BAZTERRETAN

Batzuetan uraren koloreak,
zeruaren argitasunak,
neguaren amaiera itxaroten duten
landareen bizitza ezkutuak,
harri koxkorren egote hutsak,
hor nonbait nirea uste dudan
begirada behatzailea
lehertu egiten dute,
erne jarri, artega,
ikusten ari naizen paisaiaren
bat-batekotasun errepika ezina
nahasi egiten baita
aldi berean hedatzen den
betikotasun iraunkor batez,
eta orduan nirea uste dudan
begirada behatzaileak ez daki
gauza guztiak une horretan bertan
amaitzen ari ote diren,
ala mundu ulertezin honek
konponbiderik gabe,
zital, anker, aldagaitz
iraungo ote duen
mendietako tontorrek
itsasoan bukatu arte.