UDABERRIKO NOBEDADE LITERARIOA: “OROIMINEZKO IGANDEAK”, Dakit argitaldaria, 2020

Duela bost urte ene maiteak utzi ninduenetik, euri asko egin du eta eguzkia zenbait zirrikituetatik atera da irribarretsu batzuetan. Bost urte hauetan ene maitearekin hiru seme-alaba ukan nitzakeen, baina hiru liburu argitaratu ditut: MUXUAK poema-liburua, PEPITO, BIZIMINAREN ETA MAITEMINAREN TXINPARTA aita zenaren biografia literarioa eta honako hau, OROIMINEZKO IGANDEAK eleberria, kaxoian ia etsia harturik zegoena.

1996ko udazkenean joan nintzen Alemaniara eskolarteko truke bat probestuz, Irungo La Sallen REM batxilergo-ikasketak amaitu eta selektibitatea egin ondoren, aipatu La Salle eskolak ikasturte oso bat Gifhorn hirian egiteko aukera eman baitzidan.

Han hasi nintzen 19 urtekin idazten nire egunerokoa, eta oharretan hartu nituen hango nire eta besteen bizipenak eta irakurritako literatura. 1996tik 1997ra bitartean han egon nintzen eta itzultzerakoan unibertsitatean hasi nintzen ikasten euskal filologia, hizkuntzek eta literaturak erakarririk. Nire benetako bokazioa, baina, kazetaritza zen.

Hala ere, nire pasioa eta grina idaztea zen, eta Alemanian idatzitako egunerokoa eta ohar-blokak hartuta, eleberri baterako gaia josten hasi nintzen hitzekin. Autobiografia dirudien arren, ez da… ni ez bainaiz Kattalin, liburuko gazte protagonista, baina niretik ere pixka bat badu, nik bizitutako apurra eta ikusitako asko baitaude eleberri honetan.

2007an aurkeztu nuen eleberri honetarako ideia eta lagin bat IGARTZA BEKETARAKO, baina ez zidaten eman; eta beraz, nire kabuz idazten segitu nuen nire eleberria eta bekarik gabe bukatu nuen esku artean duzun lan hau. 2015ean digitalki argitaratu zidaten eleberri osoa www.entreescritores.com web orrian, errelato erromantiko eta pertsonen arteko harremanen atalean haur eta gazte literatura genero literarioaren barruan.

Kontakizunean hiru pertsona elkarrekin gurutzatuko dira: lehenengo pertsonan protagonistaren pentsamenduak eta idatziak, tarteka hitanozko bigarren pertsonan protagonistaren barneko ahotsa eta igandero gertatzen dena kontatuz hirugarren pertsonan narratzailea (elkarrizketak ere bai tarteka). Ez da eguneroko bat, eguneroko baten itxura izango du, baina igandero soilik idazten du Kattalin protagonistak berak bizitutakoa eta sentitutakoa; igandero azaltzen du narratzaileak edo idazle honek Kattalini gertatutakoak hirugarren pertsonan.

1996ko udazkenean hasi zen Kattalin euskal filologia ikasten Gasteizen, eta bertan bizitzen jarri. Noizean behin, Irulegi bere herrira joaten zen, familiarekin eta lagunekin egotera. Horietako joan-etorriko batean, bere urtebetetzeagatik egun batzuk Irulegi herri baxenabartarrean pasa eta gero, Iruñetik Gasteizera bidean doan trenean dago Kattalin. Trena bat-batean geldituko da iluntzean. Badirudi matxuraren bat gertatu dela. Kolpe batez bidaia-poltsa gainera eroriko zaio Kattalini eta argiak itzaliko dira. Argiak berriro piztean, bidaia-poltsa eskuetan izanen du Kattalinek eta treneko matxura konpondu bitartean, poltsa irekitzen du. Bertan, igandero idazten duen egunerokoa ikusten du, eta igandea izaki, idazten hasten da. Orduan, bere barneko ahotsak hitz egiten dio eta azkenerako idazteari utzi eta hasieratik irakurtzen hasten da, oroitzapenak bata bestearen gibeletik datozkion bitartean.

Kattalin Landaburu da kontakizun honen protagonista, hemezortzi urteko Ipar Euskal Herriko gazte euskaldun bat da, eta beste sei neska gazterekin batera lehen aldiz aterako da herritik atzerrira, Alemaniara hain zuzen ere: urtebeterako alemanezko klaseak hartzera. Euskal Herritik kanpo bizituz sumatutako bakartasuna agerian dago eleberri poetiko honetan, eta bertan hizkuntzarekin dituen arazoek eta inkomunikazio egoerek bere bakarrizketetara bultzatuko dute Kattalin, eta horretaz gainera, igandero hutsik egin gabe Alemaniara joan aitzin lehengusuak oparitutako egunerokoan idatziko du. Istorioa aitzina joanen da barne-bakarrizketen, tartekako elkarrizketen eta iganderokoaren bidez, eta Kattalin pixkanaka aleman hizkuntzaz jabetuko da. Kantu leun baten moduan, erdia erabat ulertu gabe eta beste erdia irudikatuz Goetheren lau urtaroak deskubrituko ditu poema alemanetan, eta era berean Alemaniako bere lau urtaroak idatziko ditu euskarazko poemetan, gainera: Kattalinek alemaniarrak gehiago ezagutuko ditu, lagun berriak egin, eta horien artean lagun min bat ere bai, bere lehen amodioa. Amodiozko istorio bat gehiago da, baina beharbada zerbait gehiago dela ere sentituko duzu, auskalo!

Ebook edo liburu elektronikoa erosteko

https://www.kobo.com/es/es/ebook/oroiminezko-igandeak

eta laster aterako da paperean..