ZOLDA-BELAR HANDIA

Zolda-belar handia landarearen izen botanikoa Symphytum officinale da. Boragineceae familiakoa da. Izen herrikoi asko ditu: consuelda, consuelda mayor, oreja de asno, raíz negra, hierba de las cortaduras eta abar deitzen zaio. Lacoizquetak bere hiztegian (1888) zolda belarra deitzen dio; hau da, zauriak soldatzen dituen belarra.

Landarea oso antzinatik ezaguna da. Dioscoridesek (I. mendea) sendabelarraren eta horren eragin sendatzailearen aipamena egiten du. Sustraiak hanturak tratatzeko erabiltzen dira. Dioscoridesek gainera esaten zuen ebakitako haragi baten bi puskak berriro lotzen zirela zolda-belarrarekin egosten zirenean. Horrela zioen: “bere sustraiek, txaplata moduan jarrita, zauri freskoak soldatzen dituzte”.

Symphytum izena grezierazko “symphiton” hitzetik dator. Landare horren zurtoina eta hostoak nola batzen diren ikusita, elkar inguratzen alegia (dekurrenteak), uste zen hausturak soldatzeko balioko zuela. Hortik izen grekoa.

Landarea jatorriz Europakoa eta Mendebaldeko Asiakoa da. Europa osoan dago. Hezeguneetan, erreken ertzetan eta belardietan hazten da. Munduko hainbat herrialdetan bertakotu da.

Tradizionalki, zolda belarraren sustraiak zaintiratuak, artikulazioen hanturak, giharretako lesioak, hausturak eta abar tratatzeko erabiltzen dira, baita arazo dermikoak ere, hala nola erlakiztenak, psoriasia eta abar, emoliente eta orbaintzaile gisa.

Landare belarkara da, iraunkorra, 60 zentimetroko altuera har dezake, ilaunduna, errizoma fusiformea, zurtoin tenteak, sinpleak edo adar gutxikoak, hegodunak. Beheko hostoak peziolo luzekoak dira, linboa obalatu-lantzeolatua da. Hosto kaulinarrak eseriak, dekurrenteak, goiko aldekoak txikiagoak. Infloreszentzia adarkatua, zimaz osaturiko panikula itxurakoak. Loreen kaliza oso zatituta, korola morea edo arrosa tonu zurixkekin. Fruitua tetraeskizokarpoa, beltza, distiratsua eta leuna. Belardietan, ibaiertzetan hazten da, gehienetan substratu azidoan.

Badago familia bereko beste espezie bat, horren antz handia duena: Symphytum tuberosum. Espezie honi ere hainbat modutan deitzen zaio: zolda-belar txikia, consuelda menor, zerri-patata, zain-belarra, zolda-belarra, kolpe-belarra etab. Espezie horren errizoma herrestaria da, eta korola horia du. Hostogalkorretako basoetan, lur sakon eta hezeetan bizi da.

Sendagitzan sustraiak erabiltzen dira. Alemaniako E Batzordeak (sendabelarren protokoloak eta gida terapeutikoa) dio sustraiez gain landarearen aireko zatiak eta hostoek ere eragin terapeutikoa dutela. Sustraiek muzilagoak (%29), alantoina (%0,6-4,7) eta azido fenolikoak (azido rosmarinikoa batez ere, %0,2) dituzte, baita alkaloide pirrolizidinikoak (%0,05-0,08) ere.

ESCOP-ek (Europako Fitoterapiaren Kooperatiba Zientifikoa) zolda-belarraren prestakinak kanpo erabileran (bide topikoan) aholkatzen ditu zaintiratuak, zafardak, distentsioak, osteoartritisa, espondilitisa eta periartritisa tratatzeko.

EMA-k (Medikamentuaren Europako Agentziak) onartzen du sustraiaren prestakinen erabilera bide topikoan zaintiratuak eta zafardak tratatzeko.

Alemaniako E Batzordeak goian esandako gaitzen tratamendurako sustraien eta hostoen erabilera onartzen du.

Sustraiek, errizomek eta hostoek dituzten azido rosmarinikoak, muzilagoek eta alantoinak eragin hanturakontrakoa eta orbaintzailea dituzte. Bide topikoan erabiltzen dira, egoera onean dagoen larruazalean.

Bide topikora mugatu behar da, eta denbora mugatu baterako. Izan ere, ahotik hartzea arriskutsua da alkaloide pirrolizidiniko hepatotoxikoak dituelako.

Herri medikuntzan, Euskal Herrian, luz azpiko zatiak dira erabilienak. Ukendua olioarekin, argizari birjinarekin eta landarearen errizoma eta sustrai fresko eta xehatuarekin egiten da. Ukendua orno eta hezur hautsiak edo higatuak tratatzeko gomendatzen da, baita zauriak, zaintiratuak, bihurdurak, erreuma eta artritisa ere.

Halaber, gaitz horiek tratatzeko kataplasmak prestatzen dira sustrai txikituekin, freskoak edo egosiak. Era berean, landarearen aireko zatiarekin txaplatak prestatzen dira, urean egosiak. Mindutako lekuan jartzen dira. Zenbaitetan, prestakinei beste landareren bat gaineratzen zaie, hala nola, garraiskaren edo errudaren aireko zatiak.

Era berean, herriren batean edo bestean, erreuma sendatzeko ahotik hartzen da. Horrela prestatzen da: sustraiak eta lurpeko zurtoin freskoak alkoholean beratzen dira aste batzuetan. Ondoren iragazi, eta 10 tantatan hartzen da, egunean 3 aldiz. Baina, jadanik esan dugu ahotik hobe dela ez hartzea dituen alkaloide pirrozilidinikoak hepatotoxikoak direlako.

Pello Iturria Sarasibar

ERREFERENTZIAK

Akerreta S, Calvo MI, Cavero RY. 2013. Sabiduría popular y plantas curativas. Ediciones i

Carretero ME, Ortega T. Raíz de Consuelda Mayor. Panorama actual del medicamento. 2016, vol. 40, Número 398.

García Bona L M. 1999. Navarra. Plantas medicinales. Caja de Ahorros de Navarra.

Lacoizqueta JM. Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. 1994. Gil Bera E, Gobierno de Navarra. Edición facsímil de la de 1888.

www.fitoterapia.net/consuelda