SARS-CoV-2 BIRUSAREN AURKAKO TXERTOA

Martxoaren 22an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), koronabirusaren aurka garatzeko prozesuan, 44 txerto zenbatu zituen. SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioa (gaitzari Covid-19 deitzen zaio) prebenitzeko hautagai posibleen zerrenda hazten ari da. Esandakoez gain, zenbait enpresak eta ikerketa zentrok jakinarazi dute, nahiz oraindik prototiporik ez izan, txerto batean lan egiten dutela.

Sustatzaileen artean GSK, Sanofi eta Pfizer bezalako enpresa farmazeutiko handiak daude, baina proiekturik aurreratuenak Moderna estatubatuarrarenak eta CanSino bioteknologikoarenak dira; lehena Osasun Institutuko Nazionalaren laguntzarekin (NTH), eta bigarrena Txinako Gobernuaren laguntzarekin. Europan, CureVac alemaniarraren proposamena, eta Espainiako Bioteknologiaren Zentro Nazionalarena (CNB) ere garatzen ari diren proiektu garrantzitsuak dira. Helburua, eperik baikorrenetan txerto bat garatzea da, 12-18 hilabetetan alegia.

Arnas sIndrome akutu larriaren (SARS) eta Ekialde Ertaineko arnas sindromearen (MERS) agerraldiek eragin dituzten koronabirusen aurretiazko ikerketak SARS-CoV-2 birusaren aurkako txertoa lortzeko lana errazten ari dira.

Moderna konpainia, txertoa sortzeko, MERS sindromearen gaineko egindako ikerketetan eta RNA mezulariaren teknologia berrian oinarritzen da. Novavax elkarte estatubatuarra, berriz, germenen zati espezifikoak dituzten txertoetan espezializatuta dago, SARS gaitzaren aurkako txertoak berrerabiltzen ari da, eta gizakiengan saiakuntzak egiten hasteko, jada hainbat hautagai prest dituela adierazi du. CanSino Biologics, berriz, birus-bektoreen plataforman eta Ebolaren aurkako txertoaren gainean egindako ikerketetan oinarritzen da. CanSinoz gain, Txinan, beste hainbat erakunde lanean ari dira txertoa lortzearren.

Europak, Europako Batzordearen bitartez, 80 milioi euroko diru-laguntza eskaini dio CureVac laborategiari, Estatu Batuek eskubide esklusiboak bereganatu nahi omen zituelako. Azken puntu hau gezurtatu zen gero. Moderna-rena bezala, RNA mezularian oinarritutako txertoa da.

Espainian, Gobernuak 4,5 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen Bioteknologiaren Zentro Nazionalak lan egiten duen txertoa garatzeko. Luis Enjuanesen eta Isabel Solaren taldeak birusaren birulentzia-geneak aurkitu nahi ditu ingeniaritza genetikoaren bidez ezabatzeko, eta erantzun immunitarioa modu seguruan eragingo duen birus indargetuaren bertsio bat lortzeko.

PROTEINEN AZPIUNITATEETAN OINARRITUTAKO TXERTOAK

Txerto bizi indargetuekin batera, txertoa garatzeko beste bide tradizional bat proteinen azpiunitateetan oinarritutakoak dira, birusaren zatiak dituztenak. OMEren fase aurreklinikoan dauden berrogeita bi txertoetatik gehienak mota horretakoak dira, eta sustatzaileen artean GSK, Sanofi eta Novavax daude. Raul Ortiz de Lejarazu, Valladolideko Gripearen Zentro Nazionaleko kontseilari zientifikoaren iritziz, errazenak dira garatzen, eta izan litezke lehenak merkatura iristen, hasiera batean, ez dutelako segurtasun-arazo askorik sortzen eta birusaren zati batzuk kutsatzeko gaitasunik gabe txertatzen direlako.

Hala ere, Ortiz de Lejarazuk nabarmentzen du, bere efektuaren potentziari dagokionez, txertu indargetuak etorkizun handiagokoak direla. Gaixotasun askotan eraginkortsun handiagoa erakutsi dute babes bikoitza eskaintzen dutelako, bai mukosan, bai antigorputzetan, norbanakoak infekzio txiki bat pasatzen duelako. Arazoa da denbora behar dela birus indargetuak lortzeko segurtasuna bermatuz, baina gero erraz produzitzen dira.

ZIURGABETASUNAK ETA ZALANTZAK

I+G arloko abiadura horrek zalantzak sortzen ditu, Nature-n irakur daitekeenez. Duela gutxiko artikulu batek ohartarazi du gizakiengan entseguak egiten hasi direla nahiz eta funtsezko galderen erantzuna ez jakin: esaterako, gure immunitate sistemak infekzioari nola egiten dion aurre, edo nola lortu modu seguruan infekzioaren aurkako antzeko erantzuna txerto batekin.

Ez dakigu sendatutako pazienteek immunitatea garatzen duten SARS-CoV-2ren aurrean eta zenbat denboran. Esaterako, SARSetik sendatutako pertsonengan, 15 urte geroago ere antigorputzak agertzen dira organismoan, baina ez dakigu erantzun immunea nahikoa den berrinfekzioa prebenitzeko.

Bilatu beharreko erantzun immunea ere ezagutu beharko da. Zenbait hautagai, Modernarena barne, sistema immunitarioak birusaren espikularen proteinak ezagutu eta blokeatzeko antigorputzak sortzeko diseinatu dira. Michael Diamond-ek, Washingtongo Unibertsitateko immunologoak dio agian ez dela nahikoa. Baliteke organismoak koronabirusaren beste proteina batzuk blokeatzen dituzten antigorputzak sortu behar izatea edo kutsatutako zelulak ezagutzen eta hiltzen dituzten T zelulak sortu behar izatea.

IKERKETEN URRATSAK LARRIALDI EGOERA BATEAN

Larrialdi egoera dela eta, ikerketen urratsak batera egin behar dira, nahiz normalean bata bestearen atzetik egiten diren. Moderna-ren eta Inovio-ren (hau ere, ingeniaritza genetikokoa) txertoek animaliengan eta pertsonengan duten eraginkortasunari buruzko azterketak aldi berean egingo dira.

Eraginkortasuna ez ezik, segurtasuna ere ezezaguna da. Ikertzaileen kezka nagusia da txerto berriek eragin paradoxikoa izan dezaketen, eta infekzio bereziki birulentoa eragin dezaketen, geroago txertoa hartu duen pertsona birusarekin kontaktuan jartzen denean. Esaterako, 2004an, SARS birusaren aurkako txerto esperimentala hudoetan, txertatu eta gero, birusak eragindako infekzioak hantura hepatiko larria eragin zien animaliei.

Txerto bat ekoiztuta ere, ez dira amaitzen Covid-19a prebenitzeko erronkak. Alde batetik, gaixotasunaren epidemiologia dago. Ruth Figueroa, Gaixotasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Espainiako Elkarteko (Seimc) bozeramailearen arabera, litekeena da birusa denboraldi batean baino gehiagotan geratzea; beraz, infekzioari aurre egiteko txerto bat behar dugu eta espero dugu izatea. Eta, bestaldetik, behin txertoa onartuta, mundu guztientzat kantitate handiak ekoitzeko aukera izan behar da. Ez da erraza, ezta ezinezkoa ere.

Erreferentzia:

Naiara Brocal. 2020ko martxoa. La vacuna, una maratón en tiempo récord. Correo Farmacéutico: 16-17.

Pello Iturria Sarasibar farmazialariak euskaratuta.