NERABE IZATEA KORONABIRUS GARAIAN

Etxean denbora luzez egon beharrak poblazioko talde desberdinen egoera eta behar desberdinak aintzat hartzera eraman gaituzte profesionalei; ez baitira berdinak helduek, adinduek, nerabe edo haur batek egoera hau gestionatzeko dituen abiapuntu eta baliabideak.

Nerabeek (12-18 urte inguruko neska mutikoek) berezkoak dituzte lagunekin egoteko beharra: hauek lehenestea familiaren aintzinetik bai erranetan bai planetan ere. Gurasoetatik desberdintzeko garaia dute, konfrontazioa erabiliz aunitzetan. Teknologia berriek berezko presentzia dute beraien egunerokotasunean: irudiaren eta berehalakotasunaren generazioa dira. Aunitz oraindik derrigorrezko ikasketa garaian dira batzuk presioz lanean eta gogoz motibaturik, bertze batzuk derrigorturik egon beharrean. Karrikak, parrandak, gauak, ligatzeak,… gero eta toki handiagoa hartzen hasia dute beraien bizitzetan.

Orain derrigorrez dena gelditu zaigun honetan familia giroan eta etxean gaude. Eta berez, nerabe batekin elkarbizitza erraxa ez bada, elkarbizitza derrigortua izaten ari den honetan, helduona izaten segituko du familia egoeraren ardura, eta helduok jakin behar dugu edo saiatu bederen, elkarbizitza baketsu bat mantenduarazteko giroa sortzen eta aukerak eskaintzen.

Horretarako oinarrizko aspektu batzuk aintzat hartzeko gonbidapena egin nahi nuke:

  • Ordutegi/ohitura bat izatea ongizatea da, eta batez ere gauak atsedenerako erabiltzen badira. Hortaz, lo aintzineko momentuetan teknologia berriekin logelan ez aritzearen garrantzia oroitarazi nahi nuke.

  • Sasoi honetan gorputzek eta umoreak berezko aldaketak izan ohi dituzte; hortaz elikadura orekatua eta gorputzaren mugimendua mantentzea ere lagungarri izango dira, barneko energiak erraxago gestionatzeko.

  • Ikasketen alorrean irakaslegoarekin komunikazio hurbila mantentzea proposatuko nuke, denentzat egoera berria izaki dudak eta ezinak edozeini suertarazten ahal baitzaizkio.

  • Teknologia berriak, erabileraren arabera onura edo arriskuak sorraraziko ditu. Baina argi izan behar dugu, garen egoeran, elkarren arteko harreman eta komunikazioa mantendu eta aberasteko tresna baliagarriak izaten ari zaizkigula. Atzendu gabe, bertatik mundua izan dezakegula eskura eta gehiegizko erosketak egitea, apostuak, arrotzekin harremanak izatea ere eskuragarri direla, beraz erne ibili!

  • Sustantzien kontsumoa nerabezaroarekin loturik dagoen errealitatea da, baliteke nerabe guztietan ez ematea baina batzuetan dagoeneko bai: lehen alkohol edo zigarro probatzea, lehen mozkorra, lehen aldiz talde presioagatik ezetza ezin errana, sustantzia berriak probatu nahia, aztoramenduetatik atzendu nahia…

Kontsumoa dagoen edo egon den kasuetan baliteke gurasoak jakitun izatea, edo ez. Baliteke dagoeneko gai hau familian solastua izatea, edo ez.

Itxialdi egoeran dagoeneko ziurrenik hizketaldi desberdinak suertatu izanen zaizkizue guraso eta seme-alaben artean eta baliteke kontsumoena ere dagoeneko aztertua izatea. Baina zuenean oraindik horrelako hizketaldirik eman ez bada, testu honen aitzakian, pelikula edo notizia baten harira, gaiairi ekiten ahal diozue. Animatzen zarete?

Gai hauekin edo bertzelako batzuekin, familiako kideen arteko komunikazio ohiturak sendotzeko aukera ederra dugu itxialdian egon beharreko garai honetan.