ALDIRI ARKITEKTURA ETA ABAR

Kalean da “Aldiri Arkitektura eta abar” aldizkariaren 39. Zenbakia: “Fikzio hiriak”. Hemen duzue ikusgai: https://www.aldiri.eus/2020/02/13/39-zenbakia-fikzio-hiriak/

Klarionez marratutako zirkulu hertsia dun hiria” zioen Sarrionandiak bere lehen poema liburuan, eta hitz horiek irudikatu nahi izan balitu bezala eraiki zuen Dogville herrixka Lars Von Trier zinemagileak. Klariona eskuan hartu eta han-hemenka zorua urratuz marraztu zituen hormak, murru ikusezinen arintasuna bertako bizilagunen biolentzia ikusgarri egiteko baliatuz.

Hiri ikusezinak” ziren baita Italo Calvinok hitzez eraiki zituenak; desira, memoria edo heriotzaren bitartez hiritarra den hori deskribatu eta jasotzeko. Eta mila begidunak Rear Window filmeko fatxada zulatuak. Mugimendu eta estilo arkitektonikoek ere izan dute rol protagonista hainbatetan, arkitektura modernoak Mon oncle filmean duena edo 50eko hamarkadako aldiri estatubatuarrek Revolutionary road filmean dutena kasu.

Arkitektonikoki antagonikoak izan ziren zinemagintzaren hastapenen lekukotzat har ditzakegun bi estudio. Garden-gardena George Melies-ek bere lorategian eraiki zuena, negutegi itxuraduna; kutxa ilun baten tankeraduna, aldiz, Thomas Edison-ena, paper beltzez estalitako zurezko egitura batez osatua. Eta mende bat beranduago, fikzioak egiteko baino areago, fikzioekin eraiki zituen Agnès Varda-k hainbat etxola. 35mm-tan egiten zen zinema omentzeko, bere Le Bonheur filmaren negatiboak hartu eta The greenhouse of Happiness zeritzon lana osatu zuen.

Hiriz josita dago zeluloidea, letrak pilatuz eginda dorreak, fotogramaz eraikita babeslekuak, eta fikzioz beteta aldiriak.