Aldirietan kokatu genuen geure burua duela hamar urte, espazio zehaztu gabe eta mugagabe batean, bazterrekoa eta erdigunekoa elkarren artean nahasteko asmotan. Arkitekturatik harago joango zen espazio bat sortu nahi izan genuen, diziplinen arteko mugak lausotu eta hibridazioaren gurutzaketaren alde egin. Hamarkada bat bete ondoren, aldirietan jarraitzen dugu, baina ingurua zein gu geu aldatu egin gara.
Zenbaki honek orduko asmo horiek berresten ditu: askotariko gai eta ikuspuntuak bildu ditugu, nagusiki iazko urtean jarrita arreta. 2019ko MUGAK eta Veneziako biurtekoak, EHUko arkitektura fakultatean aurkeztutako tesiak, Euskadi Literatur Saria, askotariko artikulu, kronika eta topaketak… Halaber, 2009ko hastapenak ere gogoan izan ditugu, 0. Zenbaki hartako artikulu bat ekarri dugu-eta. Iraganetik zer eta nola ekarri dugun, horrek osatu du ale hau; gaur-gaurkoz Aldiriren oraina den hau.
Eta, hala, Xabier Gantzarainek egindako itauna gogorarazi digu: “Noiz ematen da iraganetik historiarako jauzia?”.