BOILURRA

Boilurraren Museoa Metauten-en dago, Lizarratik 11 Km-ra, Lokiz mendilerroaren magalean. Museoan, inguru horietan hazten den boilur beltza (Tuber melanosporum) da elementu nagusia. Onddo askomizeto horren historia, bere gainean garatu den kultura eta horren balio naturalak eta gastronomikoak ezagutuko dituzu. Sukaldeko diamante beltza deitzen zaio.

Larramendik bere hiztegian (1745) dio boilurra, boilla (esfera, biribila) eta urra (hurra) hitzetatik datorrela, hau da esfera formako hurra. Lacoizquetak, berriz, bere hiztegian (1888) uste du urra, lurra hitzetik datorrela, hau da, lurraren esfera.

Antzina, eragin afrodisiakoa zuela esaten zen. Egiptoarrek jaten zuten, baita grekoek ere K.a. IV. mendean. Erdi Aroan, ordea, boilurra jateari utzi zitzaion, deabruaren elementua baitzen; izan ere, belz kolorekoa da, itxura biribildu aldrebesa du eta sorginek bezala, basoa du bizilekua. XVIII. mendean, berriz, errege-erreginen sukaldariek boilurren erabilera bultzatu zuten. Horrela, gaur arte.

Museoan, onddo hipogeo horren gaineko argibide-taula piloa dago. Oso ederrak. Horien artean, besteak beste, boilurraren ziklo biologikoa azaltzen dutenak. Ondoko lerrootan horren guztiaren gainean zerbait azaltzen saiatuko naiz.

Boilur bilketa Lizarra inguruko herrietan, batez ere, abenduan, urtarrilaren eta otsailean egiten da. Boilur heldua biltzen ez bada, usteldu egiten da eta esporak barreiatzen dira. Esporak ernamuintzen direnean, mizelioa garatzen da. Mizelioa zenbait zuhaitzen (arteak, haritzak, urritzak…) sustrai-bizarrekin lotzen direnean, mikorriza deritzon sare trinko bat garatzen da. Mikorrizatik hifak sortzen dira eta ingurumen-baldintzak lagungarriak badira, hifa horiek garatzen dira, eta primordioak izeneko egiturak osatzen dira: gameto arrak eta emeak, eta horien fusioaren bitartez zigotoa sortzen da. Primordioak, uda gainditzen badute, boilur bilakatzen dira. Boilurren barruan askak eratzen dira, eta horien barruan, esporak. Boilurra helduta dagoenean, zikloa bukatzen da. Goian esandako hilabeetan egiten da boilur bilketa. Boilur helduek, bestalde, animaliak erakartzen dituzten usain sendoa dute. Animalia hauek, bada, boilurrak jaten dituzte, eta gorotzen bidez, esporen barreiadura egiten dute.

Boilurraren garai begetatiboan, mikorrizen bitartez, zuhaitz batekin sinbiositan bizi da. Mikorrizetan elikagaien trukea egiten da. Zuhaitzak onddoari hazteko behar dituen substantzia organikoak ematen dizkio, eta onddoak, berriz, zuhaitzari elikagaien, mineralen eta uraren xurgapena errazten dizkio. Elkartasun ezin hobea, baina hauskorra. Izan ere, ezusteko klimatikoren bat gertatzen bada, dela euriagatik, dela lehortzeagatik, dela hotzagatik, dela beroagatik, elkartasun hori eten egiten da eta boilurra ez da garatzen.

Boilurrak, bada, fase hori gainditu ondoren, bere hazkuntza garaian jadanik zuhaitzaren sustraiak ez ditu behar. Autonomoa da, saprofitoa. Lurreko materia organikoa du elikagai. Udako beroari zein lehorteari aurre egin behar die. Bizirik irautea ez da erraza. Mirari bat. Ezustekoren bat gertatzen bada, boilurra ez da garatuko. Aukerako lurra eta mikrofauna aproposa behar ditu, baita udaberriko euria zein udako prezipitazio eta tenperatura egokiak ere, ez altuegiak betiere.

Museoaren bisita gidatua egiteaz gain, aukera duzu boilurren bilaketa eta dastaketa egitea. Bilaketa, ondoko artadi hesitu batean egiten da. Ikuskizun zoragarria: txakurrak artearen ondoan lurra usaintzen du, eta apatxekin zehatz-mehatz haztakatzen du boilurra dagoen tokia. Boilur-biltzaileak, aizto txiki batez baliaturik, kontu handiz, lurrean pixka bat sakontzen du, boilurra topatu arte. Hor dago, beltza, usain sendokoa eta berezkoa, misteriotsua, lurpean gordea, chef-ek miresten dituzten luxuzko jatetxeetako ahogozagarriak. Tamaina desberdinetakoak dira, batzuk intxaurraren tamainakoak, besteak patatarenak.

Boilur-biltzaileak, haren usaimena dela eta, txerriez eta basurdeez baliatu ohi dira boilurrak jasotzeko; hala ere, aurkitzeaz gain boilurrak ere jaten zituztelako, orain beste animaliak erabiltzen dituzte boilurrak topatzeko, hala nola ahuntzak Cerdanyan eta txakurrak Espainian. Badira ere boilur biltzaileak boilurraren euliaz (Suilla Gigantea) baliatzen direnak onddo preziatu horiek atzemateko; izan ere, euli horiek boilurra dagoen lekuan pausatzen dira haren larbak boilur helduan jartzeko.

Berriro museora itzuli eta boilur dastaketa ederra egin ahalko duzu: boilur freskoaz hautseztatutako eta olio boilurtuaz bustitako ogi txigortua; arrautza, pate, txorizo boilortuak… Museoan ere bai erosi ahal dira boilur freskoak eta elikagai boilortuak.

Metautengo Boilurren Museoa bisitatzea, aukera bikaina da goiz polit bat pasatzeko. Boilurraren Museoa-Interpretazio Zentroa bakarra da Espainian.

Pello Iturria Sarasibar

ERREFERENTZIAK

La trufa. Guía de truficultura. R. Sáez García-Falces, A.M. de Miguel Velasco. Argitaratzailea: ITGA. Departamento de Desarrollo Rural y Medio Ambiente. Kolaboratzailea: Nafarroako Unibertsitatea. Gobierno de Navarra. 2008.

Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. José María de Lacoizqueta. 1888. Edición facsímil. Gobierno de Navarra. Eduardo Gil Bera.

www.turismo.navarra.es Museo de la Trufa. Metauten

eu.wikipedia.org boilur