KRESALA ZINEKLUBAKO UDAKO SAIOAK: ZINEMA COVID 19 PANDEMIAREN OSTEAN

Uda honetan, Kresala Zineklubak lehenengo aldiz udako aire libreko saioak antolatu ditugu Kutxa fundazioarekin batera Kutxa Kultur Gauak programaren barruan. Saio hauen helburua bikoitza da: alde batetik, Covid19 pandemiaren ondoren ezarritako “normaltasun berriari” beldurra kentzea, askok erreparoak izan bait ditzakegu zine areto itxietan sartzeko, horregatik zinea kalera atera nahi izan dugu, ingurune paregabe batean eginez, Tabakalera eraikineko 4. pisuko zabaltzan.Era berean egun hauetan bizi dugun egoerak zinemagintzan eduki dituen ondorioei buruz gogoeta egitea, bai ekonomikoak baita zinema kontsumitzeko moduetan ere.

Beste helburu nagusia kalitatezko zinemaz gozatzea da, horregatik 3 saioetan zinemagintzako historian garrantzitsuak izan diren filma ikusi ahal izango ditugu, azkeneko egunean Donostian oraindik ikusi ez den Shane Carruth zuzendariaren Upstream Color filmaizango dugu.

Kresala zineklubeko Instagram kanalean azaldu genuen bezala saioak, uztailaren 6, 13 eta 20an izango dira. Saioek ondorengo egitura izango dute, arratsaldeko 20:30tan hasiko gara, terrazak eskaintzen digun giro lasai eta atsegina aprobetxatuz, zeozer hartzen dugun bitartean covid 19-aren ondorioak aztertuko ditugu mahai inguruen bidez. Egun bakoitzean ikuspuntu desberdin batetik jorratuko dugu gaia profesional eta aditu desberdinen eskutik. Iluntzean, 21:30ak aldera pelikularen proiekzioari ekingo diogu eta hau amaitzean zineklub saio guztietan bezala pelikulari buruzko solasaldia izango dugu.

Hilaren 6an, Covid19k industrian izan dituen ondorioei buruzko mahai-inguruarekin hasiko gara. Horretarako euskal zinemagintzako partaideak gonbidatu ditugu, beraiekin profesionalki eduki dituzten erronka eta gora berei buruz hitz egingo dugu. Zineuskadiko Jara Ayúcarrek euskal zine industriaren argazki orokorra ekarriko digu, Esther CaberokKimuak programan izan dituzten gorabeherak eta Ekain Albite zuzendariak, bere bizipen pertsonalak, “Haizearen egia” filma estreinatzekoa zuen martxoaren 27-an eta atzeratu behar izan du. Ondoren Charles Chaplinen A King in New York (1953) filma proiektatuko da, bere iritzi politikoengatik Estatu Batuetatik kanporatua izan ondoren egin zuen lehen filma.

13an, Kritikariak eta konfinamendua izango ditugu hizpide. El Contraplano-tik Iñaki Ortizek, Ricardo Fernandezek eta Sandra Rozas etorriko dira, eta Nacho Rodriguezekin batera zinemak historian zehar izan dituen krisi desberdinei buruz hitz egingo digute, eta Hollywood-eko industriak nola egin dien aurre. Era berean pandemiak eta itxialdiak zinema ikusteko modua eraldatu duen ere aztertuko dugu. Saio honetako filma Hollywood-en iraultza ekarri zuen Steven Soderberghen lehen filma luzeaz gozatzeko aukera izango dugu: Sex, Lies and Videotape (1989).

20an udako saio hauekin amaitzeko zine aretoetara buelta nola izaten ari den aztertuko dugu, horretarako hiriko zine programatzaile desberdinak izango ditugu gure artean, Gipuzkoako zine erakusle handiena den SADE-ko zinema sailaren buru eta EZAE-ko idazkari den Iñaki Elorza, antolatzen duten saio bakoitza zinema festa bat bihurtzen duen Bang zinemako Alfonso Lopez eta Donostia zinemaldiko zuzendariordea Maialen Beloki. Azken proiekziorako inor ez hotz-ez bero utziko ez duen filma, Donostian estreinatu gabeko Shane Carruthen Upstream Color (2013) filma izango dugu, ziur gaude egun horretako kolokioak zer esan asko emango duela.

Udako saio hauek elkartrukerako eta komunikaziorako espazio gisa planteatu nahi genituzke. Horregatik Kutxa Kultur gauek eskaintzen diguten espazioa aprobetxatu nahi dugu. Sarrerak 3€ balio dute eta Kutxabanken sarrera salmenta sisteman daude eskuragarri. Sarrera kopurua mugatua da osasun neurriengatik, horregatik lehen bait lehen egitea gomendatzen dugu.

https://labur.eus/KZ_uztailak6

https://labur.eus/KZ_uztailak13

https://labur.eus/KZ_uztailak20