Unibertso osoan ez dago inor denbora geldiaraziko duenik, nahiz eta askotan horrek ez digun batere graziarik egiten, eta, Manexi ere, ezinbestean, berdin-berdin gertatu zitzaion, alegia, hazten eta heltzen joan zen. Atzean utzi zituen haurtzaroa, pubertaroa eta nerabezaroa. Gaztaroan eta adin nagusitasunaren hasieran gogoeta zorrotz eta sakon asko egin zituen bizitzari buruz, jakina, lehendabizi batxilergoak, eta geroago, karrera bat –Nekazaritza ekologikoa, bere kasuan– ikasi izanak ere, biziki lagundu zioten hausnarketa serio haiek egiteko momentuan, bizitzaren eta bizimoldearen filosofiari buruzkoak.
Urte haietan guztietan, noski, behin baino gehiagotan gogoratu zuen, adibidez, baserrian nola elikatzen ziren. Alde batetik, oso ongi, zeren eta garai hartako jaki gehienak, oraindik nahiko naturalak baitziren, etxean ekoitziak edota kanpotik ekarriak, baina oraino produktu eta gehigarri artifizial gutxi samarrekoak: barazkiak, berdurak, frutak, fruitu lehorrak, laboreak, lekariak eta abar, gehienak etxeko lurrek emandakoak, eta, bestetik, etxekoak ala kanpokoak, baina animalia osasuntsuen jatorrikoak, konparazio batera, oilakia, kapoi haragia, arkumekia, ardikia, antxumekia, untxi haragia, txerrikia, abelgorrikia eta arrainkiak (bakailaoa, hegaluzea, legatza, sardinak, bokartak eta abar). Edozein okasio aprobetxatzen zuten halako janariak hartzeko, hau da, Eguberrietan, Aste Santuan, herriko jaietan, aldameneko herrietako bestetan, urtebetetzeetan eta abarretan; edozein aukera egokia zen.
Baina karrera bukatutakoan, etxetik kanpo, hainbat lekutan aritu zen lan egiten eta trebatzen bere espezialitatean, hausnarrean jarraitzen zuen bitartean: irakurriz, hitzaldiak entzunez, adituekin hitz eginez eta bat eta beste. Denbora aurrera joan ahala, gero eta garbikiago hasi zen gauza batzuk ikusten; geroz eta zalantza gutxiago gelditzen zitzaizkion. Azkenean, argiki ikusi, eta funtsezko erabaki handi bat hartu zuen, alegia, baserrira itzuli nahi zuela bizi izatera baina beste filosofia ezberdin batekin.
Momentuz, zenbait urtez etxetik kanpo jarraitu zuen lanean, diru puska bat aurreztu arte. Orduan etxera bueltatu eta aitari lursail handixko bat erosi zion, etxetxo bat eraikitzeko. Bizitokia altxatu ondoren, beharrezkoa zen makineria guztia lortu eta lurrak lantzen hasi zen, baina, dena, ahal zuen heinean, behinik behin, modu biologikoan, esate baterako, artoa, garia eta oloa ereiten zituen, transgenikorik gabe –hazi ekologikoak erabiliz–, eta ongarri naturalekin. Ondoren, oilategi ekologiko bat jarri zuen: oiloak beren oilarrekin. Gauez etxetxo batean egiten zuten lo, baina egunez, nahieran ibiltzen ziren kanpoan, belaze handi batean, aske, belarrak, intsektuak eta xomorroak jaten. Belar soroak, inguruan, itxitura bat zeukan, noski, hegaztiek ez ihes egiteko, eta, batez ere, azeriak ez harrapatzeko; gauean, jakina, oilategira biltzen ziren, beren kabuz joanda, leku seguruan lo egin ahal izateko. Inongo arriskurik gabe.
Manexen helburu nagusienetako bat zera zen, lurretik eta naturatik bizi ahal izatea, baina inori kalte handirik egin gabe, hau da, izadia eta bizidunak ahalik eta gehiena zaintzen, batez ere, pertsonak eta animaliak, baina, baita ama lurra ere. Horregatik, oiloei arrautza gehienak kentzen bazizkien ere, saltzeko eta baita berak jateko ere, oiloak eta oilarrak, mainatzen saiatzen zen, hots, albait ardurarik onenarekin zaintzen, batere sufri ez zezaten. Are gehiago, oiloak eta oilarrak zahartzen zirenean ere, ez zituen saltzen edo hiltzen jateko, ez, baizik eta, ordainez, elikatzen eta zaintzen jarraitzen zuen, heriotza naturalez, hau da, zaharraren zaharrez, hiltzen ziren arte, nola edo hala, ordura arte eman zioten etekina, nolabait konpentsatzeko; animalien erretiro duinaren antzeko zerbait zen, beren biziarteko pentsio egokiarekin, eta, beharrezkoa izanez gero, baita errespetuzko eutanasiaren zerbitzuarekin ere. Animaliak erabili nahi zituen, bai, baina ahal zen begirunerik handienarekin. Hiltzen zitzaizkion oilo eta oilarrak, etxeko beste txita batzuekin ordezkatzen zituen.
Esan bezala, alor txiki batzuetan, artoa, garia eta oloa –hazi biologikoak– ereiten eta biltzen zituen, oiloak-eta elikatzeko, eta, bere buruarentzat, Manexentzat, alegia, baratze eder bat lantzen zuen. Halaber, hantxe bertan ehorzten zituen zahartasunez akabatzen zitzaizkion oiloak eta oilarrak, eta, azkenik, ongarri moduan, berriz, hegazti haien zirin naturalak erabiltzen zituen, produktu kimikorik gabe. Baratzeak, berdurak, barazkiak, lekaleak, frutak, fruitu lehorrak eta abar, modu oparoan ematen zizkion, eta, halaxe, pixkanaka-pixkanaka, eta naturaltasun handi samarrez, barazkijale joan zen bihurtzen, ez erabat zorrotza, baina, bai, behintzat, ehuneko handi batean. Arrautzak, bederen, zeharo ekologikoak jaten zituen; momentuz, ez zen animatzen begano bilakatzera, baina momentu hartako bizimoduarekin, behinik behin, oso gustura zegoen.
Aurreraxeago erlauntz ekologiko batzuk ere paratu zituen, eta, haien bitartez, etxerako eta baita saltzeko ere ezti osasungarria eskuratzen zuen; orobat, eta, aldi berean, eskualdeko polinizazioaren aferan poliki laguntzen zuen. Laburbilduz, oiloek erruten zizkioten arrautzak, erleek ekoizten zioten eztia eta baratzeak ematen zizkion produktuak janez eta salduz, momentuz, gutxienez, hasi zen bere bizimodua, era duinez, aurrera ateratzen, eta, hura ez zen gutxi! Zenbat pertsonak lortu nahiko lukete antzeko zerbait, hau da, beregain izatea? Gainera, gisa horretan jardunda, Lur planetaren garapen iraunkorraren alde jokatzen zuen, eta, aldi berean, klima aldaketaren aurka egiten zuen, tokiko produktuak eta garaian garaikoak ekoitziz eta kontsumituz.
Hala eta guztiz ere, normala den bezalaxe, belaunaldien artean beti izaten dira ezberdintasunak eta elkar ulertzeko zailtasunak. Horixe bera gertatzen zitzaion Manexi ere, garai hartan, aitarekin. Aitak, jada zahartu samar zegoelarik, sarritan egiten zizkion bisitak semeari, bertatik bertara, paseatzen zen bitartean, eta, beti, antzeko modu batez mintzatzen zitzaion:
–Baina, baina, motel!, hi ez hago ongi ganbaratik, halako arrain eta haragi goxoak egon eta ez jatea ere! Nik ez diat ulertzen, Manex! Ezta ulertuko ere! Gainera, hementxe bertan halako oilo eta oilasko bikainak edukita! –aurpegiratzen zion, harriduraz, behin baino gehiagotan aitak.
Manexek bere azalpenak eta arrazoiak ematen zizkion, baina arrakasta handirik lortu gabe; aitak berean jarraitzen zuen.
–Tira, tira!, hator etxera eta amak berehalaxe prestatuko dik haragi xerra eder bat, ikusiko duk! Bestela, nondik hartuko dituk proteinak hik? –aitak berriz ere, temati eta tenkor.
Semeak amore ematen zuen bere ahaleginean, bai baitzekien batzuetan hobe dela etsitzea.
Gisa hartan erdietsi zuen, bada, azkenean, Manexek emantzipazioa eta beregain izatea.