Karta jokoak ospetsuak dira Euskal Herriko luze-zabalean, eta adin guztietako zaleak dira musean, trukean, punttuan… edo bestelako karta jokoetan maiz samar aritzen direnak. Zalantzarik gabe, musa da euskaldunen artean zabalkunderik handiena duena. Gazte ginenean, ostiralero, afaldu ondoren, trukean aritzen ginen Errenteriako Arkaitz ostatuan, batez ere, udazken eta neguko gau luzeetan. Eta ez ginen bakarrak, era eta adin guztietako jendea biltzen baitzen ostatuetan kartetan aritzeko. Eta beti euskaraz, joko horiek ez baitziren erdaraz ulertzen.
Gogoan dut karta bakoitzak bazuela bere izena, eta izen horiek Oiartzualde eta Bidasoalde osoan erabiltzen zirela. Egia erraiteko, ez dakit izen horiek ote diren gure geografia osoan erabiltzen direnak. Baliteke.
Horra!
Erreferentzia gisa lau enbor generabiltzan: urreak, kopak, ezpatak eta egurrak, eta zenbakiaren zehaztasuna aurrean jartzen genuen. Horrela honako sistema hau ateratzen zen:
Bateko urrea / bateko kopa / bateko ezpata / bateko egurra
Biko urrea / biko kopa / biko ezpata / biko egurra
Hiruko urrea / hiruko kopa / hiruko ezpata / hiruko egurra
Lauko urrea / lauko kopa / lauko ezpata / lauko egurra
Bosteko urrea / bosteko kopa / bosteko ezpata / bosteko egurra
Seiko urrea / seiko kopa / seiko ezpata / seiko egurra
Zazpiko urrea / zazpiko kopa / zazpiko ezpata / zazpiko egurra
Sota (edo puta) urrea / sota kopa / sota ezpata / sota egurra
Zaldiko urrea / zaldiko kopa / zaldiko ezpata / zaldiko egurra
Errege (edo gona) urrea / errege kopa / errege ezpata / errege egurra
Batzuek egurra erran beharrean, bastoia erraiten zuten, eta tarteka erregeari puta zaharra deitzen genion. Niri senak honako sistema dakarkit belarrira, baina ez dakit sistema bakarra ote den. Zalantza handiak sortzen zaizkit oraingo gazteei urrezko bata, ezpatazko zazpia, kopazko erregea, egurrezko bosta… eta abar entzuten diedanean. Ez naiz ausartzen gaizki daudenik erraitera baina….
You must be logged in to post a comment.