza jasan behar izan zuten urte hartan, baina, Manex, ordea, pozak txoratzen.

Eskerrak udaberrian, udan eta udazkenean lanak ongi egin zituztela baserritarrek, eta, horri esker etxean bazeuzkaten era guztietako erreserbak: baba beltzak, banabarrak, gaztainak, gaztak, esnea, porruak, tipulak, baratxuriak, txerrikiak, gaztanbera, olioa, ardoa, irina, azukrea, azak eta abar. Zer edo zer funtsezko agortzen baldin bazen, orduan aita edota seme zaharrenak joaten ziren ondoko herrira erosketak egitera, beren herria baino hurbilago zegoelako, eta, gainera, dendak hantxe zeuden, beren herrian, ez. Horretarako, elur-erraketa trakets batzuk jantzi eta era hartan jaisten ziren aldameneko herrira mandatuak egitera, izoztutako elur geruza handi eta gogorraren gainean, ez noiz edo noiz ipurdiko bat edo beste hartu gabe, aldapa piko haietan; ama ez zen ausartzen, eta, horretaz gain, jakina, etxean bazeukan nahiko lan egiteko.

Baina Eguberriak pasatu, eta, gutxi gorabehera, egoera bertsuan jarraitzen zuten paraje hartan: elurra, hotza eta izotzak. Seme-alaba guztiak, Manex izan ezik, lanera edo ikastera joan ziren etxetik kanpora; honek, ordea, eskolara ez zuen bakarrik joaterik, eta, etxean, gustura, bazterrak nahasten, katuekin, ukuiluko animaliekin, elurrarekin eta bat eta beste; errepide nagusia kenduta, gainerako gehiena paralizaturik geratu zen, eta, azken hau ere, oso behin-behineko egoeran.

Egunak joan egunak etorri, amak dagoeneko hilabete osoa zeraman etxeko zulo beltz hartan, inora atera gabe, etxeko lanak egin, jan, edan, lo egin eta gutxi gehiago, erosketarik egin gabe, mezatara joan gabe, auzokoekin hitz egin gabe, ibili gabe eta abar. Ordurako nazka-nazka eginda zegoen etxetik ez ateratzeagatik, eta, baita gogaiturik eta aspertuta ere.

Gauzak hala, egun jakin batean amak zera esan zion aitari:

Aizu, Joxe!, honezkero erabat nardatuta nago etxeko zulo honetan egoteaz! Zergatik ez didazu irekitzen bidexka bat ondoko herriraino, noizean behin atera ahal izan nadin?

Senarrak, pixka batean pentsatu, eta onartu egin zion proposamena.

Ongi da, saiatuko naiz, baina kontu egin denbora dezente kostatuko zaidala, e!, elur geruza lodia delako, eta, gainera, oso gogortuta dago dena; hortaz landa, orain bakarrik nago, laguntzailerik gabe. Baina, lasai, ahaleginduko naiz, merezi duzu eta!; ea noiz bukatzen dudan! –erantzun zion senarrak, errukiturik.

Berehalaxe ekin zion lanari; baserriko lanek uzten zizkioten aisialdi guztiak aprobetxatzen zituen bidexka irekitzeko, pala eta aitzurra hartuta. Lan gogor eta nekeza izan zen, ia-ia metro bete elur baitzegoen, baina, ekinaren ekinez, bi egun eta erdi pasatxoan lortu zuen bide osoa irekitzea, pertsonak oinez igaro ahal izateko; kilometro bat inguru. Benetan, akigarria izan zen! Manexen amarentzat, berriz, pizgarri handia. Aita bidezidorra irekitzen ari zen bitartean, ama behin baino gehiagotan joaten zitzaion bertara, janari edota edari beroren bat eramateko aitzakiarekin, nahiz eta kalean, ia beti, zeropeko hozbero egon.

Azkenean, larunbaterako bukatu zuen dena irekitzen, herriraino. Ama irrika bizian zegoen aldameneko herrira joan, mandatu batzuk egin eta pertsona batzuekin hitz egin ondoren, berriz ere baserrira itzultzeko, bere burua pixka bat egurastu eta gero.

Goizean, aita ukuiluan gelditu zen animaliak gobernatzen. Orduan aprobetxatu zuen amak beheko herrira joateko. Manexek ere ordurako kanpoan ibiltzeko gogo bizia zeukan, eta, amari, harekin joateko eskatu zion, axola ez bazitzaion; amak, eskaera onartu.

Behin bidean, mutikoa harrituta gelditu zen bazterretan ikusi zuen panoramarekin; zur eta lur! Izan ere, hainbeste egun, elur eta izotzaren azpian pasatu ondoren, kaleko animalia askok eta askok ez zeukaten zer jan handirik, batez ere hegaztiek, eta, horren ondorioz, edozein txokotan agertzen ziren mota askotako animaliak hilda, izoztuta, argal-argal, hezur-huts eginda; haietako batzuk, gainera, hankaz gora, bide osoan, hesietan, zuhaixketan, sasietan, hormetan eta abarretan: txantxangorriak, txepetxak, kaskabeltzak, karnabak, hormatxoriak, zozoak, birigarroak, buztanikarak, txontak eta abar, eta abar; erruz! Era horretan, herriraino.

–Begira horra, ama! Ikusi hori! Hara han! –Manexek, sinistu ezinik ikusten ari zena–. Ze pena! Hau gehiegikeria, e, amatxo! –jarraitu zuen sor eta lor.

–Bai, halaxe duk, maitea! –amak, beste zeresanik bururatzen ez zitzaiola.

Eta herri hartatik itzultzean, sufrimendu berbera. Erabateko hondamendia!; triskantza! Samindura latza sumatu zuen Manexek sabelean. Elurra oso gustukoa zeukan mutikoak, baina, aldi hartan, zera pentsatu zuen bere kautan:

–Arraioa!, oraingo honetan, arrastotik pasatzen ari haiz, elurra!