Askotan errepikatzen den buruko min mota da. Buruko alde batean izan ohi da mina, gradu moderatu batetik latz batetara doana eta taupakaria edo ziztatzailea izan daitekeena. Minaz gain, beste sintoma batzuk agertu daitezke, hala nola, goragalea, ahultasuna, soinu eta argiari sentsibilitatea, etab.
Migrainaren oinarria zein den ez dago oso argi, baina garunaren ezohiko aktibitate bat dagoela jakina da.
Lehenengo aldiz 10 eta 45 urteren artean agertu daiteke, nahiz eta batzuetan lehenago edo beranduago agertu daitekeen. Bere jatorria genetikoa dela uste da, baina badaude eragile ugari, pertsonaren arabera ezberdinak direnak:
-
Estresa.
-
Antsietatea.
-
Hormona aldaketak, emakumeen kasuan (hilerokoaren zikloan, antisorgailuak erabiltzean, etab.).
-
Argi distiratsuak eta aldizkako argiak.
-
Soinu fuerteak.
-
Zenbait medikamentu.
-
Lo gehiegi edo gutxiegi egiteak.
-
Bat-bateko eguraldi aldaketak.
-
Ariketa fisiko gehiegi egitea.
-
Tabakoa.
-
Kafeina eta bere bat bateko gabezia.
-
Otordu guztiak ez egitea.
-
Zenbait usain eta perfumeak.
-
Migrainarentzako botikak gehiegitan hartzea.
-
Hainbat janari edo edari mota (gehienetan, beste eragilerekin batera hartzen bada):
-
Alkohola.
-
Txokolatea.
-
Glutamato monosodikoa dute janariak.
-
Tiramina duten janari edo edariak (ardo gorria, gazta zaharra, keztaturiko arrainak, oilasko gibela, etab.).
-
Nitratoak dituzten haragiak (hirugiharra, saltxitxak, salamia, etab.).
-
Zenbait fruta eta fruitu lehor.
-
Ontzututako edo fermentaturiko hainbat janari.
-
Onddoak.
-
Tipula.
-
Haragi prozesatuak.
-
Etab.
-
Horietaz gain, migraina pairatzeko arrisku gehiago dute:
-
Emakumeek (gizonezkoek baino 3 bider gehiagotan jasaten duten gaixotasuna da).
-
Familian migraina kasuak badaude.
-
Depresioa, antsietatea, desoreka bipolarra, lo-arazoak eta epilepsia bezalako gaixotasunak izatea.
Zeintzuk dira Migrainaren ezaugarriak?
Migraina pairatzean, fase ezberdinak daude (beti denak ematen ez badira ere…):
-
Prodromoa: Normalean, 24 ordu lehenago hasten da, sintoma goiztiarrekin: zenbait janariren gutizia, bat bateko umore aldaketak, geldiezinezko aharrausiak, likido-erretentzioa, gernu-jario ugaria, etab.
-
Aura: migraina hasi baino lehen edo bitartean pairatu daiteke, sintoma neurologiko ezberdinekin: argi distiratsuak edo aldizkako argiak ikusi, ikusmen lausoa, begietako mina, ahuldadea sentitu, kontzentrazioa mantentzeko zailtasunak, etab.
-
Buruko mina: orokorrean, poliki eta leun hasten bada ere, pixkanaka latzagoa izaten joaten da, taupakaria edo ziztatzailea eta buruaren albo batean izanik. Noizean behin, migraina baina minik gabe izan daiteke. Agertu daitezkeen beste sintoma batzuk:
-
Usain, zarata eta argiari sentsibilitatea.
-
Goragalea eta botaka egitea.
-
Jateko gogorik ez izatea.
-
Min gehiago sentitzea, mugitzerakoan edo eztula nahiz doministiku egiterakoan.
-
Orokorrean, 4 ordu eta 72 ordu artean irauten du.
-
Buruko minaren ondoren: nekea eta logurea, ahuldadea eta buru-nahastea sentitu daiteke, egun batean amaitzen badira ere.
Hauen arabera, bi migraina talde nagusi daude:
-
Aura duen migraina (migraina klasikoa).
-
Aura gabeko migraina (migraina arrunta).
Migrainak goizaldean maizagoak dira eta batzuek, egun zehatzetan jasan dezakete (hilerokoa baino lehen, asteburuetan astean zehar estres asko pasatakoan, etab.).
Nola egiten da diagnosia?
Migrainaren diagnostikorako, medikuak nahikoak ditu:
-
Pertsonaren gaixotasun aurrekariak ondo ezagutzea eta familian migraina kasuak dauden aztertzea.
-
Gaixoak pairatzen dituen sintomak guztiak ezagutzea.
-
Azterketa fisiko eta neurologiko osoa egitea.
Zalantzaren bat egonez gero (ohikoak ez diren sintomak badaude, azterketa neurologikoan zerbait ikusi bada, etab), odoleko zenbait analisi, garuneko eskaner edo erresonantzi bat, Elektroentzefalograma, etab. egin daitezke.
Zein da bere tratamendua?
Migrainarentzako sendabiderik ez dagoenez, prebentzioa lantzea beharrezkoa da eta migraina agertuz gero, sintomak tratatu.
Prebentziorako, hainbat gai landu behar dira:
-
Bizimodua aldatu:
-
Migraina zerk eragiten duen ondo aztertu eta ekiditu.
-
Lo ohiturak hobetu, hala nola, gauero ordu berdinean oheratuaz eta lo nahikoa eginez.
-
Janari ohiturak hobetu: otordu guztiak egin, kalte egiten duten elikagaiak ekiditu, etab.
-
Estresa landu kirola, erlaxazio teknikak, etab. eginez.
-
Pisu gehiegi izanez gero, galdu.
-
-
Botikak:
-
Triptan motatakoak.
-
Bizi ohiturak aldatu arren eta Triptan motatako botikak hartu arren, migraina astean bitan baino gehiagotan pairatzen bada, beste farmako batzuekin frogatu daiteke:
-
Odol presioa erregulatzen duten botikak (beta blokeatzaileak, angiotentsina blokeatzaileak, kaltzio kanalen blokeatzaileak, etab.).
-
Antidepresiboak.
-
Antiepileptikoak.
-
A Toxina botulinikoa lagungarria izan daiteke, migraina hilean 15 egun baino gehiagotan agertzen baldin bada.
-
-
Migraina hilerokoarekin erlazionatua dagoenean, hainbat hormona tratamenduek lagundu dezakete.
-
-
Ez ohizko medikuntza:
-
Hainbat aukera baldin badaude ere, egindako ikerketak ez dira nahikoak (lagin txikia, epe motza, tratamendu ez mantenduak, etab.).
-
Gehiago aztertzen diren bitartean, badirudi ondorengoak, baliagarriak izan daitezkeela:
-
Meditazioa, mindfulness, yoga, taichi, akupuntura, etab.
-
B2 eta B6 bitaminak, Q10 koentzima, Magnesioa, D bitamina, etab.
-
-
Behin migraina hasi denean:
-
Botikak:
-
Lehenengo ildoan ohizko analgesikoak daude: Ibuprofeno, Aspirina edo antzekoak, migraina arina denean. Kontutan izan behar da, medikazio hau astean 3 egun baino gehiagotan hartuz gero, errebotezko buruko mina izan daitekeela eta urdaila, giltzurrunak, etab. izorratu daitezkeela.
-
Bigarren ildoan, aurrekoek laguntzen ez dutenean, Triptan motatakoak erabilienak dira.
-
Ergotaminikoak.
-
Zenbait botikek odol hodiak estutu ditzakete, beraz, bihotzeko arazoren bat izanez gero, medikuari azaldu.
-
Zenbait botika ezin dira haurdunaldian hartu, beraz, haurdun bazaude edo egoteko asmorik baduzu, medikuari azaldu.
-
-
Logela ilun batean, begiak itxita, atsedena hartu.
-
Kopetan hotza jarri.
-
Likido asko edan.
Zein pronostiko dauka migrainak?
Pertsona bakoitzaren erantzuna tratamenduaren aurrean ezberdina da. Batzuek migrainak gutxitan pairatzen dituzte eta noizean behin bakarrik behar dute tratamendua. Beste batzuek aldiz, medikazio asko hartu behar dute eta zenbaitetan, ospitalera joan ere.
Migrainaren buruko mina iktusa izateko arrisku faktore bat da, are gehiago, erretzaile eta emakumeen kasuan. Arriskua txikitzeko, ondorengoak jarraitu behar dira:
-
Erretzeari utzi (erretzaile izanez gero).
-
Pilula antisorgailurik ez hartu.
-
Kolesterola eta tentsioa igotzen dituzten elikagaiak ekiditu.
-
Etab.
Hauek saiatu arren, iktusaren susmoa badago, lehen bait lehen 112-ra deitu eta larrialdietara jo.
Lorea Imirizaldu Monente.
OEEkidea eta Neurofisiologia Kliniko eta Kirurgikoko mediku espezialista.
You must be logged in to post a comment.