IGOGAILUAN IRAKURTZEKO IPUINAK

Bruno Kelzer

IGOGAILUAN IRAKURTZEKO IPUINAK

Zor dizuedan azalpen hori

Bai, bai -errekonozitzen dut- dela Pepe Isbertarena (Bienvenido Mr. Marshall) egiteko garaia. Azalpen bat zor dizuet, irakurle maiteok edota maitatuok edota maitagarriok, eta zor dizuedan azalpen hori ematekotan nago. Itsumustuan topatu nauzue zuen igogailura igota eta ez dizuet piperrik ere esan; ezta nondik atera naizen, norantza joan nahi dudan, zertarako demontre zurekin, zuekin, bidaiatuko naizen zuen pisuraino edo haratago. Eta zerbait… merezi duzue inbasio honen truke.

Igogailua da, lagunok, zalantzarik gabe, mundu honetako lekurik pairaezinena. Horixe bai bene benetan paraje babesgabea: tundra edo Gobi basamortua paradisuak, bost izarretako hotelak dira gune estu honekin konparatuz.

Pentsa ezazue, hain zuzen ere, nolako estura sortzen digun horren barnean espetxeraturik geratzeak; nolako akidura auzokide, eta behin baino gehiagotan, ezezagunekin elkar bizitzeak; zelango asperdura -ya no hay entretiempo; si es que, aunque nos duela, tiene que llover, al invierno no se lo come el lobo…- eguraldiari buruzko elkar hitz egiteak.

Ohartu zaitezte bere ispiluen zorroztasunaz; nola, anker, azpimarratzen dizkiguten zimurrak eta betzuloak, nola tindatzen gaituzten adinaren hauts koloreaz.

Ea, ba, irakurle maiteok, Igogailuan irakurtzeko ipuin hauek trantze latz horretan lagunduko dizueten.

Goazen harira…

Itsu-Itsuan

Egunkaria izan da ikusi egin dudan lehenengoa.

Me reconocerás porque llevaré el diario -halaxe esan dit Interneten ezagutu izan dudan gizonak. Gustatu zait berripaperari, periodikoari deitzeko era ezohiko hori eta -Yo también -erantzun, tekleatu nion, lehenengo akordio horrek ilusionaturik, amets eginarazita.

Dagoeneko bata bestearen aurrean eserita gaude kafetegian. Berak bere ebakiaren ondoan ‘La Razón’ jarrita dauka; nik nire menta poleoaren alboan ‘El País’.

En fin